euskal diaspora eta kultura
2016/10/10
Iraganetik zuzenean heldu zaizkigun gerraren testigantzak dira "Maitia nun zira?" dokumentalak jaso dituen grabazioak. Lehen Mundu Gerran Alemanian preso hartu zituzten euskal soldaduei grabazioak egin zizkieten eta bertan haiek familiari mezuak eta gutunak irakurri zituzten. Grabazio horiek Berlingo Etnografia Museoaren bitartez atera ziren argitara, eta orain Mondragon Unibertsitateko bi ikaslek dokumental bat egin dute horiekin.
2016/10/10
Antolatzaileek gonbidaturik euskal musika koralari buruzko tailer bat eman zuen Javi Busto musikagile hondarribitarrak Puerto Madryngo (Patagonia) ‘Madryn Canto’ jaialdian. Inaugurazioan, eta artistari ongi etorria emanez, ohorezko aurreskua dantzatu zion hiriko Etorritakoengatik Euskal Etxeko dantzari batek. Argentinako egonaldian Buenos Airesko Lagun Onak abesbatzarekin ere elkartu da konpositorea eta opari bat ere eman dio abesbatzari, Argentinara egindako hirugarren bidaia honetan: 'Urrundiko usoa' pieza.
2016/10/10
400 pertsonatik gora bildu zituen igandeko bazkarira. Programa oparo baino oparoagoa eskaini zieten Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko kideek Macachinera bertaratu ziren lagunei. Bi egunetan zehar, Mus Txapelketa, herri kirolak, dantzak eta omenaldiak burutu ziren Euzko Alkartasunaren I. Euskal Asteburuan. Jaia erabat arrakastatsua izan zen eta antolatzaileek ez dute baztertzen uertero antolatu eta Argentinako euskal diasporaren egutegian ezartzeko ideia.
2016/10/07
Larunbat honetan, urriaren 8an, jarduerak pilatu egingo dira Euzko Etxean: batetik, Gayaldi jaialdiaren laugarren edizioa ospatuko dute, 'aniztasuna arlo guztietan' aldarrikatuz; bestetik, aurten Arrasateko Maritxu Kajoi jaia ekarriko dute Sagar Handira. Jai nahiko berria da Maritxu Kajoi, 1977an hasi baitzen ospatzen eta, partehartzaileak dotore eta serio janzten badira ere, izpiritu oso alai eta lotsagabe xamarra du.
2016/10/07
Igandean hasiko da Donostian Euskal Gizataldeen arteko 39. Mundu Txapelketa. Parte hartzaileak bihar hasiko dira heltzen euren herrialdeetatik Donostiara eta igande arratsaldez abiatuko dira lehenengo bi saioak Kursaal Kasinoko aretoetan. Datozen egunetan, muslariek eta eurekin datozenek aukera izango dute Donostian, Zarautzen eta Tolosan egingo diren partidetan jarduteko, baita Donostia inguruko beste zenbait leku bisitatzeko ere.
2016/10/07
Laprida izan da aurten Argentinan bertako Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza eta Laprida bertakoak izan ziren irabazle. Macachingo bikoteari finala irabazi ondoren, Alejandro Eyherabide eta Eduardo Martin lapridatar bikoteak bereganatu zuen txapela eta ateburu honetan hasi eta urriaren 16ra bitartean Donostian jokatuko den Euskal Gizataldeen 2016ko Munduko Mus Txapelketan Argentina ordezkatuko dute.
2016/10/06
Venezuelako euskaldunen ondorengoak arrakastaz arrakasta dabiltza azkenaldian. Aurrekoan geurera ekarri genuan Ricardo Arambarri kazetaria, irabazi berri duen Emmy sariaren karira; orain, Asier Cazalis musikaria aipatu nahi dugu, izan ere, 2016 Grammy Latino sarietarako hautagai da, Caramelos de Cianuro rock taldearekin. Azaroaren 17an emango dira sariak, Las Vegas-en.
2016/10/06
Asteburu osoko topaketa antolatu zuen FIVU Uruguaiko Euskal Etxeen federazioak, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea eta Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeak lagun. Hiru egunetan zehar, eta Euskal Herriko inauterien gaia abiapuntu hartuta, dantza eta euskara tailerrak, jolasak, suak eta beste hainbat ekintzekin gozatu zuten bildutako txiki eta gazteek.
2016/10/06
Hirugarrenez egingo dira, datorren larunbatean Baionan, Euskal Herriko eta inguruko genealogiazale eta tokiko historiazaleak bildu eta elkarretaratzeko asmoa duen topaketa hau. Iruñean egoitza duen Antzinako elkartea (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa eremu) eta GHFPBAM (Généalogie et Histoire des familles Pays Basque/Adour Maritime) elkartea antolatzaile, ekimena goizeko 9:30etatik arratsaldeko 6:30ak arte garatuko da. Diasporak ere presentzia izango du stand-etan eta erakusketa batean.
2016/10/05
Kepa Junkera trikitilariak ikuskizun berria taularatuko du bihar, "Mar de Fuelles" izenpean, Chango Spasiuk soinujolearekin batera. Ikuskizunak euskal trikitia eta Argentinako chamamé musika uztartuko ditu. Bihar Manresan izango dira, gero Madrilen eta Bartzelonan. Bestalde, Junkeraren produkzio taldeak EuskalKultura.com-i adierazi dio musikariak azaroan Argentinan egin behar zuen bira atzeratu egingo dela agenda arazoengatik. Data berriak jakin bezain pronto, aditzera emango ditugu, Junkerarekin kontaktatu nahi duten euskal etxeak jakinaren gainean egon daitezen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus