euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hauteskundeak: Eta orain zer?

2009/03/03

Bietako bat izango da hurrengo lehendakaria. Oraingo datuen arabera, Patxi Lopez litzateke, baina politikaz ari garenez... Halaxe galdetu dute joan den igandetik aurrera gure erredakziora deitu edota e-mailak bidali dituzten zenbait jendek. Patxi Lopezek ordezkatuko du Ibarretxe? Hala bada, euskal etxeek segituko dute? Zein aldaketa etorriko da lehendakari berri bat sartzen bada, horrek aldaketarik ekarri behar badu? Aurten izango al da Gaztemundu? Laguntza deialdiek segituko dute? Hauek dira Diasporako lagunen buruetan bueltaka dabiltzan galderetako batzuk, edo guri behintzat egin zaizkigunak. Katedrarik ezarri nahi izan gabe, hona geure iritzia, momentu honetan ditugun datuen gainean eraikia, inorentzat argigarri izan daitekeelakoan.

Gehiago irakurri...


Asier Polo biolontxelojoleak bost kontzertuko bira egingo du AEBetan Montereyko Orkestra Sinfonikoarekin

2009/03/03

Asier Polo, NoahShaye-ren argazki batean Asier Polo biolontxelo jole bilbotarrak Montereyko Orkestra Sinfonikoarekin bat egingo du aurten ere eta bost kontzertuko bira laburra egingo du Kalifornian hilaren 21, 22 eta 23an. Emanaldiak Salinas eta Carmel hirietan izango dira eta bertan Polok Dvorak-en Biolontxelo Kontzertua joko du bere instrumentuarekin, 1689an Italian Francisco Ruggieri maixuak egin zuen biolontxeloarekin. Asier Polo Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakaslea da.

Gehiago irakurri...


Jarduera ugari Shanghaiko Euskal Etxean martxoan: Emakumeen Eguna, squash-a, laburmetraiak, Korrika...

2009/03/03

Iazko Squash Txapelketako partehartzaileak (argazkia Shanghai EE) Shanghaiko Euskal Etxeak, Asiako lehen eta momentuz euskal etxe bakarrak, jarduera egitarau mardula prestatu du hilabete honetarako. Hasteko, datorren igandean Emakumeen Eguna ospatuko dute eta martxoaren 14ean III. Squash Txapelketa egingo dute. Zineak ere lekua izango du, martxoaren 21ean egingo den laburmetrai emanaldiarekin. Eta egitarauari bukaera borobila emateko Korrika aurten ere Txinaraino helduko da, Shanghaiko euskaldunei esker: 27tik 29ra bitarteko asteburuan 'Korrika Txikia' egingo da Hong Kong-en.

Gehiago irakurri...


Ibarretxe atzoko hauteskundeetan garaile, baina alderdi estatalistek erabateko gehiengoa lortu dutela

2009/03/02

Juan Jose Ibarretxe hautagaiak (EAJ) irabazi zituen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Legebiltzarra berritzeko egin ziren hauteskundeak, bozka gehien bildu zituen zerrendaburu izan zen heinean 30 eserleku lortu baitzituen orotara 75 eserleku dituen ganbera legegilean. Gainerako alderdietan, PSE-EEk 24 eserleku bereganatu zituen, PPk 13, Aralarrek 4, EAk 2 eta bana Ezker Batuak eta UPyDk. Emaitza hauekin ezin daiteke segurta zein izango den datorren lehendakariaren izena, atzoko behin-betiko emaitzak ezagutu ondoren, Ibarretxek zein Patxi Lopezek esan baitzuten euretako bakoitzari dagokiola Parlamentuaren aurrean ardura hori hartzea. Bakoitzak lot ditzakeen akordioen arabera beharko du izan. Ez da ahaztu behar, ordea, atzoko hauteskundeetan, lehenengoz, indar estatalistek erabateko gehiengoa eskuratu dutela, 38 eserleku, zenbaki hori ateratzen baita PSE, PP eta UPyDren indarrak batuz.

Gehiago irakurri...


San Frantziskoko Elgarrekin euskal abesbatzaren grabaketa historikoa sarean eros daiteke CD bertsioan

2009/03/02

Grabaketa --koralak bere ibilbide osoan egin duen bakarra-- 1983an egin eta kaleratu zen, kasete bertsioan. Orain CD gisa eskura daiteke, digitalizatu eta arramastertuta (argazkia EuskalKultura.com) Iragan urtean, Elgarrekin euskal abesbatzak 1983an egin zuen grabaketa 'historikoaren' 25 urteak bete zirela, San Frantziskoko Euskal Etxeak (SFBC) hamaika euskal kanturen bilduma den lan honen edizio berri bat egin eta plazaratu egin zuen. SFBCeko 'Basque Club Aldizkaria'k bere azkeneko alean oroitarazten duenez, grabaketa originalaren masterrak 2007an topatu ziren Basque Cultural Center-en eta hortik abiatuz Robert Iriartbordek digitalizatu eta birmasterreratu egin zituen. Emaitza haren CD bertsio berria eskuratu nahi baduzu, online egin dezakezu orain, edo bestela, ohi bezala, San Frantziskoko Euskal Etxearekin kontaktatuz.

Gehiago irakurri...


FEVAk datorren astebururako deitu du Villa Maria-n emakumezkoen aurtengo lehenengo pilota bilkura (*)

2009/03/02

Villa Mariako Eusko Etxeko kantxa, gure artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak, FEVAk, Pilota Berria programaren arduradun duen Agustin Asensioren bidez, deialdia luzatu die bere baitango euskal etxe guztiei pilotan ari diren neska eta emakumeak aurtengo lehenengo pilota bilkurara bil daitezen datorren asteburuan, martxoaren 7 eta 8an, Villa Mariako Eusko Etxera, Cordoba probintzian. [(*) 2009-03-04KO OHARRA: HITZORDUA BERTAN BEHERA UTZIA, ORAINGOZ DATA BERRIRIK GABE]

Gehiago irakurri...


Hamaika Bide elkartearen Erbesteari buruzko X. Mintegirako lanak bidaltzeko epea zabalik

2009/03/02

2007ko edizioa (argazkia Hamaika Bide) Hamaika Bide Elkarteak hurrengo Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegiaren datak jakinarazi ditu: urriaren 5etik 8ra Bilbon eta Donostian. Deustuko Unibertsitatearekin batera antolatzen duten mintegi honek hamargarren edizioa izango du aurten eta gai nagusia 'Erbestea norberaren ikuspuntutik' izango da. Mintegiak bat egingo du 36ko guda osteko erbestearen hasierako 70 urteak direla eta antolatu diren beste ekitaldi batzuekin.

Gehiago irakurri...


Euskaltzaindiak azkenaldian hil diren bost euskaltzainen txostenak irakurri ditu gaur Donostian

2009/02/27

Joseba Intxausti, Jose Ignacio Telletxea Idigorasen hilberri-txostena irakurtzen Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian, eta azkenaldian hil diren bere bost kideren hilberri-txostenak irakurri ditu, beste hainbeste euskaltzainen ahotik. Omenaldia, Milagros Bidegain, Jose Ignacio Telletxea Idigoras, Jacques Etxeberri, Henrike Knörr, Xabier Diharce 'Iratzeder' eta Karmelo Nagusia egin zaie. Txosten irakurtzaileak, hurrenez hurren, berriz, honakoak izan dira: Maria Pilar Lasarte, Joseba Intxausti, Piarres Xarriton, Jose Luis Lizundia, Jean Haritschelhar eta Adolfo Arejita. Hona omendu bakoitzari buruzko aipua.

Gehiago irakurri...


London Basque Society-k kideak bilkurara deitu ditu elkartearen arazo ekonomikoei aurre egiteko

2009/02/27

Korrika London Basque Society-ren hitzordu klasikoetako bat da. Irudian, bertsolarien txanda (argazkia LBS) Londresko Euskal Etxea, London Basque Society elkartea, une latzak ari da bizitzen arlo ekonomikoan eta bazkideek ezohiko bilera deitu dute arazoari aurre egin eta irtenbideak bilatzeko. Arrazoi ezberdinak direla medio elkarteak Eusko Jaurlaritzarengandik jasotzen zuen dirulaguntza --euskal etxeentzako dirulaguntzen deialdiaren barruan-- azken urteetan nabarmen gutxitzen ikusi du. Orain elkartea finantziazio falta horri aurre egiteko bide bila ari da, euskal etxearen bulegoa mantendu ahal izateko eta bazkideei zerbitzu hobea emateko. Bitartean, jarduerek aurrera segitzen dute eta, esaterako, datozen hilabeteetan, Euskal Etxea medio, Korrika 16 Londresera helduko da.

Gehiago irakurri...


Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko koruak Buenos Aireseko Laurak Baten kantatuko du Lagun Onakekin

2009/02/27

Bizkaiko Abokatu Bazkuneko Korua emanaldi batean (argazkia BABK) Datorren martxoaren 3an Buenos Aireseko Laurak Bat elkartean emango du kontzertua Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Koruak. Abesbatz hau 60 bat abokatuk osatzen dute eta denetariko musika kantatzen dute: musika sakratua, klasikoa eta herrikoia. Kontzertuan talde gonbidatu gisa Lagun Onak koralak ere kantatuko du. Emanaldi honetarako bizkaitarrek errepertorio euskaldun zabala prestatu dute: euskal kanta oso ezagunetik hasi --Maite, Txoria Txori, Erribera, Xalbadorren Heriotza-- eta Santa Agedako koplekin bukatuz.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia