2009/07/09

Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero, Madrilgo Euskal Etxeko bikotea, izango da Espainiako estatuko euskal etxeen ordezkari datorren Euskal Gizataldeen arteko Museko Mudu Txapelketan. Estatu mailako finalak joan den ekaina hasieran egin ziren Saloun, bertako Euskal Etxeak eta Espainiako 'Euskal Herria' Euskal Etxeen Federazioak antolatuta. Museko Mundu Txapelketa datorren abuztuaren 30etik irailaren 5a bitartean egingo da Bizkaiko Balmasedan.
Gehiago irakurri...
2009/07/09

Cineteca de Mexico erakunde publikoa lankide izango da horretarako Euskadiko Filmategiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko Ordezkaritzarekin. Inaugurazio ekitaldia datorren ostegunean egingo da, 'Oreka TX' film-dokumentala eskainiz eta Mikel Arregi Euskal Filmategiko zuzendaria propio bidaiatuko da Euskal Herritik. Hamar egunetan zehar titulu historikoak zein berriak proiektatuko dira, besteak beste, 'Segoviako ihesa', 'Karramarroaren uhartea', 'Todo por la pasta' eta 'Frío sol de invierno' luzemetraiak. Inaugurazio eguneko proiekzioa doan izango da gerturatu nahi duten guztientzat.
Gehiago irakurri...
2009/07/09

'Nori ez zaio inoiz gertatu gauza bitxiren bat edo ezohiko egoeraren bat bizitzea?'. Galdera hau hartu dute abiapuntu 'Villegas’ko Euskaldunak' EEko kideek, euskal etxe bertako 'Martín de Ugalde' liburutegiarekin batera, 2009ko literatur lehiaketaren gaia aukeratzeko. Izan ere, Kontakizun Miresgarri lehiaketa bat da aurtengoa eta General Villegas herriko gazteei nahiz helduei zuzenduta dago. Lanak bidaltzeko epea irailaren 30ean bukatuko da eta lehenengo hiru irabazleek liburuak eta diplomak jasoko dituzte. Sarien banaketa euskal etxean izango da, antolatzaileek iragarriko duten datan.
Gehiago irakurri...
2009/07/08
Julian Celaya Loyola, sozialista barakaldarra, euskalduna, zuzendari komertziala eta instituzio eta enpresa munduan harreman onak dituen pertsonaren fama duena izendatu du atzo Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria, aurreko gobernuan Josu Legarretak ia bi hamarkadaz bete zuen postua betetzeko alegia. Izendapena agerkari ofizialean argitaratu ondoren izango da ofiziala, aste honetako datozen egunetan, Lehendakaritzatik EuskalKultura.com-i baieztatu diotenez.
Gehiago irakurri...
2009/07/08

Kirmen Uribe idazle euskaldunaren bi poema hautatu ditu Estatu Batuetako 'Poetry Society of America'k (AEBetako Poesia Elkartea) Boston, New York, San Francisco, Los Angeles eta Estatu Batuetako beste hiri batzuetan irakurgai ager daitezen, Estatu Batuetako zenbait egile prestigiotsuen lanen ondoan. Poesia zabaltzeko esperientzia berri hau milioika jenderengana iritsiko da teknologia erabiliz eta bertan lehenengoz lekua topatu du euskal poesiak, modu normalizatuan eta gainerakoen artean bat gehiago gisa.
Gehiago irakurri...
2009/07/08

Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoia denbora batean isilik egon ostean abian da berriz ere. Etapa berri bati ekin dio eta honetan Jose Luis Zamanillo izango da orfeoiko zuzendari eta gidaria. Apirilean hasi zituzten entseguak eta joan den ostegunean, uztailaren 2an, eskaini zuten euren lehen kontzertua jendez betetako San Ignazio eliza madrildarrean. Euskal Etxetik jendea animatu nahi dute orfeioan izena emateko. Egun 41 ahots dauzka eta 50era iritsi nahi. Kantatzea gustuko dutenek aukera ona dute orain izena emateko.
Gehiago irakurri...
2009/07/07

Atzo eguerdian ekin zitzaien Iruñean 2009ko Sanferminei, Maite Esporrin zinegotziak piztutako txupinazoak bederatzi jai egunetako lehenari hasiera eman zionean. Munduan zehar, hainbat euskal eta nafar etxe joan zaizkio emendatzen Iruñeko alaitasunari, kontutan izanik askotan aurreko edo ondoko asteburuetara eramaten dela jaia, Iruñean ezik aste-egun hauek lan-egun baitira. Normalean soilik Argentinan, bertan Uztailaren 9a jai patrio nazionala baita, harrapa dezakete jai egun oso bat Uztailaren 7aren inguruan, San Fermineko festa nagusia hortxe programatzeko. Eta aurten, ezta hori ere, programatu arren Argentinak A gripearekin bizi duen larrialdi egoera dela-eta, azkenean, bilkura eta elkarretaratze guztiak debekatu baitira.
Gehiago irakurri...
2009/07/07

Paraguaiko hiriburuko Jasone Euskal Etxeak, bere araudiak agintzen duenari jarraiki, Zuzendaritza Batzordea berritu du. Elkarteko Ohiko Batzar Nagusiak lehendakari gisa baieztatu du Galo Egüez, eta agintealdi berrian berarekin batera arituko dira: Alberto Javier Urrutia Larrea, lehendakariorde; Hector Izaguirre, idazkari; eta Ramon Cueto, diruzain. Euskal etxe paraguaitarra 1996an sortu zen eta aurretik Pedro José Gamarra eta Daniel Elicetche ere izan ditu lehendakari.
Gehiago irakurri...
2009/07/07

Alboka izan zen joan den uztailaren 3an Gure Txokoa-ko Euskal Etxekoek antolatutako kontzertuko protagonista. Cordobako euskal egoitzak 70 bat lagun bildu zituen, tartean Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeko lehendakariorde Domingo Aguirre, errepertorio tradizional eta berriko obrak entzuteko, jolea Gaspar Jaurena albokaria Baietz taldearekin. Saioarekin musikariek urteko lehenengo seihilabeteko kontzertu zikloa bukatu zuten eta hasi dira dagoeneko prestatzen abuztutik aurrera egingo dituzten aurkezpenak. Ziklo berrian, euskal herrialde bakoitzeko musika joko dute saio bakoitzean eta hasteko, Gipuzkoakoarekin hasita. Bitartean, txalaparta, alboka, euskal flautak (txistua, xirula), eta oro har euskal tresnei buruzko tailerrak segitzen dituzte.
Gehiago irakurri...
2009/07/06

Joan den ekainaren 21ean, Buenos Aires probintziako San Miguel hirian jaio zen Askatasunaren Bidea, 'euskal kultura zabaltzea eta bide aske batetik ibiltzea helburua duen elkarte euskal argentinarra'. 'Ez gara euskal etxe bat, ez dugu zuzendaritza batzorderik, ezta bazkiderik ere', hitz hauekin aurkezten dute beren burua talde berrikoek, eta jarraian adierazten dute: 'Nahi duena hurbildu daiteke gurekin batera lan egiteko, baina hierarkiarik gabe. Oraingoz hori da gure xedea, euskal kulturaren alde proiektuak burutzea. Gero gerokoak'. Bitartean, luzatu diote honez gero San Miguelgo komunitateari lehenengo ekintzan parte hartzeko gonbitea, ekainaren 11an: ‘Haritza Euskal Herriko Historian’ mintzaldia.
Gehiago irakurri...