euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa Mercedeseko Euskal Etxeak kantu emanaldi batekin parte hartu zuen herriko bi irakasleen omenaldian

2008/12/19

Omenaldian parte hartu zutenen irudia (Villa MercedesEE) San Luis probintzian dagoen Villa Mercedes hiriko Euskal Etxeak Euskararen Eguneko jaia aurreratu egin zuen eta Camerata de la Luna abesbatzaren euskal kantu errezital batekin parte hartu zuen herriko bi irakasle ohiei egin zieten omenaldian. Gainera, euskal etxeak euskararekiko duen engaiamendu gogora ekarri zuen, euskara ikastaroan 80 bat ikaslek izena eman dutela azpimarratuz eta datorren martxoan ikastaroari ekiteko gogo biziz daudela azalduz.

Gehiago irakurri...


Lapridako Euskal Etxeak “Euskadiko kaleetan ibiliz” ikuskizuna aurkeztu zuen bertako antzoki batean

2008/12/19

Laprida eta Coronel Pringles-eko euskal dantzariak ikuskizunaren amaieran Yanina Salaren gidaritzapean, Laprida eta Coronel Pringleseko euskal etxeetako dantza taldeek ikuskizun berezia eskaini zuten elkarrekin Lapridako ‘Teatro Hispano-Argentino’ antzokian. Auzo diren bi herri hauek indarrak batu zituzten ezohiko ikuskizuna aurkezteko. Dantzarien jira-birekin tartekatuta, aretora bildu ziren berrehun bat ikusleek Euskal Herriko hamaika bazterretako argazkiak ikusi ahal izan zituzten. Ekitaldiak lortu arrakastak animatu egin du taldeon zuzendaria datorren urtean ere elkarrekin lanean jarraitzera.

Gehiago irakurri...


Nevadako Unibertsitateak William A. Douglass Distinguished Scholar Award beka eskatzeko epea ireki du

2008/12/19

William A Douglass euskaltzale iparamerikarra (argazkia DNN) Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (Center for Basque Studies-CBS) 2009-2010 ikasturteko 'William A. Douglass Distinguished Scholar Award' beka eskatzeko epea ireki du. Beka hau 2005. urtean sortu zuten unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak, 'Center For Basque Studies' sortu eta urte askotan zuzendu zuen Wiliiam A. Douglass antropologo eta euskaltzalearen omenez. Edizio berri honetan zentroak euskal historian aditu bat bilatzen du, bere ikerketak Estatu Batuetako unibertsitate honetan egin ditzan. Eskabideak bildatzeko epea datorren abenduaren 31an bukatuko da.

Gehiago irakurri...


'Akelarre' sendo hasi da sareratzen Argentinako Concordiatik; aurrera darrai Pampatik 'Berriak Egunkaria'k

2008/12/18

'Akelarre' bloga, egunero Argentinako Concordiatik elikatua Argentinako Entre Rios probintziako Concordia herritik, gogor ekin dio sarean 'Akelarre, Eusko Argentinar Kultur Taldea-Grupo Cultural Basko-Argentino' delakoak, Mariano Silva-Torrea euskaltzale ekimentsua egile eta arduradun. Bloga da abian ipini duena, Euskal Herriko berriak eta euskal kultura eta politikari buruzkoak uztartuz, alor hauetan Europan zein Ameriketan gertatutakoak bilduz. Webguneak, argiro definitzen du politikoki bere burua EAko kide edo EAren aldeko bezala, bederen. Aldi berean, eta Argentinatik bertatik, aurrera segitzen du Pampatik 'Berriak Egunkaria' izeneko blogak, Daniel C. Bilbao kazetariak sortua, kasu honetan gehienbat euskal egungotasun politikoa aipatuz, Ezker Abertzale ofizialaren ildotik.

Gehiago irakurri...


Eusketxeri laguntzeko azken aukera: Euskal Herrirako bidaiaren zozketa larunbatean egingo da Mexiko 1880n

2008/12/18

Euskal Herriko kostaldeko paraje ederrak Larunbatean Olentzerok bisita egingo du Buenos Aireseko Eusketxera, Euskal Herrira joateko bi hegazkin txartel eskuan. Izan ere, urtez urte Diasporako euskaldunei eta Euskal Herrikoei ateak zabaltzen dizkien eta bi herrialde hauen artean zubi sendo bat eraikitzen duen erakunde honek urteko azken jaia egingo du. Ospakizunean afari eder batez gozatu ahal izango dute gonbitaduek eta horien artean batek Euskal Herrirako bidaiaren oparia jasoko du. Eusketxeri zozketarako bonoak erosten laguntzeko azkeneko aukera da. Nahi duenak, gerorako utzi gabe presa pixkat har dezala.

Gehiago irakurri...


Patagonia eta Mexikotik Euskararen Eguneko oihartzuna dator: bidaiak EHra, 'Lau Teilatu' esperimentala...

2008/12/18

Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeko kideak txango batean Oraindik ere Euskararen Eguneko kontaketak heltzen ari dira geurera, munduko euskal etxeek egin zituzten ekitaldien berri emanez. Patagonian, adibidez, 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko kideek Euskal Herrira bidaia zozketatu zuten eta irabazlea Ramiro Kröeger izan zen, Río Gallegoseko Los Vascos tabernako jabea. Mexikon DFko Euskal Etxean bildu ziren euskaltzaleak eta euskara ikasle eta irakasleei omenaldia egin zieten. Gainera, eta Lazaro Valiente musikariak gidatuta, jaira bildu ziren ia 100 lagunek 'Lau Teilatu' abesti mitikoaren 'bertsio esperimentala' kantatu zuten.

Gehiago irakurri...


Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera' Euskal Etxe argentinarrak programa aberatsa burutu du zilarrezko ezteiak ospatzeko

2008/12/17

Argentinako Euskal Asteko igandeko (azaroak 2) irudia. Urtearen amaierarekin batera, Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera' Euskal Etxeak 2008ko balioespena egin du. Izan ere, aurten bete ditu 25 urte bere ibilbidea hasi zuenetik. Zilarrezko ezteiak emaitzez ospatzeko ekitaldi mordoa antolatu du. Tartean bereziki aipagarri bezala azaltzen da Euskal Etxeal zabaldu duten blog-a, baina ezin aipatu gabe utzi urtean zehar jardun duen dantza taldea, euskara ikasi duten bi taldeak, asteroko irratsaioa, sukaldaritza ikastaroak, zenbait euskal jai tradizional biziaraztea, Juan Mari Beltran eta Aretxabaletako Akordeoi Orkestra bezalako ospakizunak, emanaldi artistikoak, tango saioak, elkartasun ekitaldiak... 25 urteak ospatzeko, zer lanean gustura segitzea baino modu hoberik!

Gehiago irakurri...


Mikeldi gastronomia elkarteak bost urte bete ditu euskal sukaldaritza Mexikon ezagutarazten

2008/12/17

Mikeldiko kideak DFko Euskal Etxeko txokoan egin zuten lehen batzarrean (argazkia Vascosmexico.com) Mikeldi Elkarte Eno-Gastronomikoa duela bost urte sortu zen, 'ardo ona, goi mailako gastronomia eta elkarbizitza' sustatzeko asmoarekin, eta denbora honetan Mexikoko euskal komunitateko kide dexente bildu dira taldera. Joan den azaroaren 27an taldeak lehendakari berria aukeratu zuen --Alvaro Mier-- eta datorren urtera begira orain arte egindako bazkari eta afarietako plater arrakastatsuenen errezetak liburu batean biltzeko asmoa agertu dute.

Gehiago irakurri...


Madrilgo Euskal Etxeak kantu, txalaparta eta Laboari omenaldi batekin ospatu zuen Euskararen Eguna

2008/12/17

Euskal Etxeko euskara ikasle eta irakasleak afarian kantari (argazkia MadrilEE) Munduko beste hainbat euskal etxeek bezala Madrilgo Euskal Etxeak Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin zuen joan den abenduaren 3an. Elkarteko euskara ikasle eta irakasle multzo polita bildu zen euskal etxearen egoitzan eta zenbait jarduera antolatu zituzten: txalaparta, dantza eta bertsolaritza lantegiak, kantuak eta lagunarteko afaria. Eguna Mikel Laboa kantariari egin zioten omenaldi txiki batekin bukatu zen.

Gehiago irakurri...


Giro ederra ezagun Caracaseko Eusko Etxean jokatu den bertako Nazioarteko I. Pilota Txapelketan

2008/12/16

Emakumezkoen pelota goman Argentinak Venezuela B taldeari irabazi zion (argazkia P.Arriaga) Eusko Etxea elkartea Caracaseko Nazioarteko I. Pilota Txapelketaren egoitza izan da abenduaren 2tik 6ra, Argentina, Estatu Batuak, Uruguai eta Venezuelako pilotariak bildurik elkarteko frontoian lehian. Astea biribiltzeko abenduaren 6 eta 7an Esku Pilota Open ikusgarri bat jokatu zuten Euskal Herriko Agirre-Argote eta Berazaluze-Arruti pilotariek, Aspe eta Asegarce enpresetako profesionalak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia