2009/06/25

Argentinako FEVA --Euskal Argentinar Bazkunen Alkartasuna, euskal izen historikoan, edo Euskal Argentinar Erakundeen Federazioa, egungoan-- erakundeak oharra plazaratu du bere bulegoan datozen asteetan izango diren gorabehera batzuk azalduz, izan ere bertako bi idazkariak, Miren Arozarena eta Gabriela Mendia ibiltari ibiliko dira Argentinatik kanpoko euskal ikastaro eta ekitaldietan parte hartzen, eta horrek federazioaren bulegoaren eguneroko martxan aldaketa batzuk ekarriko ditu, bertara bildu ohi diren euskal etxeetako jendeentzat eta publikoarentzat oro har.
Gehiago irakurri...
2009/06/25
Egun batzuk dira hil dela Santiagon, ehun urte zituela, Pedro Aretxabala Elustondo, Txilen bertan jaiotako euskalduna eta herrialde amerikar honek azken mendean bizi izan dituen euskal pasadizo eta gorabeheretako lekuko zein protagonista izan dena. Euskal Herrian sabindarra izateagatik jazarria izan zen aita baten seme, 16 urtetan Euskal Etxeko kide zen, lanbidez industriari okina, Euzko Gaztedija-ko kide, errefuxiatuen laguntzaile frankismopean, luzaz Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari Txilen... Txileko euskal historia biziduna izan da orain hiru aste pasexe hil zen arte. Lerro hauekin bera gogoratu nahi dugu. EuskalKultura.com-eko zuzendari den Joseba Etxarrik 'Txile eta euskaldunak' izeneko bere liburuan Aretxabala aipatzen duen kapitulua ekarri dugu hona.
Gehiago irakurri...
2009/06/24

Bigarren urtez New Yorkeko Eusko Etxeak txangoa antolatu du, Simon Berasaluzeren lana ikusteko. Iaz artista euskaldunaren beirateak ikusteko lehenengo txangoa egin zen New Jerseyra, bertako hainbat elizetara, eta aurtengoan pausoak Massachusetts-eraino helduko dira. Uztailaren 11ean izango da. Leominster hiriko Santa Zezilia eliza ikusi ahal izango da. Berriz ere, parte hartzaileek John Gomez izango dute gidari. Eusko Etxetik esan dutenez, kultur bira honetan parte hartu nahi dutenek, hobe dute lehen bait lehen Eusko Etxetik pasa eta izena ematea.
Gehiago irakurri...
2009/06/24

Ospatu berria du San Frantziskon (AEB), bertako 'Basque Cultural Center' delako euskal etxean, bere 60. ezkontz urtebetetzea Graziana eta Jean-Baptist Uhalde bikote ezterenzubiarrak. Aspaldi Estatu Batuetara etorririk, familia euskal-amerikar handia hazi dute, eta euskaldun atxiki. Familia osoaren bozkario, besta ederra egin dute familiakoak eta lagunak bildurik, atsegina eta maitasuna nabari zen giro arras abegikorrak lagundurik. Honen guztiaren lekuko izan zen Mattin Etchamendy ezterenzubiarra, hau ere euskaldun amerikanoa, eta honela kontatzen zigun joan den asteko Herria astekarian, ohiko baxenabartar euskaran.
Gehiago irakurri...
2009/06/24

Iparraldeko Euskal Etxeak Sorgin Afaria antolatu zuen joan den asteburuan, Buenos Airesen San Juan sua ospatzeko. Bateko eta besteko osagaiak bilduz, edabe magikoa bailitzen, akerra eta sorginak solstizioaren festara etorri zituen, umorea eta giro on eta koloretsua baldintza eta ezaugarri izan zituen hitzordu gautxorian. Ohi baino jende gehiago bertaratu ziren, antolatzaileen esaten. Euskal Etxea leizezulo edo harpe baten modura, oihal ilun, puxika beltz eta paperezko sagu zaharrekin mozorroturik, partaideak azti eta sorginak izan ziren gehienbat.
Gehiago irakurri...
2009/06/23

Emprebask-USA --Estatu Batuetako euskal jatorriko enpresari, exekutibo eta profesionalak bildu nahi dituen elkarteak-- bilera batera deitu du datorren ostegunerako Boisen, elkartekide izateko interesa izan dezaketen guztiei zabalik. Ekimen berriak, aurretik Txile eta Mexiko bezalako beste herrialde batzuetan egin den bezala, euskal jatorriko pertsona eta eragileak bildu eta harremanetan jarri nahi ditu, euren kezkak, ahaleginak, arazoak, soluzioak eta informazioa partekatzeko, ekonomia alorreko AEBetako euskal sare bat sortuz. Boiseko bilera datorren ostegunean, ekainaren 25ean, izango da, arratsaldeko zazpietan Euskal Etxean, eta aurretik Miamin, San Frantziskon eta Salt Laken eginikoen ondotik dator.
Gehiago irakurri...
2009/06/23

Hernan Luis Sorhuet uruguaitarra da, Hazparne herri lapurtarrean jatorria duen familia batean sortua. Euskal kulturarekiko harremanari eutsi dio eta Montevideoko 'Euskal Erria' Euskal Etxeko kide da, eta urtetan aritu izan da bertako zuzendaritzako kide. Biologia irakasle eta El País Montevideoko egunkariko kazetari, haurrentzako liburuen egile ere bada Sorhuet. 2007. urtean bere familiari buruzko 'Sorhouet' liburua argitaratu zuen, bertan azaltzen zuela bere familiak Hazparnetik Uruguairaino ibilitako bidea. Orain, 'El clima cambió. ¿Hacia dónde vamos?' liburua aurkeztu du, klima aldaketari buruz haurrentzat egindako lana.
Gehiago irakurri...
2009/06/23

Aurten ehun urte betetzen ari den erakunde honen estatutuek diotenari segituz, Buenos Aires probintzia argentinarreko Bahia Blancako 'Unión Vasca' Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordeko kideak berritu ditu, Ohiko Batzar Nagusian bildurik. Euskal Etxeak berak plazaratu duen idazki batean azaltzen duenez, Mikel Xabier Irazustak eutsiko dio lehendakaritzari eta berarekin izango dira Batzordeko partaide Miren Lore Markiegi, lehendakariorde; Maria Amelia Irastorza, idazkari; eta Jose Manuel Lopetegui, diruzain, beste zenbait karguren artean.
Gehiago irakurri...
2009/06/22

Euskal dantza eta musika ikuskizun batez eta 'Florencio de Basaldua, euskal argentinarra' liburuaren aurkezpena ekitaldia eginez ospatuko du Eusketxe Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak aurtengo San Juan eguna. Ekitaldia etzi, arratsaldeko zazpietan hasiko da Mexiko 1880ko euskal egoitzan, Ekin Dantza Taldearen eskutik. Euskal abestiek ere euren lekua izango dute Euskaltzaleak-eko Abesbatza eta Alkartasunaren Otxoteari esker. Liburuaren aurkezpena, berriz, Juan José Guarestiren (iloba) etorriko da. Eusketxetik gogora arazten dute, bestalde, salgai daudela honez gero Euskal Herrira bidaiatzeko elkarteko 2009ko zozketa bonoak.
Gehiago irakurri...
2009/06/22

Euskal Herri osoko laurehun lagunek irakurri zuten txandakatuz joan den ostegunean Juan Antonio Mogel idazle bizkaitarraren 'Peru Abarka' (1802) eleberria. Jendaurreko irakurketa Bilboko Arriaga antzokian gauzatu zen, bertara bildu zirelarik, bideo eta pantailen bidez, munduko hainbait euskal etxetako euskara ikasleak, besteak beste Frankfurt, New York, Boise, Erroma, Londres, Buenos Aires, Valparaiso, Montevideo, Montreal, Valladolid eta Bartzelonatik. Honekin bigarren edizioa izan du Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako 'Klasikoen Irakurraldia' ekimenak. Iaz Pedro Axular nafarraren 'Gero' (1643) irakurri zen.
Gehiago irakurri...