euskal diaspora eta kultura
2018/02/16
Hiriko eta herrialde osoko kolektibitateak eta bestela ere izen handiko artistak batzen ditu urtero ‘Todo el Mundo en Alta Gracia (Mundu guztia Alta Gracian)’ jaialdiak Cordoba probintziako Alta Gracia hirian, aurten otsailaren 3tik 10era. Villa Mariako Euzko Etxeak hartu du aurten ere bere gain Euskal Herriko kultura erakusteko ardura eta dantza ikuskizun batekin egin du: Jai Alai taldeko dantzari txiki eta gazteek euskal dantzen pot-pourri alaia eskaini diete bertaratutakoei.
2018/02/15
San Frantziskoko Basque Cultural Center-en datorren asteburu honetako elkarretaratze eta festa baliatuz, bi bilera instituzional egingo dira datozen bi egunetan Euskal Etxearen egoitzan. Bihar ostirala, eta Eusko Jaurlaritzak deituta, Ipar Ameriketako Euskal Etxeetako ordezkarien eskualde bilera egingo da, bertara deituak daudelarik Mexiko, Kanada, Estatu Batuak eta Saint Pierre eta Miquelon-eko euskal etxeen ordezkariak. Biharamunean, berriz, NABO, Ipar Ameriketako Euskal Etxeen federazioak egingo du San Frantziskoko BCCen udaberriko bere bilkura.
2018/02/15
South San Frantziskon egoitza duen 'Basque Cultural Center' urtero otsailean ospatzen dituen festak ospatuko ditu datorren asteburuan. Karia horretara antolatutako programan parte hartuko dute besteak beste Xabier Soubelet pintoreak (EH), Begoña Echeverria idazleak (Kalifornia), Euskal Herri Hegoaldetik eta Uztaritzetik etorritako pilotariek, pilotari kaliforniar eta Mexikoko selekziokoek, Amerikanuak musika bandak... Eta, omenaldi berezia eskainiko zaie (NABOko Bizi Emankorra saria emanez) Valerie Etcharren Arrecheari; eta (San Frantziskoko Bizi Emankorra emanez), Mayte Oçafrain, Carmen Salaburu eta Mayie Sorhouet-i. AEB eta Ipar Ameriketako euskal etxeen bilerak ere egingo dira (ikus berezko ohar batean).
2018/02/14
Buenos Aireseko ‘Lekeitio Bodegón Vasco’ jatetxean joko du Zutarriak-ek otsailaren 26an, ikuskizun “akustiko eta intimo” batean. Emanaldi horrekin 2018ko errezitalen egitaraua irekita, taldea bere lehenengo lan diskografikoan arituko da lanean, udaberri aldera (Hego Ameriketan, neguan Euskal Herrian) kaleratzeko asmoz. Laukoteak gauzatu nahiko lukeen beste proiektuetako bat, Argentinako Euskal Aste Nazional batean jotzea da, euskal etxe guztiengana eta ahalik eta jende gehiagorengan iritsi ahal izateko
2018/02/13
Gaztelania ikasteko ‘Gramera Berria’ izeneko eskuliburua 1860. urtean argitaratu zuten Buenos Airesen, Cervantesen hizkuntza ez zekiten euskaldunei zuzenduta. Mende eta erdi geroago, berriro ere argitaratuko da balio handiko material hau, Montevideon, Euskal Erria argitaletxearen eskutik eta Alberto Angulo, Miren Itziar Enecoiz, Jon Ander Ramos eta Oscar Alvarez Gila adituen ardurapean.
2018/02/12
Nork ez du ezagutzen Kalifornian Mike Bidart abokatu euskalduna. Mikek eta bere emazte Jeanettek, euren bi seme-alabek eta baita bilobek ere gogoz segitzen dute euren guraso eta aurreko euskal-amerikar eta goi-behe nafartarrek utzitako bidea eta ohore egiten diote euren ondare euskaldunari. Alderdi profesionalean, abokatu gisa, Mikek eta bulegoan lankide duen Ricardo Echeverria abokatuak euren izen ona atxiki eta kolegen errekonozimendua jaso dute berriro ere, 2018ko "super abokatuen" zerrendan sartuta.
2018/02/12
Antolatzaileen eskuetatik kanpoko gaiak tarteko, Dantzarien Topaketaren data aldatu behar izan du Denak Bat Euskal Etxe antolatzaileak. Aberri Eguna ospatzeko elkarteak egin ohi duen dantzari-elkarretaratzea martxoaren 24an eta 25ean izango da aurten, eta ohi bezala, Argentina osoko euskal etxeei luzatzen zaie partaide izateko deia. Dantzari eta laguntzaileentzako voucherra 780 peso dira eta familien etxeetan geratzeko aukera ere --merkexeagoa-- eskainiko da. Erreserbak egiteko jo mesedez euskal etxearengana.
2018/02/09
San Martin de los Andes hiriaren 120. urteurreneko desfilean parte hartuz hasi du 2018. urtea bertako Euskal Txokoa euskal etxeak. Abiada hartzen hasita, eginkizun asko dauzka gogoan elkarteak, urtean zehar garatzeko. Aurrenetakoak dira ‘Patxagon’ etxeko patxaranaren 2018ko ekoizpena eta euskal dantza eskolak.
2018/02/09
2018ko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren egoitza izango den elkarte mardelplatatarrak elkarretaratzearen data jakinarazi du. Jaia urriaren 29tik azaroaren 4ra iragarri du. Bestalde, 2018 honi hasiera emateko, bere Jaialdiaren hirugarren edizioa ospatu du Denak Bat-ek, proposamen oparoz: danborrada, dantzak, kantak eta sukaldaritza, euskal etxearen egoitzan eta baita kalean ere. Jaialdiaren baitan, FEVAren bazkideen urteko lehenengo bilera ere egin da azken asteburu honetan.
2018/02/08
Otsailaren 8tik 18ra ZinemaldiaCat Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiak 13 urte beteko ditu Kataluniako publikoari euskal estreinaldiak eta saritutako lanak eskainiz. Catalunya Film Festivals-en parte den euskal ekimen honek Cinemes Girona aretoetan izango aurten ere egoitza Bartzelonako Euskal Etxea antolatzaile. Bederatzi lan izango ditu lehian sail ofizialak, tartean 'Errementari' eta Goya sarietan 10 garaikurrekin gailendutako 'Handia'; dokumentaletan ere, "publikoa harrituko duten lanak" iragarri dituzte antolatzaileek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus