euskal diaspora eta kultura
2016/11/04
Geldialdi askotako bira ari da egiten Patxi Perez Iparraldeko dantza-maisua Argentinan. Bere musikariak bildu berriak zaizkio Euskal Herritik, "Patxi Perez eta konpainia" taldea osatuz, eta formato horrekin arituko da ostegunean Necochean, 2016ko Euskal Aste Nazionalaren inguruko ekitaldietan. Birak Buenos Aires, Llavallol, Tres Arroyos eta, geroago, Bariloche ere baitaratzen ditu. Hasiera berezia, baina, Corpus Christin izan zuen, tailerrak, Eusko Etxean, eta elkartasuna tartekatuz Mbya-guaraní komunitateekin.
2016/11/03
Etxepare Euskal Institutuak azaroaren 22an inauguratuko du Habanako Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurletza berria. Irakurle postua Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak beteko du. Sarrionandiak ezkutuan eman ditu azken 31 urteak, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuenez geroztik. Denbora honetan literatura karrera aberatsa eraiki du, obra ugari idazten eta argitaratzen, zenbait sari ere bereganatuz, tartean 2011an Euskadi Literatura Saria.
2016/11/03
Ez dago euskal etxerik Pinamarren. Baina apirilean bertan hasitako Euskal Zine Zikloak gero eta jende gehiago biltzen du. 50 lagun bertaratu ziren azken emanaldian Manuel Belgrano Herri Liburutegira Carlos Gabilondok hautatutako filmak ikustera. “Kopuru polita da, batez ere pentsatzen badugu Pinamarren ez dagoela ekintza bultzatzen duen euskal elkarterik” adierazi dio Gabilondok EuskalKultura.com-i. 2016ko zikloari amaiera emateko beste lau emanaldi egingo dira: azaroaren 18 eta 19an eta 25 eta 26an.
2016/11/03
Komunitateari begirako bere lehenengo topaketa egin du joan den igandean duela bi hilabete eskas Neuquen-en sortutako ‘Baskos de la confluencia’ elkarteak. Deialdia arrakastatsua izan zen eta 50 bat lagun elkartu ziren euskal etxearen behinbehineko egoitzara, tartean San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ko lehendakari Manuel Bustingorry. Elkarte berriko kideak poz-pozik daude lehenengo aktibitate honekin eta gogoz ekin diote hurrengo ekimenak prestatzeari.
2016/11/02
Mallorcako Artea Euskal Etxeak Euskal Herriko musika ekarri zuen Mediterraneoko uhartera iragan urriaren 14 eta 15ean, "Trobada de Musiques del Nord" izeneko festan. Ekitaldi hau antolatzen duten bigarren urtea da, eta iaz bezala, Bizkaiko Dangiliske taldea izan zuten gonbidatu nagusi, musika zelta eta galegoa egiten duten beste talde batzuekin batera. Larunbatean, 150 bat lagun jarri zituen dantzan euskal taldeak.
2016/11/02
Sukaldaritzari eskainitako asteburu oso bat bizi izan dute Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko lagunek Marita Echaveren eskutik. Ekintzen programaren baitan "Euskal baserrietako sukaldaritza" liburua aurkeztu eta tailer bat eman zuen sukaldari cordobatarrak. Chivilcoyko Euskal Etxearen baitan ari den ‘Amalur’ gastronomia taldea, berriz, asteburuko afariez arduratu zen.
2016/11/02
Urteroko bere jai nagusia ospatu du azken larunbat honetan Llavallol-go Euskal Echea Ikastetxeak, 2 eta 18 urte arteko milatik gora ikasle partaide. Jaiaren programak mota askotako ekintzak batu zituen, dantza eta kirol erakustaldiekin hasiz eta mikro-ekimenetako standen aurkezpenak ere tarteko. Independentzia Argentinarraren Bigarren Mendeurreneko urtean, baina, ekarpen berezi bat: ‘Cueca-Fandangoa’ izeneko koreografia estreinatu zuten Aitor Alavak zuzentzen dituen Euskal Echea-ko dantzariek.
2016/10/31
Gaur inauguratuko da Kuban Habanako XXXIV. Nazioarteko Azoka-FIHAV, eta bertan da euskal enpresen ordezkaritza bat, Karibeko uhartean negozio aukerak lantzeko prest. Ostirala arte luzatuko da azoka eta hainbat ekitaldi eta bileren artean, euskal ordezkariek Kubako Euskal Etxearekin hitzordua izango dute. Iragan astean, aldiz, Mexikon izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatua, bertan lanean ari diren euskal enpresekin biltzeko.
2016/10/31
Boiseko Nagore Goitiandia eta New Yorkeko Vasco Bilbao dira Bizkaitik kudeatzen den "Euskadi eta Amerika arteko Aliantzak Ezartzeko Lidergo Programa"ren lehenengo edizioko bigarren modalitateko bi parte-hartzaile estatubatuarrak. “Programa honek Bizkaia eta Amerikako Estatu Batuak/Kanada arteko errealitate enpresarial, zientifiko, teknologiko, instituzional eta kulturalari buruzko jakintzaren plataforma garatu nahi du”, Bizkaiatalenteko zuzendari gerente den Ivan Jimenezek baieztatu duenez.
2016/10/28
Bigarren urtez jarraian Izaskun Kortazar euskara irakaslea Brasilen da, bertako euskal etxeetan euskal kulturari buruzko zenbait hitzaldi emateko. Kortazar Sondikan jaioa da, Bizkaian, baina dozena bat urte daramatza Boisen eta irakasle da BSU unibertsitatean. Egunotan Sao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxean herri kirolei buruzko hitzaldia eman du, eta asteburuan Porto Alegren eta Pelotasen izango da Rio Grade do Sul-eko Euskal Etxearekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus