euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laister Maipú hiriko Euskal Etxeak itxura berria erakutsiko du zenbait berrikuntza lanen ostean

2009/07/14

Anaitasuna Euskal Etxeko kanpoaldeko seinalea artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) Bukatzen ari dira Maipúko Anaitasuna Euskal Etxean burutzen ari diren hobekuntza lanak. Euskal Etxeko bazkideek aspaldi nahi zuten patioa itxi eta dagoeneko egun gutxi falta dira hau eginda ikusteko. Horrela Euskal Etxeak hainbat ekintza egiteko gune aproposa izango du aurrerantzean. Lanak bazkideen diru laguntzari esker egiten ari dira. Inaugurazioa berriz, abuztuan izan beharko du, A gripearen egoerak besterik eskatzen ez badu behintzat.

Gehiago irakurri...


Salouko 'Txoko Lagun Artea' Euskal Etxeak Euskal Kulturaren jaialdia ospatu du 21. urtez, "Día D'Euskadi"

2009/07/14

Ereintza dantza taldeak Komunitaten plazan egindako erakustaldia 21. urtea da Saloun "Día d'Euskadi" izeneko euskal kultura jaialdia antolatu dela. Ekimena hiriko 'Txoko Lagun Artea' Euskal Etxeak antolatu zuen eta Merche Gomez bertako lehendakariak Euskalkultura.com-i azaldu dionez, arrakasta handia izan du beste behin ere. 'Deigarriena herri kirolen erakustaldia izan zen, ikusle kopuru handia bildu zuen plazara'. Uztailaren 4 eta 5ean egindako jaialdian Errenteriako Ereintza dantza taldeak parte hartu zuen baita, Uranga trikitilariek eta Kepa eta Aitzol Atutxa aizkolariek ere, besteak beste.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-ek euskal argazki lehiaketa bat deitu du: saria, Xamar-en 'Euskal jendea' liburua

2009/07/13

Lehiaketaren afixa. Lanak abenduaren 1erako entregatu beharko dira. EuskalKultura.com-ek argazki lehiaketa baterako deia egiten du, Diasporarekin edo euskal kulturarekin zerikusia duten gaiak onartuz, tartean Euskal Herrian bertan ateratako argazkiak, baina hobetsiz Euskal Herritik kanpo biziarazten den euskal kulturarekin eta Diasporan euskaldunek garatutako ekimenekin zerikusia daukaten gaiak. Hiru sari banatuko dira, irabazleetako bakoitzari Xamar-en 'Euskara Jendea' liburuaren ale bana; parte hartutako gainerako guztien artean liburu beraren beste hiru ale zozketatuko dira, Pamiela argitaletxearen politesia. Euskal Herrian eta Hego Hemisferioan udan, eta Diasporako beste herrialde batzuetan abendura artean egiten diren euskal jaiak ere biltzearren, originalak bidaltzeko epea abenduaren 1ean Euskal Herriko gaueko 12etan ipini da.

Gehiago irakurri...


“Nire ikasprozesutik ikasi dut herri baten kultura ezagutzeak motibatu egiten duela hizkuntza jakiteko”

2009/07/13

Xamar 'Los Vascos' liburuaren aurkezpean Euskaltzaleak-en (argazkia EuskalKultura.com)

Euskal usadio zaharrari segituz, baserriaren izenarekin ezagutzen dute Juan Carlos Etxegoein idazlea. Xamarrena du izena etxeak, eta Xamar berak. 'Euskara Jendea' liburua 'Los Vascos' bihurtu zen gaztelaniaz eta berau ezagutaraztera etorri zen Xamar Argentinara, Jose Angel Irigarai eta Ruper Ordorikarekin batera, eta nahiz eta Hego Amerikan bere lehenengo aldia izan, “Diaspora zer den badakigu zerbait” aitortu zuen ahaide argentinar batzuekin elkartzean Buenos Airesen. Ahaideekin bildu ahal izatearekin batera, Argentina eta Uruguaiko egonaldian idazle nafarra gehien hunkitu zuena, bere liburuak hain ezagunak izatea izan da.

Gehiago irakurri...


Alurr taldea Issoire-ra abiatuko da, Munduko Musiken eta Dantzen Folklore Jaialdian parte hartzeko

2009/07/13

Issoireko Munduko Musiken eta Dantzen Nazioarteko Folklore jaialdian izango diren dantzarietako batzuk Ibarra herri gipuzkoarreko Alurr Dantza Taldea, Okzitaniako Issoire herrian bihartik aurrera eta datorren igandera arte egingo den Munduko Musiken eta Dantzen Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartuko du. Ibarrako 12-16 urte bitarteko gaztetxoek euskal dantza tradizionalak eskainiko dituzte bertan, baita tradizioan oinarritutako koreografia berri batzuk ere, azken hauek antolakuntzakoek bereziki eskatuta. Eli Nosella taldeko arduradunak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, zalantzarik ez du 'esperientzia polita eta aberasgarria izango dela taldearentzat'.

Gehiago irakurri...


Iruñearekin senidetutako hirien ordezkariei harrera egin zien atzo Barcina alkate iruindarrak

2009/07/13

Iruñeko alkatea, Yolanda Barcina, hiri senidetuen ordezkariei atzo eginiko harreran (argazkia Canal6) Iruñeko alkateak, Yolanda Barcinak, harrera eskaini zien atzo bertako Condestablearen Jauregian, hiriburu nafarrarekin senidetutako hirien ordezkariei, hala nola Kolonbiako Pamplona hiriko alkateari eta Lapurdiko Baionako Jean-René Etchegarai alkateordeari. Ekitaldira bildu ziren baita ere Nafarroako Gobernuko burua, Miguel Sanz; Gobernuko eledun eta Kultura eta Turismo kontseilari den Juan Ramon Corpas; Barne sailburu Javier Caballero; eta Udaleko UPN, Nafarroa Bai eta PSNko zinegotziak, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Txileko Nafar Etxeko kide eta lagunek datorren igandean egingo dute San Fermineko elkarretaratzea

2009/07/10

San Fermin jaia ezagutzera emateko bideoaren irudia Sanferminak ez dira soilik Iruñean ospatzen, nazioartean ezaguna den festa hau Diasporako nafar askok ere egiten baitute, besteak beste munduan barreiaturiko hamaika nafar eta euskal etxeetan. Honela, bakoitzak bere erara AEBtan baita Hego Ameriketako Euskal Etxeetan ere presente izango da santu ezaguna. Argentinan, ordea, San Fermin festak aurten bertan behera utzi behar izan dituzte A/H1N1 birusa dela eta. Ez da berdin gertatu Txilen. Bertako Nafar Etxeak urteroko hitzordua beteko du igandean, uztailak 12, eta bere kide ta lagunak hiriburuko Estadio Espainolean bilduko ditu Sanferminak jai handi batekin ospatzeko.

Gehiago irakurri...


AEBetako Euskadiko Ordezkaritzak 'Euskal News' bere buletinaren lehendabiziko zenbakia plazaratu du

2009/07/10

Euskal News-en lehenengo azala Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetan daukan Ordezkaritzak plazaratu berria du bere informazio buletina izango den 'Euskal News'-en lehenengo zenbakia. Dohaniko harpidetza daukan argitalpena da eta estatubatuarrentzat interesgarriak izan daitezkeen arlo ekonomiko eta kulturaleko albisteak biltzea dauka xede, Euskadiren irudia suspertzeko eta berari buruzko ezagutza bultzatzeko. Lehenengo aleak lau orrialde dauzka, koloretan, eta honako albisteak biltzen ditu, besteak beste: AEBetako Empresbask-en sorrera pausoak, hainbat euskal enpresen presentzia Estatu Batuetako azoketan, elkarrizketa bat Ana eta Idoia Uribarri bibolinjole euskaldunekin New Yorkeko Carnegie Hall-ean jo ondoren, eta NABOren 30. Komentzio eta jaialdia Nevadako Renon bi asteren buruan.

Gehiago irakurri...


Batzarrak aho batez hautatua, Unai Sanchez-ek hartu du Murtziako Euskal Etxeko lehendakaritza

2009/07/10

Unai Sanchez presidente berria San Sebastian eguneko ospakizunean Euskal Etxeak egindako azken ohiko batzar orokorrean zuzendaritza talde berria hautatu zen aho batez. Lehendakari berria Unai Sánchez da eta berarekin dauzka batzordekide: lehendakariorde, Arantzazu Chacón; Pantxo Valverde, diruzaina; Lola Pastor, idazkaria; eta Virginia Sánchez eta Joseba Sánchez batzordekide bezala. Zuzendaritza berriak Euskal Etxeko ekintzak ugaritu nahi ditu. Aldaketak uda ondorik espero daitezke, ikasturte berriari begira.

Gehiago irakurri...


Zaragozako Nafar Etxeak Iruñeko San Fermin jaiekin bat egin eta txupinazoa piztu zuen festari ekinez

2009/07/10

Zaragozako alkateordea, Fernando Gimeno, txupina pizten bertako Nafar Etxeak joan den astelehenean, uztailaren 6an, Santiago kalean antolatutako ekitaldian Zaragozako Nafar Etxeak bat egin zuen, urtero legez, Iruñeko San Fermin jaiekin, joan den uztailaren 6an txupinazoa piztuz, aurtengoan Fernando Gimeno Aragoeko hiriburuko alkateordearen eskutik, haren ondoan Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko kontseilari eta bozeramalea zegoela. Milagroko txaranga festa ederlari, nafar alkate batzuk eta Zaragozako eskualde-etxeetako ordezkariak ere bildu ziren ekitaldira.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia