euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehundik gora parte hartzaile bildu ditu Lapridako Eusko Txokoa Liburutegiko VI. Galdera Lehiaketak

2009/01/21

Maria Ester Arrondo, Lapridako Euskal Etxeko Eusko Txokoa Liburutegiko arduraduna, lehiaketaren aurreko edizio bateko irabazleetako batekin Orotara 107 izan dira Laprida herri argentinarreko 'Lagunen Etxea' Euskal Etxearen baitango 'Eusko Txokoa' Liburutegiak deitutako Euskal Galdera Lehiaketara aurkeztu eta itaunak ongi erantzun dituzten gazte eta helduak. Emaitzak abenduaren 20an atera baziren ere orain astindu ditu liburutegiko Maria Ester Arrondo arduradunak. Saridunak honakoak dira, deitutako hiru kategorietan: Carolina Conti Garay, eskoletako A kategorian; María de las Mercedes Arias, eskolako B kategorian; eta Nadia Serio, helduen kategorian.

Gehiago irakurri...


Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa 2009 Nafarroa sariduna, Ekuadorreko indigenen alde egin lanagatik

2009/01/21

Epaimahaiburua, Migel Indurain; Maria Isabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako kontseilari nafarra, eta Alfonso Garcia Liberal, Caja Laboraleko Nafarroako zuzendaria Aguaricoko (Ekuador) Bikariotza Apostolikoak (Kaputxinoen misioa) irabazi du Elkartasunaren Nazioarteko VIII. "Nafarroa" Saria, zortzigarren urtez Nafarroako Gobernuak eta Euskadiko Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak sustatutakoa. Ekuadorreko indigenen alde egindako lanarengatik eman diote saria, hain zuzen ere 1953az geroztik herrialde horretako ekialdean egiten ari den lanarengatik. Berrogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Aguaricoko Bikariotza oihanean ezarri zenetik, eta harrezkero mugako lana egin izan du; egoera desegokian, muga-mugan, bazterretik, ahulenak babestuz, ahotsik ez dutenen ahotsa izaten saiatuz, azpimarratu du Nafarroako Gobernuak ohar batean. Sariak 31.000 euro, Jorge Oteizaren 'Arri Ernai Zaintzailea' izeneko eskulturaren kopia bat eta diploma dakartza.

Gehiago irakurri...


Euskal Herria eta Argentinaren arteko zubi berria eraiki zuten Patagoniako Euskara Ikasleen II. Topaketan (argazki erreportaia)

2009/01/21

Topaketan parte hartu zuten ikasleetako batzuk (argazkia R.Basterra) Bigarren urtez Rio Coloradoko Euskal Etxeak Patagoniako Euskara Ikasleen Topaketa antolatu zuen, joan den abenduan. Topaketak 'Patagonian ere bai!' zuen leloa eta oraingoan berrogeitahamar lagun inguru bildu ziren bertara, ekitaldiak duen harrera onaren seinale. Eurekin batera gonbidatu oso bereziak izan ziren: Euskal Herritik etorritako lau neska-mutil, eguneko joko eta jardueratan parte hartzeko prest. Patagoniako euskaldunentzat ezusteko ederra izan zen, askorentzat Euskal Herriko euskaldunak ezagutu eta euren euskera entzuteko lehen aukera zelako.

Gehiago irakurri...


Sanz presidentea AEBtan da New Yorken eta Bostonen hasiko den 2009ko Nafar Astean parte hartzeko

2009/01/20

Miguel Sanz presidentea aurreko edizio batean New Yorken eman zuen mintzaldian Miguel Sanz Nafarroako presidentea AEBtan da gaur bertan hasiko den Nafarroaren Astearen bostgarren edizioan parte hartzeko. Misio komertzial honen bidez Nafarroako 21 enpresek herrialde honetako kultura, ardoa eta produktuak sustatu ahal izango dituzte. Aurten gainera, energia berriztagarri eta nanoteknologia bezalako alorretan ere Nafarroaren ekarpena ezagutzera emango da. Honekin batera aste gastronomikoak egingo dira New Yorken eta Bostonen, datorren astelehena bitartean.

Gehiago irakurri...


Chascomuseko gazteek euskara Gizateriaren Ondare izendatzearen aldeko sinadura bilketa egin dute

2009/01/20

Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko gazteak Chascomusen egin zuten sinadura bilketan (argazkia ChascomusEE) Argentinatik ere euskaldunek bat egin dute Billabonako Agiñalde Kultur Elkarteak abian jarri duen mundu mailako kanpainarekin: sinadurak bildu nahi dira UNESCOri euskara Gizateriaren Ondare Inmateriala izendatu dezan eskatuz. Kanpainak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko gazteen artean izan du oihartzuna. Izan ere, joan den asteburuan herriko kaleetara atera eta sinadurak biltzen aritu ziren. Horrez gain, euskal elkarteak, joan den urtarrilaren 7an Ana de Otazua zinegotzi eta elkarteko kideak Zingirako Euskaldunak-i eginiko dohaintza biziki eskertzen du.

Gehiago irakurri...


Necocheako Euskal Etxeak astebeteko San Sebastian jaiei ekingo die gaur, bere danborrada, gargantua eta guzti

2009/01/19

Gargantua erraldoia hau izango da, danborradarekin batera, Necocheako San Sebastian jaietako izarra (argazkia NecocheaEE) Necocheako Euskal Etxearen San Sebastian jaiak gero eta jende gehiago erakartzen du Argentinako hiri honetara, izan ere, elkarteak antolatzen duen egitaraua urtetik urtera zabalagoa da. Necocheako euskaldunen danborrada jendetsuari Gargantua bat ere biltzen du eta jaiak gainera ia astebeteko iraupena izango du. Proposamenen artean euskarazko zine emanaldi bat --'Kutxidazu Bidea, Ixabel', jendeak hala eskatuta--, paella erraldoia eta joan den uztailean Euskal Herrira bidaia egin zuten Gazte Alai dantza taldeko gazteen solasaldia, besteak beste, ahaztu gabe asteburuan egingo den ohiko danborrada handia. Kultura, jaia eta gozatzeko gogo bizia, euskal ohituren ildotik, Argentinan, udan, Euskal Herria bertakotuz.

Gehiago irakurri...


Guztia prest Euskal Herrian eta Diasporan San Sebastian eguneko jai eta burrunbari ekiteko

2009/01/19

Murtziako Euskal Etxeko kideak iazko San Sebastian afarian (argazkia MurtziaEE) Ordu gutxi falta dira San Sebastian jaiaren hasierarako eta Donostia eta Azpeitiko kaleak danborra etengabe jotzen ari diren lagunekin bete daitezen. Alta, jaiak aspaldi gainditu zituen Euskal Herriko mugak eta egunotan herrimina sufritzen zuten euskaldunen eskutik Diasporako bazterretara ere heldua da. Jaia klasikoa bihurtu da Bartzelona, Madril, Murtzia, Mexiko, Caracas, Necochea (Argentina) edo New York bezalako tokietan. Iaz danborrada estrainekoz atera zuten Seattle-en (AEBtan) eta aurten, nola ez, berriz ere egingo dute. Gero eta gehiago dira, tradizioei eutsi eta ondo pasatzeko gogoarekin, Sarriegiren piezekin disfrutatzera animatzen diren euskal etxeak.

Gehiago irakurri...


Kometxingon Euskal Etxea eta Villa Mercedeseko Euskal Etxea Camerata de Luna taldearen emanaldi eragile

2009/01/19

Villa Mercedes herri argentinarreko Camerata de La Luna abesbatza Argentina barnealdeko San Luis probintziako bi euskal etxe --Merlo herriko Kometxingon Euskal Etxea eta Villa Mercedeseko Euskal Etxea-- babesle dituen kontzertua eskaini zuen joan den larunbatean, urtarrilak 17, Villa Mercedeseko Camerata de La Luna abesbatzak, bere errepertorioko parte eskainiz, azkenaldian ohi duen moduan, euskal koru ondareko zenbait pieza, Villa Mercedeseko Euskal Etxearekin daukan tratua medio.

Gehiago irakurri...


Gaur hasiko da Montevideon 'Euskara Munduan'ek Uruguain antolatu duen lehenengo barnetegia

2009/01/19

Azkeneko neguko barnetegian parte hartutakoen talde-argazkia, Argentinako Arrecifesen Hego Ameriketan 'Euskara Munduan' programaren baitan euskara eskolak ematen eta aldi berean hartzen dihardutenen nazioarteko taldeak gaur hasiko du Montevideon bere lehenengo barnetegi uruguaiarra. Eskolak urtarrilaren 30era arte luzatuko dira hiriburuko hotel batean, FIVU (Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa) eta FEVAren (Argentinako Euskal Elkarteen Federazioa) babesean, HABE euskalduntze erakundea antolatzaile, eta bertara, Uruguai, Argentina, Brasil, Txile, Peru eta Kolonbiako ikasle/irakasleak bilduko dira.

Gehiago irakurri...


Euskara partaide Parisen Expolangues-en; hiriburuko EEak larunbatean berritu du euskara eskolen hitzarmena

2009/01/19

Expolangues 2009ko euskal stand-a Euskara partaide izan da beste urte batez Pariseko Expolangues Azokan, aurten urtarrilaren 14tik 17ra garatu den hizkuntzen nazioarteko elkargune eta trukagune garrantzitsu den hitzordu honen 27. edizioan. Eusko Jaurlaritzatik, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, HABEko buru Joseba Erkizia eta Lorea Bilbao aholkularia bertaratu dira, euskal stand-a bisitatu eta, aldi berean, Pariseko Euskal Etxearekin euskara eskolak manera arautuan emateko indarrean dagoen hitzarmenari segida emateko. Urtarrilaren 7an bizitza ofiziala hasi berria duen Etxepare Institutua izango da Expolangues-eko datorren ediziotik aurrera euskal stand-a antolatzeaz arduratuko den erakundea.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia