euskal diaspora eta kultura
2018/02/26
Urtero bezala, Eguzkiaren Festan hartu du parte 2018 honetan ere San Juango Euskal Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean. Hala ere, eta ekimena arrakastatsua izan bada ere, giro goibela gailendu da bertako euskal txokoan, otsailaren 20an, Festaren inaugurazio egunean, hiriko euskal kulturaren erreferente eta Etxeko lehendakaria zen Ofelia Larrea hil baitzen. Azokan iraun zuen egun guztietan, Eusko Etxeko kideek Ofeliaren argazki bat jarri zuten, joandako lagunaren presentzia babesle gisa, gainerako euskal sinbolo eta ezaugarrien artean.
2018/02/23
Euskal Herritik Biarnora emigratzen duen Johañe gaztearen istorioa kontatzen du 'Bihotza Mintza' larunbat honetan Pauen estreinatuko den musikalak. Christian Larraldek idatzia, hiriburu biarneseko Lagunt eta Maita euskal etxeak bere 50. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekimen nagusia da. Berau taularatzeko, joan den apiriletik ari dira lanean 60 dantzari/kantari eta 10 musikari, guztiak elkarteko jendeak, Joañe salbu. Hitzordua, otsailaren 24an, 20:30etan, Paueko Zenith antzokian.
2018/02/22
Udako oporraldia amaitzear dago Hego Hemisferioan eta Argentinako euskal etxeak urte osorako egitarauak finkatzen eta aurkezten hasiak dira. Euskal etxe eta elkarteen lana lagundu, erraztu eta osatzeko asmoz, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak gogora arazten du kultur eskaintza ugaria daukala erabilgarri eta hala eskatzen duten euskal etxe eta elkarteen eskura jarria, hauek urteko euren plangintza eta egitarauetan sartu ahal izan ditaten. Hona materialaren zerrenda. Eman begiratua eta eskatu batere lotsarik gabe!
2018/02/21
Luxuzko bisita batekin eman dio hasiera 2018 urteari Buenos Airesko Laurak Bat-ek. Izan ere, Euskal Etxeko Basaldua aretoan egin zuen Joan Manuel Serrat-ek bere entsegua gaur bertan Colon Antzokian eskainiko duen kontzerturako. “140. urteurren urtea bukatzeko era ederra izan zen” adierazten dute BACen antolakuntzan erabat murgilduta dauden Euskal Etxeko lagunek.
2018/02/21
Txapelketa Euzko Etxeak City Bell herrian daukan kirol zelaian izan zen, ‘Bixente Ibarguren’ Lagunartea arduradun eta bi helbururekin: egunpasa polit bat egitea eta, aldi berean, Euskal Herriko karta jokorik tipikoenaren praktikari bultzada bat ematea. Hori gogoan, jardunbide handiko muslariek ez ezik, hasi berriek ere hartu zuten parte. Urteko lehenengo ekimen arrakastatsu honen ostean, bere aktibitate guztietan izena emateko aukera ireki du Euzko Etxeak.
2018/02/20
Dantza eta musika tailerrak otsailaren 3tik 10era eman dira Rosarioko Nafar Etxeko instalazioetan. Iruñeko Ortzadar Elkarteko monitoreen ardurapean, hainbat koreografia eta kantu berri ezagutu, ikasi eta entseatu dituzte Mendoza, Bolivar, Buenos Aires eta Rosario bertako nafar etxeetako dantzariek.
2018/02/20
Igande gauean jaso dute aintzatespena hiru euskal pelikulek: Zinemaldia.Cat Euskal Zinema Jaialdiko Urrezko Txapelak jaso dituzten lanak izan dira: Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzenduriko Handia, Fikzio Lanik Onenari eman zaion Urrezko Txapelari dagokionez. Filma "desberdintasunaren eta desberdin izatearen esanahiaren goraipen magikoa eta hunkigarria" dela nabarmendu du epaimahaiak. Bartzelonako Euskal Etxea da hiriburu kataluniarreko Zinemaldia.Cat ekimenaren antolatzaile.
2018/02/19
Karibeko irlan euskal presentzia oso nabaria den bezala, Euskal Herrian eta euskaran ere ari dira uzten euren aztarna hainbat kubatar. Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpak Kubako Manzanillo-koak dira eta azken urte hauetan herriz herri ibili dira Euskal Herrian son kubatarrak eta beraiek musikatutako euskal olerkiak abesten. Orain bira berri bat antolatzen ari diren bitartean –Ipar Hemisferioko uda aldera–, poema berriak ere hautatzen ari dira euskarazko bigarren CDa prestatzen hasteko.
2018/02/19
FEVAk antolatutako euskal etxeen 2018ko lehenengo topaketa Olavarrian egingo da, bertako Gure Etxe Maitea-ko instalazioetan, martxoaren 17 eta 18an. Euskal etxe bakoitzak bi ordezkari baino ezin izango ditu bidali eta partaidetza baieztatzeko epea martxoaren 9an bukatuko da. Gogoratu, bestalde, Ohiko Biltzarra egingo duela FEVAk apirilean hainbat kargu berritzeko, tartean federazioko lehendakariarena. Bi agintaldi beteta, bere lekua utziko du egungo lehendakari Hugo Andiazabalek.
2018/02/16
Elkarte berriak gaur arratsaldean aurkeztuko du bere burua, Trujilloko 'Casa de la Identidad Regional' delakoan. Herritarrak hitzaldi batera deitu ditu --Euskal Herriaren jatorria eta ibilbidea hartuko dute hizpide, euskaldunek Ameriketako historiari eginiko ekarpenarekin batera-- eta testuinguru hori markatuta, euskal etxea, bere helburuak eta Trujillon garatu nahi duen lana aipatuko dute elkarteko sustatzaile Leonel Berrocal eta Wilfredo Lizarzaburuk. Irabazteko asmorik gabeko elkartea dira dagoeneko eta Jaurlaritzarekin harremantzekotan dira, euskal etxeen mundu-erregistroan sartu ahal izan daitezen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus