euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

A gripeagatik atzeratu ondoren, La Platako Euskal Etxeak joan den asteburuan ospatu zuen San Fermin

2009/09/09

Jose Orbaiceta Orbaicetak San Fermin festa udal intereseko jai bezala onartzen duen testua irakurtzen du Javier Clua Euskal Etxeko lehendakaria eta Pablo Bruera, udal intendentea, aurrean dituela
Jose Orbaiceta Orbaicetak San Fermin festa udal intereseko jai bezala onartzen duen testua irakurtzen du Javier Clua Euskal Etxeko lehendakaria eta Pablo Bruera, udal intendentea, aurrean dituela

PUBLIZITATEA

A gripea dela eta uztailean bertan behera utzi behar izan ondoren, La Platako Euzko Etxeak San Fermin festa ospatu zuen joan den asteburuan, Euskal Etxeko bazkide, lagun eta udal agintariak partaide. Egitarauko parte, Graciano Mendilaharzu margolariaren inguruko hitzaldia eman zen, omenaldia eskaini zitzaion Gernikako Arbolari eta beste zenbait ekitaldi burutu ziren. Iruñeko ohiturari jarraiki txupinazoak eman zien hasiera ofiziala asteburuko San Fermin jaiei.

La Plata, Argentina. Fundatu zuteneko 65. urteurrena betetzen ari den urte honetan, La Platako Euzko Etxeak joan den asteburuan ekin zion azkenik, A gripearen ondorioz uztailean bertan behera utzi behar izan zituen urteroko San Fermin festak. 

Larunbatean, irailaren 5ean, hasi zituen ekitaldiok. Horietan lehena, Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioko Jorge Beramendik eskainitako Graciano Mendilaharzu margolari argentinarrari buruzko hitzaldia izan zen.

2009 La Platako San Fermin 02

[La Platako EEko lehendakaria, Javier Clua, joan den asteburuan ohorezko bazkide izendatutakoekin: Gustavo Aspiazu arkitektoa, Carlos Bonicatto doktorea eta Raul Rivara ingeniaria]

Igandean, berriz, mezarekin hasi zen eguna, Euskal Etxeko hildako kideen omenez Guadalupeko Ama elizan. Jarraian, Moreno plazan dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren inguruan bildu ziren euskal etxeko kideak eta bertan, egunari zegozkion hitzak entzun ondoren, Gernikako Arbola abestu zuten aho batez, eta euskal dantzak egin ziren Katedralaren aurrean.

Ordubatean hitzordua Euzko Etxera aldatu zen eta bertan, Iruñean bezala, euskal etxeko Marutxa Zarranz alkateak Txupinazoa bota zuen festari hasiera emanez. Euskal Etxean egin zen bazkari jendetsuan, hiriko zenbait autoritate izan ziren partaide, tartean Pablo Bruera, hiriko intendente edo alkatea; Mauricio Castro, hiriko Gizatalde zuzendaria; Guillermo Berlin, Erakunde zuzendaria; eta Horacio Alfaro, Kirol eta  Kultura arloko erakundeen Federazioko lehendakaria, besteak beste.

2009 La Platako San Fermin 03

[Euskal dantzak joan den asteburuan La Platako Moreno Plazan, San Fermineko festak kari]

Egun berezi honetan, euskal etxeak Carlos Bonicatto, diputatu probintziala; Gustavo Aspiazu, La Platako Unibertsitate Nazionaleko zuzendaria; eta Raul Rivara, Buenos Aires probintziako laborantza ministro ohia eta egin diputatu hautetsia dena ohorezko bazkide izendatu zituen.

San Fermin festan ez ziren falta izan euskal dantza eta musika. Euskal etxeko abesbatzak emanaldia eskaini zuen eta euskal dantza taldeko kideek erakustaldia egin zuten. Garai bateko argazkiak ikusgai izan ziren. Etxeko txiki eta handiei txokolatada prestatu zitzaien eta txokolatearekin batera, euskal elkarteko etxekoandreek egindako tartak dastatu ahal izan ziren. Iruñeko San Ferminetatik denboran urrun izan bada ere, La Platan ozen entzun ahal izan zen igandean Gora San Fermin!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia