euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

ACE Okzitaniako Ostana sarietan izan da, iaz garaile izan zen Harkaitz Canoren liburuaren aurkezpenean

2012/06/06

Artxiboko irudian, Harkaitz Cano idazlea (zutik mikrofonodunaren ondoan) 2011ko Ostana Saria jasotzen
Artxiboko irudian, Harkaitz Cano idazlea (zutik mikrofonodunaren ondoan) 2011ko Ostana Saria jasotzen

PUBLIZITATEA

Iragan larunbat eta igandean Erromako Associazione Culturale Euskara eta Upter unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Saila Ostana Sarien hirugarren edizioan izan dira. Okzitaniako Chambra d'Oc elkarteak antolatzen ditu sari hauek eta urtero Europako hizkuntza gutxituetan idatziriko lan bat nabarmentzen dute. Aurten iazko saria irabazi zuen Harkaitz Canoren "Belarraren ahoa" (Filo d'erba) liburuaren okzitanierazko bertsioa aurkeztu dute eta ACEk bertan egon nahi izan du.

Erroma, Italia. Iragan ekainaren 2an "Filo d'erba" liburua aurkeztu da Ostana hiri okzitaniarrean, Harkaitz Cano gipuzkoarraren "Belarraren ahoa" eleberriaren okzitanierazko itzulpena. Lan honek 2011ko Ostana Saria jaso zuen. Chambra d'Oc okzitaniar kultur elkarteak ematen du sari hau, europar hizkuntza gutxituetan idatziriko lanak aintzat hartuz. 

Liburua euskaratik itzuli dute zuzenean Roberta Gozzi eta Maria Teresa Atorin itzultzaileek eta Chambra d'Oc elkarteak berak argitaratu du. Aurkezpen ekitaldian parte hartu nahi izan zuten Associazione Culturale Euskara elkarteak eta Upter unibertsitateko Dipartimento di Lingua e Cultura Basca sailak, literaturarekin eta euskara eta okzitanierarekin zuzeneko harremana duen ekimen honi babesa emanez.

Urtero legez, sari banaketa ekitaldiarekin batera bi eguneko literatura egitarau mardula izan da Ostanan eta Europako hizkuntza gutxituen egoerari buruzko hitzaldiak eta mahainguruak egin dira, besteak beste.

Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) Euskadiko Literatura Saria irabazi zuen 2005ean "Belarraren Ahoa" eleberriarekin. Lanak balizko abiapuntu deigarria du: Hitler-ek ez zuen bere burua hil Berlinen; alderantziz, Europa osoa mendean hartu ondoren Ameriketarako bidean jarriko da, New York-en kontinente osoaren konkista hasteko.

Cano euskal idazle sonatuenetakoa da eta, gaztea izanagatik, Euskal Herrian zein nazioartean ibilbide oparo egin du jada. 2010ean Erroman izan zen, ACEk eta Upter-eko Euskara sailak gonbidatuta, Settimana Basca edo euskal kultur astean parte hartzeko. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia