2009/02/05

Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkariaren bidez jakitera eman du atzerriko gizataldeen eta euskal etxeen eremuan espezializatzeko bekek esleipenaren onuradunen zerrenda. Joan den azaroan egin zen beka hauen deialdia eta oinarrietan iraupena urte betekoa izango zela azaltzen zen. Beken zuzkidura ekonomikoa 15.900 eurotakoa da. Bekak jaso dituzten eskatzaileak Iker Blas Mendoza, Aimar Rubio Llona eta Asier Ortega Murga dira. Euren eginkizunak Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bulegoetan egingo dituzte.
Gehiago irakurri...
2009/02/05

Bukatu berria da urtero bezala Euskara Munduan egitasmoaren barruan urtarrilaren 2. hamabostaldian egin den Hego Ameriketako barnetegia. Aurtengoa Montevideon, Uruguaien, egin da lehen aldiz --aurreko aldi guztietan Argentinan egin izan da, Argentinan Euskaraz egitasmoaren baitan-- eta hasieran erronka handia bazirudien ere, ikasle, irakasle zein antolatzaileek arrakastatzat jo dute edizioa. Barnetegiaren antolaketaren ardura FIVUk (Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioak) hartu du, FEVAren lankidetzarekin.
Gehiago irakurri...
2009/02/04

Aurten ere Euskal Herrian edo euskaldunek eginiko zinemak erakuslehio ezinhobea izango du kataluniar hiriburuan, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatu duen Zinemaldia jaialdiaren edizio berri batekin. Ohi bezala, nagusiek zein gaztetxoek izango dute zer ikusi: ostiralean bertan, haurrek eta neska-mutilek 'Go!azen' musikalaren kantuekin gozatu ahal izango dute, eta geroago nagusiek Helena Taberna zuzendariaren 'La Buena Nueva' filmearekin 36ko gudako gertakizunak gogora ekarri ahal izango dituzte. Tartean 'Oteiza Labirintoa' dokumentala, 'Nevando Voy' filma edo 'Danian Jai Alai', Floridako pilotariei buruzko lana izango dira ikusgai Euskal Etxean, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2009/02/04

Deustuko Unibertsitateak 'Euskal Herriko liburutegirik handiena' du joan den astearteaz geroztik, Rafael Moneo arkitektuak diseinatu duen eraikin berriaren inaugurazioan ikastetxeko arduradunek azaldu zutenez. Eraikin berrian 'ia milioi bat ale, irakurgelatan 1000 eserleku, datu base digitalak eta on line zerbitzuak' daude, besteak beste. Inaugurazio ekitaldian Ibarretxe lehendakaria eta beste agintari eta ordezkari publiko ugari izan ziren. Liburutegi berria ikaskuntza eta ikerkuntzarako zentro bat izateko helburuarekin sortua da, unibertsitateko eta kultura munduko topagune bihurtzeko asmoz.
Gehiago irakurri...
2009/02/03
Kimuak 2008 Katalogoko film-laburrak sektoreko 50 profesionalen aurrean proiektatu zituzten atzo goizean Clermont Ferrand hiri frantsesean. Genero honen Nazioarteko Lehiaketarik eta Azokarik ospetsuena da bertakoa, aurten joan den ostiralean hasi eta otsailaren 7ra arte luzatuko dena. Jakina denez, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Kimuak programaren helburua Euskadiko Filmategiak kudeatzen dituen euskal film laburrak Euskal Herrian bertan eta kanpoan ahalik eta gehien aurkeztu eta erakustea da. Gurutz Larrañaga Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea Clermont-Ferrand-en izango da atzo eta gaur, Zinemaldia eta paraleloki egiten den Azoka bisitatzen, Jaurlaritzatik adierazi denez.
Gehiago irakurri...
2009/02/03

Euskarak eta euskal kulturak euren lekua nahi dute sarean. Kataluniarrek '.cat' domeinuarekin egin zutenari jarraiki, Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkartek '.eus' izeneko domeinua sortzearen aldeko kanpaina jarri dute abian. Domeinu honek sarean euskal kultura eta hizkuntzari buruzko webguneak edo Euskal Herrian sortutako web orriak identifikatzeko balioko luke, euskarari sarean presentzia indartsuagoa emanez. Domeinu berriaren aldeko kanpainak 'PuntuEus' izena du eta asko dira dagoeneko berarekin bat egin dutenak. Interneten, kanpainaren aldeko sinadura bilketa hasi da.
Gehiago irakurri...
2009/02/03

Maider Lopez (Donostia, 1975), nazioartean oihartzun handia izaten ari den euskal artista gaztea, Erroman da egunotan, bertan aurkeztu baitu 'Porte/Ateak' izeneko erakusketa. Lopezek Fondazione Volume! izeneko elkartearen erakusketa aretoan egin duen eraldaketa ariketa ludiko eta koloretsua da 'Porte'. Ate mugikorrak eta kolorezko baldosak erabiliz Lopezek ikusleei erakusketan barrena mugitu eta espazio berriak sortu eta deskubritzeko aukera ematen die.
Gehiago irakurri...
2009/02/02

Joan den ostiralean, urtarrilaren 30ean, Chascomuseko Euskal Etxearen egoitzan eginiko bilera ekitaldian sinatu zen Lankidetza Hitzarmena, sinatzaile bi elkarteotako presidenteak, hala nola Zingirako Euskaldunak-eko Maria Laura Eguren eta Chascomuseko Pilota Klubeko Tomas Murias. Euskal Etxetik adierazi zaigunez, bi erakundeok elkarrekin garatzen ari diren lana sendotu eta aitzinarazteko bidean ipini da, beti ere Euskal Pilota Eskola indartuz eta pilotazaletasuna sustatuz Chascomus inguruan.
Gehiago irakurri...
2009/02/02

Eusko Ikaskuntza euskal kulturaren arlo desberdinetan sakontzeko aukera eskaintzen die munduko ikerlariei Angel Apraiz eta Agustin Zumalabe beken bidez. Bi beka hauek jorratzen dituzten gaiak honakoak dira: Hizkuntza eta Literatura, Historia-Geografia, Historiaurrea-Arkeologia, Arte Plastikoak eta Monumentalak, Zinematografia eta Musika, batetik, eta Antropologia-Etnografia, Gizarte Zientziak eta Ekonomia, Zuzenbidea, Komunikabideak, Zientzia Fisiko-Kimikoak, Matematikak eta Teknologia, Osasun Zientziak, Natur Zientziak, Hezkuntza eta Folklorea, bestetik. Bakoitzak 6.000 eurotako zuzkidura eta urte beteko epea du. Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 28an bukatzen da.
Gehiago irakurri...
2009/02/02

Australia ipar-ekialdean, Queensland-en, dagoen Townsville hiria herrialde honetako pilotazaleen topagune bihurtu da azken asteetan, bertan ari baita Ibon Garate getxoztarra euskal pilota ikastaroa ematen. Garate orain dela aste batzuk heldu zen, Euskal Pilotaren Mundu Batzarrak eta Australiako Euskal Pilota Federazioak gonbidatuta, gazte australiarrei pilotan erakusteko helburuarekin. Baliteke trebezia gehien erakusten duten hiru edo lau lagunek Euskal Herrian irailean egingo den mundu txapelketan parte hartzea.
Gehiago irakurri...