euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liliana Rouan-ek hartu du Julio Esnaolaren lekua Villa Mercedesko Euskal Etxeko lehendakari legez

2009/05/18

Villa Mercedesko Euskal Etxeko lehendakari berria, erdian, bi dantzarik --Suyai y Lihue Saldaña Llanos-- inguratuta, buruzagitza berriko kideak lagun Joan den ostiralean bildu zen Euskal Etxeko Ohiko Biltzar Nagusia San Luis probintzia argentinarreko Villa Mercedesen, besteak beste Araudiaren araberako bozkak egin eta Zuzendaritza Batzordea berritzeko. Eguneko gai zerrenda aztertu eta onartu ondoren, buruzagitza berria hautatzeari ekin zitzaion eta ondorioz, Liliana Rouan-ek hartua du dagoeneko agintaldi berrian EEko lehendakaritza, bere senar Julio V. Esnaolaren lekuan. Liliana Rouanekin batera ari dira, besteak beste, Batzorde berrian, Beatriz Egaña, lehendakariorde legez; Juan José Cabytu, idazkari; eta Juan Ignacio Esnaola, diruzain.

Gehiago irakurri...


Karguak berritu ditu Buenos Airesko Iparraldeko EEak eta ohorezko bazkide izendatu du Michel Iriart

2009/05/18

Michel Iriart, EEko Ohorezko Bazkide gisa aitortzen duen diploma eskuetan. Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak omenaldia egin zion joan den Ohiko Biltzar Orokorraren azken partean Michel Iriart-i, elkarteko Ohorezko Bazkide izendatuz. Bizimodu osoan hiriburu argentinarreko euskal etxe horretako partaide eta zuzendaritzako kide, bere seme Miguelek eman zion Michel Iriarti Ohorezko Bazkide diploma. Biltzar berean buruzagitza berritu zen, Ernesto Cornejo Saravia berrautatu zutelarik lehendakari, eta Zuzendaritza Batzordeko kide, besteak beste, Enrique Fagoaga, lehendakariorde legez; Norma Ríos idazkari; eta Guillermo Lopez diruzain.

Gehiago irakurri...


III. Kulturunea-Kimuak Laburmetrai Jaialdiak euskal zinea dakar Queretaro, Mexikora

2009/05/18

Kimuakeko laburmetraietako baten irudia Ekainaren 16tik eta uztailaren 14a arte Santiago de Queretaro hirian, Mexikoko izen bereko estatuan, III. Kulturunea-Kimuak Euskal Laburmetrai Jaialdia izango da ikusgai. Jaiadiaren antolatzaileak Manuel Gerez del Río, Kulturunea liburudendaren sortzailea, eta hiriko Museoa dira, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Filmategiak urtero bidaltzen ditu Queretarora Kimuak programan aukeratutako euskal laburmetrai hoberenak. Egun Kulturunea liburutegia itxita badago ere, euskal kultura Mexikon zabaltzeko erronkarekin aurrera jarraitzen dute bere sustatzaileek, kimu zinematografiko hauen bitartez.

Gehiago irakurri...


Victor 'Vitico' Bereciartua, argentinar rockeroa: 'Sid Vicious eta Indiana Jones-en arteko nahasketa bat naiz'

2009/05/15

Victor 'Vitico' Bereciartua, Lujan ibaian etxerako bidean (argazkia LaVozDelInterior) 61 urterekin, Victor 'Vitico' Bereciartua Argentinako rockaren historiaren parte da, eta azkenaldian, Andres Calamaro bezalako musikariak bere ekarpena aldarrikatzen ari dira. Euskal latinotzat du berak bere burua; 'Viticus' bandarekin darrai errepidean eta Euskal Herrian hainbat emanaldi egin ditu. Bere bidaien maletan rockaren izen handiekin abenturak eta kontzertuak gordetzen ditu, The Who taldeko Keith Moon eta Pete Towsendekin Ingalaterran, eta bere lagun Norberto 'Pappo' Napolitanorekin Riff talde argentinar mitikoan. La Voz del Interior egunkariak jarraian laburtu eta euskaratzen dugun elkarrizketa hau egin dio.

Gehiago irakurri...


Pat Jaureguiberry euskal amerikarra, 35 urte New Mexico-ko koiote eta basabereak ehizatzen

2009/05/15

Pat Jaureguiberry euskalamerikarra (argazkia PNToline.com) Natura eta espazio irekien zale definitzen du bere burua, eta hori dela eta, 1973an Encinoko (New Mexico, AEB) tranpa-jartzaileak erretiroa hartu behar zuela jakin zuenean haren lanpostua eskatu zen. 'Aire zabalean ibili nahi nuen, ez nuen bulego batean egon nahi', azaltzen du Ipar Euskal Herrian jaiotako euskaldun honek. Bere familia 1950ean etorri zen Estatu Batuetara eta Jaureguiberry Las Vegas-en bizi da (ez Nevadako Las Vegas handia, baizik eta New Mexikoko izen bereko herrixka). Lanbidean daramatzan 35 urteetan, koioteak, zakur basatiak, mofetak eta hartz beltzak ere ehizatu ditu. PNTonline.com egunkariak dakar bere bizitzaren berri, jarraian laburtu dugun albiste honetan.

Gehiago irakurri...


Karten historia, Kubako Habanan Fournier etxe arabarreko Rufino Oyarzabalen eskutik azaldua

2009/05/14

Rufino Oyarzabalen hitzaldia Habanako Karten Museoan (argazkia Josemi Arrugaeta) Karten eta kartajokoen historia ezagutzeko interesak, gaia ongi asko ezagutzen duen Fournier etxe gasteiztarreko aditu ikertzaile baten ikuspuntutik azaldua, jende multzo polita erakarri zuen hilabete hastapen honetan Habana hiriburuko Karten Museora (Museo del Naipe), Rufino Oyarzabal babazorroaren hitzaldia medio. Urte luzeak enpresa kartagilean pasatutako Oyarzabalek, historia errepasatzen zuten power-pointeko irudien laguntzaz, publikoa bereganatu zuen, kartak eta kartei buruzko azalpenak biltzen zituzten Museoko horma irakasleen artean.

Gehiago irakurri...


Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean egin zen Herri Urrats jaiaren argazki erreportaia

2009/05/14

Euskal Herriko lagunek bat egin zuten jaiarekin. Irudian, alkandorarekin, Ramuntxo Camblong, Udalbide/Udalbiltzako zuzendaritza batzordeko kidea (argazkia IEE-CVF)  Joan den maiatzaren 10ean Lapurdiko Senpereko lakua Herri Urrats edo Iparraldeko ikastolen jaiaren edizio berri baten gunea izan zen. Bezperan, handik 12.000 kilometrora, Buenos Airesen, euskaltzale argentinar talde mardul bat Iparraldeko Euskal Etxera bildu zen, bertan ere jaia ospatzeko. Argentinarrekin batera Euskal Herriko ordezkaritza bat izan zen bertan: Ramuntxo Camblong lapurtarra, Udalbide/Udalbiltzako zuzendaritza batzordeko kidea, eta Joan Carlos Etxegoien 'Xamar' eta José Ángel Irigaray idazleak, euren azken lanak Buenos Aireseko Liburu Azokan aurkeztu ostean.

Gehiago irakurri...


Ekitaldi ugari Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxean 2009 urteko lehenengo seihilabetekoan

2009/05/14

Dantza taldea entsegu batean (argazkia ChivilcoyEE) Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak aurrera darrai bere ekitaldiekin, urteari hasiera bikaina eman ostean. Joan den asteartean bertan, Eusko Jaurlaritzak emaniko bi fresatzeko makinaren emate ekitaldian hartu zuen parte herriko Hezkuntza Tekniko Ertaineko Eskolan. Datorren 29an elkarteak 'tangeria' berri bat egingo du, Borja Blazquez sukaldariak euskal gastronomia lantegia eskainiko du maiatzean bertan eta ekainean Beti Aurrerak, San Juan, Panpinaren Erretzearekin ospatuko du, azken urteotan legez. Elkartearen blogak, bestalde, Beti Aurrerak egiten dituen ekintzen berri ematen segitzen du, tartean dantza eta euskara klaseen berri.

Gehiago irakurri...


Musika, Argentinako Chivilcoy eta Euskal Herriko Aretxabaleta herrien arteko lokarri

2009/05/14

Santiago Torricelli pianojole chivilcoytarra eta Eugenia Puente sopranoa, erdian Juanjo Orobengoa Aretxabaletako Akordeoi Orkestrako zuzendaria, Donostiako taberna ezagun batean (argazkia http://centrovascochivilcoy.blogspot.com) 2008ko azaroan Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak Chivilcoy herria bisitatu eta kontzertua eman zuen bertako Euskal Etxean. Euskal Etxeko arduradunak eta Orkestrako kideak harremanetan jarraitu zuten eta hilabete batzuk pasata Santiago Torricelli Velazco pianojole chivilcoytarrak eta Eugenia Puente sopranoak bisita bueltatu eta kontzertua eskaini dute Aretxabaletan. Emanaldia bikoteak Europara egin duen biraren barruan gauzatu da, Madril eta Bartzelonara aurkeztu aurretik.

Gehiago irakurri...


Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak adituak bildu zituen Madrilen euskaren jatorriaz mintzatzeko

2009/05/13

Almagro Gorbea irakaslea, “El origen de los vascos” liburuaren egilea, mintzaldia ematen (argazkia RSBAP) Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gorteko Ordezkaritzak "Euskal historiaurrea: oraina eta etorkizuna" izeneko jardunaldia antolatu zuen joan den larunbatean Madrilen, euskaldunen eta euskararen jatorriei buruz mintzatzeko. Topaketa San Lorenzo del Escorial herriko hotel batean egin zen eta bertara genetistak, arkeologoak eta hizkuntzalariak bildu ziren. Euskararen misterioa argitzeko disziplina desberdinen arteko kolaborazioaren beharra aipatu zuten adituek.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia