euskal diaspora eta kultura
2018/01/23
Ostiral honetan ekingo dio Berri Txarrak musika talde nafarrak "Infra Tour 2018" birari, Korea, Txina, Tailandia, Australia, Indonesia, Katalunia, Euskal Herria, Espainia, Irlanda, Ingalaterra, Eskozia eta beste herrialde batzuetan barrena. Bira, izan ere, ostiral honetan hasiko da, Koreako Busanen, bertako Someday aretoan, hortik aurrera abiada bizian segitzeko, gehienetan emanaldi bat egun bakoitzeko erritmo bizian.
2018/01/22
2013tik Frankfurteko "Johann Wolfgang Goethe Universität" Unibertsitatean burutzen den Eduardo Chillida Katedrak euskal arteari buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketak sustatzea du helburu, eta urtez-urte aditu jakin bat gonbidatzen du bertako ikasleei euskal kulturaren inguruko edukia eskaintzeko. Aurtengo programa abian da jada eta Tobias Vogt Arte Garaikidearen Historia eta Teoriako irakasle bisitaria izango dute bertan.
2018/01/22
Orotara 111 pertsonak jasoko dute laguntza, munduko 16 euskal etxe bitarteko, honako herrialdeetakoak: Argentina (15), Txile (19), Kuba (63), Erresuma Batua (1), Uruguai (1) eta Venezuela (12). "Atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonak laguntzeko" programa honek 202.000 euro banatu ditu 2017an. EHAA buletin ofizialak ostiralean eman zuen argitara Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren Ebazpena.
2018/01/19
San Sebastian egunaren bezpera da gaur. 24:00etatik aurrera festa lehertuko da Donostian eta Azpeitian (eta Tafallan eta Euskal Herriko beste zenbait lekuetan). Diasporan ere festak eta danborradek izango dute oihartzun burrunbatsua, eta soilik euskal etxe eta hiri batzuk aipatzearren, bat egingo dute festarekin Madrilen, Bartzelona, Murtzia, Necochea, New York, Buenos Aires, Londres, Shanghai, Caracas eta Parisen. Izpirituko parte izango dira baita ere Bahia Blancan, Cañuelasen... Gora Donostia!
2018/01/19
Geroago hasi ziren Azpeitian, baina urteen poderioz errotu eta bertakotu eta tradizio da gaur egun Gipuzkoako Azpeitian ere danborrada San Sebastian eguna ospatzeko. Donostian bezala, festa laburrak dira 24 ordutan akitzen baitira, baina herriak gogoz bizi eta sentitzen ditu. "Azpeitiko danborrada, belaunaldien topagune" artikulu hau Gipuzkoako Hitzan sinatzen du gaur Ane Olaizolak.
2018/01/02
EHAAk buletin ofizialak urtarrilaren 2an, asteartea, eman du argitara Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetan espezializatzeko atera duen 8 beka deialdia, Gasteiz, Brusela, Santiago eta Bogotarako. Bihar hasiko da beraz korritzen hilabeteko epea eskabideak aurkezteko. Bekek hamabi hilabete iraungo dute eta, batetik, Jaurlaritzaren bulego nagusietan, Lehendakaritzan, Gasteizen gauzatuko dira (4), eta, bestetik, Euskadiren honako Ordezkaritza eta bulegoetan: Brusela (2), Txileko Santiago (1) eta Bogotan (1).
2018/01/02
Antropologoa da Julieta Gaztañaga (Bahia Blanca, Argentina 1977). Familia aldetik ez zitzaion gauza handirik etorri bere euskal jatorriaz, nahiz eta abizenak arbaso euskaldunen jatorria salatzen zuen eta, beraz, beste hamaika kasutan bezala, izena bazuten, baina izana, edukia... bere kasa hasi zen ikasten, Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegian. Hortik ezagutu zuen Gure Esku Dago, eta egun mugimendu honi buruzko landa-lana ari da egiten martxora arte Euskal Herrian. Danele Sarriugartek egin dio elkarrizketa Argian.
2017/12/30
Urteko data berezietan gaude, opariak eta desioak eskatzeko garaian, tradizioen arabera Santa Claus, Aita Noel, San Nicolas, Hiru Errege Magoak edo Olentzero bezalako pertsonaiei desioak edo opariak eskatu eta hauek egia bihurtu daitezkeen tenorean. Halaxe egin du Estatu Batuetako Boisen, bertako egunkari nagusiko gastronomia kritikariak, AEBetan euskal komunitate handiena duen estatu-hiriburuan faltan botatzen duen zerbait eskatuz: euskal sukaldaritza garaikidea lantzen duen jatetxe bat.
2017/12/30
Anamarie (Sarratea) Lopategui eta bere senar Mikel ezagunak dira aspaldidanik Nevadako euskal munduan, bereziki musikari gisa, Anamariek soinua eta Mikelek panderoa jotzen baitu. Euskal komunitateko kide gisa daukaten ezagutza eta engaiamendua, baina, 'ogibide' bihurtu zuten duela urtebete inguru, 'Ogi' izeneko negozioa zabaldu baitzuten Elkon, Euskal Herri moldeko otartekoak zerbitzatuz, baita denborarekin pintxoak, sagardoa, pastelak eta beste hainbat janari-edari biltzen dituen menua, euskal eta amerikar osagaiduna. Elko Daily egunkariak, 2017ko hiriko 10 negozio azpimarragarrienen artean izendatu berri du euren 'Ogi Deli'.
2017/12/30
Iruñeko Ortzadar elkarteko lau dantzari eta txistulari bat izango dira tailerren arduradunak, otsailaren 3tik 10era, eta aktibo dauden Argentinako nafar etxe guztietako ordezkariek hartuko dute parte. 2018ko amaieran, berriz, Nafar Etxeen bilkura ari dira prestatzen eta posible bada, Uxue Barkos bera ere bertaratuta. Rosarioko Nafar Etxeko lehendakari Raul Osvaldo Amatriainek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “Nafarroako agintariekin bildu nintzenean euren babes kulturala eskatu eta paregabeko harrera ona izan nuen”.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus