2009/05/06

Argentinako Eusko Alderdi Jeltzaleak bloga estreinatu du. Alderdiari dagozkion informazio eta iruzkinak dira bertako elikagai behinena. Blogaren lehenengo sarrera, EAJ-PNVren mendeurrenaren aldarrikapena da, bigarrenak Sabino Aranaren biografia azaltzen du, hirugarrenak 2009ko Aberri Eguneko agiria biltzen, 'Euskadi gure aberri bakarra' izenpean, laugarrenak alderdiaren historia argentinarra aipatzen du (1911), eta ondokoek Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak, Gernikako bonbardaketaren 72. urteurrena eta, azkenak, Iñaki Aguirre, orain arte Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusia izan denaren despedida. Albo batean, Argentina Buru Batzarreko kide direnen izenak ere jasotzen ditu.
Gehiago irakurri...
2009/05/05

Elizondoko Arizkunenea etxean izango da ikusgai hilaren 15a arte 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' erakusketa. Bertan Cascanten jaio eta Buenos Airesen bizi izan zen margolariaren lana jasotzen da. Erakusketaren komisarioa Crisanto Ayanz izan da, Buenos Aireseko Nafar Etxeko presidentea. Bazo elkarteko kide izan zen eta Ayanzek lan eskerga egin du bere lana gorde eta Nafarroako Museoan jasotzearen alde. Elizondoko egonaldiaren ostean erakusketa Corellan izango da hilaren 16tik 31ra. Bertaratu ezin dutenentzat Nafarroako Gobernuak Adela Bazoren lanari buruzko webgunea sortu du sarean.
Gehiago irakurri...
2009/05/05

Estatu Batuetako Kongresuko kide bakoitza urtean behin minutu batez igo daiteke tribunara eta berak erabakitzen duen ekimena edo gaia haintzakotzat hartuz Ganberaren aurrean azaldu. Dina Titus Nevadako ordezkari demokratak hala egin berri du eta Estatu Batuetatik mundu osora ikasketak zabaltzera ikasleak bidaltzen dituen Renoko USAC Partzuergoaren lana goraipatu du, oroitzapen berezia eskainiz joan den udan tupustean hil zen Felix Menchacatorreri. 'Gure bihotzean zaude, Felix', esan zuen gaztelaniaz, USACeko Bilboko arduradun zen irakasle getxoztarra modu hunkigarrian gogoratuz. [hitzaldiaren transkripzioa eta bideoa]
Gehiago irakurri...
2009/05/05
Zurrumurruek ziotenez Radio Euzkadi, frankismo garaietan Venezuelako euskal gazte batzuek gidatzen zuten irrati emisora klandestinoa, munduan zehar zebilen itsasontzi batetik emititzen zen. Frankoren aliatuek irratia aurkitu eta ixtera behar ez zitzaten asmatutako gezurra zen, noski. Pello Irujok, irratiko sustatzaile eta esatariak, asmatu zuen txaluparen kontua eta txalupa imajinarioa horretatik munduko berri ematen zieten Euskal Herrian errepresiopean bizi zirenei. Orain, Pello Irujo hil eta sei hilebetera, Arantzazu Ametzaga emazteak garai haietako testigantza dakar gogora, 'La txalupa de Radio Euzkadi. Una semblanza de Pello Irujo Elizalde' lanean. 'Aurkezpenean lagun asko etorri zen niregana, 'Ni ere txaluparia naiz' esanez', azaltzen du hunkituta. Euskal-venezuelar gazte haien abenturak Euskal Herrian eta Diasporan izan zuen oihartzunaren seinale.
Gehiago irakurri...
2009/05/04

Nafarroako Gobernua 72.000 eurotako laguntza deialdia egiten ari da, 2009an zehar Argentinan eta Txilen egiten diren gizarte ekimenetarako. Laguntza hauek, ohi bezala, herrialde hauetan dauden nafar etxeen bitartez bideratuko dituzte. Lehentasuna izango dute, besteak beste, medio ekonomiko gutxi dituzten haur, nagusi, ezindu eta gaixoei eta behar larria duten nafar jatorridun pertsonei zuzenduriko proiektuak. Foru Komunitatea 2002an hasi zen laguntza hauek eskaintzen, urte horretan eman zen krisi ekonomikoak sortu zituen behar larriei aurre egiteko. Eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan, maiatzaren 8an, itxiko da.
Gehiago irakurri...
2009/05/04

Sunbillako Ulibeltzak elkartea izan da maiatzaren lehenean, Ameriketan artzain ibili ziren herritarren biltokia. Hogeita hamar 'amerikano' bildu dira urtero bezala maiatzaren lehenean Estatu Batuetako mendebaldean pasa zituzten urteetako pasadizo eta bizipenen kontu kontari. Eguna elkartean bertan eginiko 'amerikar' moduko gosari batekin hasi zen, mendiko ibilbideak eta bazkaria eta afaria ere bildu zituen egun osoko egitarauan. Aurtengoan, Jesus Goldaraz apezaren hutsunea nabaritu zen, azkeneko urte luzeetan urtero parte hartutakoa baitzen Sunbillako ospakizun honetan. Aurtengoan hogeita hirugarren urtea bete du.
Gehiago irakurri...
2009/05/04

Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeak, Misiones probintzia argentinarrean, Zuzendaritza berritu du Ohiko Biltzar Orokorrean. Agintealdi berria hasiko duen Zuzendaritza Batzordeak Marta Sarasola berrautatu du lehendakari, eta berarekin batera arituko dira batzordekide Edgard Urrutia, lehendakariorde; Horacio Ochoa, idazkari; René Bergara, idazkariorde; Gabriel Alzarria, diruzain; eta Hilda Lazcoz, diruzainorde, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2009/05/02

Cañuelas herriko Denak Bat Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzian, Ohiko Biltzar Orokorra egin eta Zuzendaritza Batzordea berritu du, lehendakari berria Francisco Daniel Sancholuz atera delarik. Berarekin batera buruzagi berri dira Roberto Horacio Etchevers, lehendakariorde; Veronica Lucia Zulaica, idazkari; eta Migel Angel Landa, diruzain, beste zenbaiten karguren artean.
Gehiago irakurri...
2009/05/01
Gehiago irakurri...
2009/04/30

Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kide den Ramuntxo Camblong euskaltzale ezaguna asteartean iritsi da Argentinara eta egunean bertan errezibitu dute Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxekoek. Segidan, bertako ordezkaritza batekin, Eusketxe eta Laurak Bat ere bisitatu ditu, euskal udal erakunde nazionaleko kideak egunotan Argentina eta Uruguaira egiten ari diren bidaia eta kontaktu-programaren barnean. Bitartean, Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako hautetsi nafarrak, Argentina-Uruguain joan den astetik dagoenak, hastapenean iragarritako aurkezpen egitarauari segitu dio, Ruper Ordorika, Xamar, Jose Angel Irigarai eta Pamielako arduradunekin batera. Atzo eguerdiz bildu ziren guztiak Buenos Airesen, berehala Bahia Blanca aldera abiatu, eta bertan atzo eta gaur aurkezpen saioak burutzeko. [argazkiak]
Gehiago irakurri...