euskal diaspora eta kultura
2016/10/24
Argentinako euskaldunen artean, nork ez du ezagutzen Rocio Basterra viedmatarra, euskalduna eta euskara irakaslea, bere lana, etengabeko euskal engaiamendua eta egiten dituen gauzei ipintzen dien entusiasmo kutsakorra? Euskal Herrikoen artean, bat baino gehiagok gogoan izango du bere beharra ETBko aurkezle gisa "Yes, we jai" saioan, bere agerpena "Mihiluze"n eta euskal argentinar peto gisa, engaiaturik euskara eta euskal kulturarekin egin dituen hamaika partaidetzak. Orain ere, kameren aurrean ipini da Oier Plazak deiturik eta huntaz eta hartaz erantzun du Bahia Blancako La Nueva egunkarikoek egin dioten elkarrizketan.
2016/10/24
Ángel D´Elia Institutuko Kultur Zuzendaritzak eskaturik, Gernikako bonbardaketari buruzko gogoetaldi bat antolatu zuen Buenos Aires probintzia argentinarreko San Miguel herriko Askatasunaren Bidea euskal elkarteak, nerabe eta helduei begira. Tailer gisa eratutako ekitaldia bukatzean, gaiarekin lotura zuten artelanak sortu zituzten partaideek.
2016/10/21
Festa handia izan da iragan asteburuan Pariseko Eskual Etxean, elkarteak bere 60. urteurrena ospatzen zuela-eta. Larunbatean, rock kontzertu gaualdi batekin hasi ziren ekitaldiak. Igandean, aldiz, 150 lagundik gora bildu ziren euskal etxera, Hondarribiko Gran Sol jatetxeko Bixente Muñoz sukaldariak prestaturiko bazkariaz gozatzera.
2016/10/21
Epea azaroaren 1ean bukatuko da. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa irakasle laguntzaile baten bila dabil. Hautagaiek doktore maila behar dute izan, euren esparrua gizarte zientziak, bereziki antropologia ekonomikoa edo historia ekonomikoa izanik, fokua Euskal Herrian eta bertako kooperatibetan; edo, bigarren gai lehenetsia, Zientzia Politikoetan, genero ikasketetan. 2017ko abuztuaren 1ean hasteko da.
2016/10/21
Bi pelikula proiektatuko dira hilabete honetan Mendozako Udaleko Mikrozinean Denak Bat Euskal Etxearen eskutik: larunbat honetan, Miguel Courtois-en ‘El lobo’ eta hurrengoan, Manuel Gutierrez Aragonen ‘Todos estamos invitados’. Gonbite honekin batera, urriaren 30ean bere Ohiko Batzar Orokorra izango duen erakundeak bere azken ekintzen berri helarazi digu.
2016/10/20
1972an Andeetan istripua izan zuen hegazkin famatu hartan zihoan Eduardo Strauss Urioste uruguaiarra, orduan 25 urteko errugbi jokalaria zena. Hegaldian zihoazten 45 lagunetik 16 bakarrik atera ziren bizirik elurrezko infernu hartatik, 72 egun latz igaro ostean, -25 eta -40 graduko tenperaturarekin. Biziraupen istoria gogor hau kontatuko du Strauss Uriostek, "Origen" taldeko adituekin batera bere euskal sustraiak bilatzen dituen bitartean. 22.30tan ETB-2n.
2016/10/20
Berlingo Euskal Etxeak antolatuta, Euskal Herria eta euskal historia ardatz dituzten bi ekitaldi egingo dira Alemanian egunotan. Hasteko gaur bertan, Euskal Gaua egingo da Bremengo Institut Français erakundean, Iparraldeko Euskal Herriari buruz ARTE kateak eginiko dokumental batekin eta Berlingo Euskal Etxearen hitzaldi batekin. Larunbatean, aldiz, Berlinen aurkeztuko da "Hurrengo geltokia", Legorreta herri gipuzkoarraren memoria historikoari begirada. Zuzendaria eta dokumentalean parte hartu duten zenbait herritar aurkezpenean izango dira.
2016/10/20
Geldialdi askotako bira egiten ari da egun hauetan Patxi Perez euskal dantza irakaslea Argentinan zehar. Ibilaldiak Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean hasi eta Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxean jarraitu du; bietan bi eguneko tailerrak eskaini zizkien erakundeetako kide eta dantzariei. Programarekin jarraituz, Misiones probintziako Corpus Christi herrira iritsiko da bihar eta han, herriko lagunak ez ezik, Posadaseko dantzariak ere bilduko zaizkio.
2016/10/20
Jarduera ugariko egitaraua ari da antolatzen Tandilgo Gure Etxea datozen asteetarako. Urte amaierari begirako azken txanpa honetako datorren larunbat honetan hasiko dira Pintxo Gau-Euskal Afari batekin; azaroan, Euskal Herritik etorritako Euskal Argentina elkarteko ordezkaritza bat jasoko du eta azaroan bertan Euskal Astera joango dira Etxeko kideak, urtero bezala. 2016a bukatzeko, erakundearen urtebetetzea eta Euskararen Eguna ospatuko dituzte tandildarrek erromeria batekin.
2016/10/19
Madril Europako euskal etxeen topagune izango da asteburu honetan, bertan egingo baita euskal etxeetako euskara irakasleen urteroko bilkura. Aurreko edizioetan bezala, hogei bat irakasle bilduko dira ostiral eta larunbatean egingo diren bilera eta jardueratara. Bilera honen helburua zera da, ikasturte hasiera honetan esperientziak trukatzea, HABErekin eta beste irakasleekin irakaskuntza arloko zalantzak argitzea eta proiektu berriak lantzea.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus