euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridako euskal erregina koroatu dute Martina Larraza gaztea, bertako Euskal Etxearen 20. urteurrenean

2009/08/19

Martina Larraza gaztea, Lapridako euskaldunen erregin berria Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeak erregin berria hautatu du joan den asteburuan. Koroatua Martina Larraza izan da, euskal etxe lapridatarra bere 20. urteurrena ospatzen ari den urte honetan. Izendapena egiterakoan, EEko Zuzendaritza Batzordekoek dantzari gaztearen tasunak utzi dituzte agerian eta azpimarratu dute euskal dantzei eskaintzen dien denbora eta maitasuna. Joan den larunbatean hautatua izan bada ere, aurkezpen ofiziala Lapridako gizartearen aurrean irailaren 16an izango da, Lapridako partido/barrutiak bere 120. urteurreneko kabalkada egingo duenean. Lerro hauetatik zorionak erregin berriari eta baita berriz ere EEkoei, bi hamarkada hauetako ibilbideagatik.

Gehiago irakurri...


Raul Alcain hil da Argentinan, Paraná-ko 'Presencia Vasca' saioko sortzaile eta familia euskaltzale bateko buru

2009/08/18

Raul Alcain 'Presencia Vasca'n parte hartu zuen azkeneko aldian, irratsaioak 18 urte bete zituenean (argazkia Presencia Vasca) Igandetik astelehenerako gauean hil da Argentinako Paraná hirian Raul Alcain, 96 urteko euskal argentinarra, familia zabal bateko aitona eta birraitona, bere ondoko guztiak euskal erroekiko zaletasunean eta errespetuan hezi zituena, pertsonalki engaiamenduzko etsenplua emanez euskal kultura, identitate eta sentimentuarekiko. Bere gorpua gaur asteartea abuztuak 18 erraustuko da, goizeko 11etan, Paranako Udal Hilerrian. Lerro hauek baliatu nahi ditugu bere familia eta lagunei besarkada bero bat bidaltzeko, baita Presencia Vascako lankideei ere. Goian Bego.

Gehiago irakurri...


Aste honetan ospatuko ditu St. Pierre eta Miquelonek bere euskal festak; Trois-Pistolen, arrakastaz bukatu dira

2009/08/18

PABAko pilotalekuan jokatutako pala partidak, kasu honetan gaztetxoen kategorian; esku huska ere aritu ziren Arrakastaz ospatu berri ditu Quebec-eko Trois-Pistoles herriko 'Parc de l'Aventure Basque' (PABA) delakoak bere euskal jaiak, euskal musika, janaria, kirolak eta oro har euskal giroak bi mila bat jende ekarri dituela, antolatzaileen esanetan. Azkeneko urteotan egin gabe, aurtengo arrakastak indarrak biziberrituko ditu. Musikaz aparte --euskal txaranga batek, besteak beste, girotu zuen festa-- herri kirolak izan dira deialdiko protagonista nagusia, horien artean pilota txapelketa eta erakustaldiak, Parc-eko kantxa gertaleku. Baina euskal festak ez dira batere ahitu Amerika Iparraldeko eremuan, aste honetan bertan hasiko baitira St. Pierre et Miquelon-goak, hemen ere pilota, herri kirolak, musika, janaria, dantzak eta kantuak protagonista. Igandera arte luzatuko dira euskal tradizio handiko atlantiar uharteotan.

Gehiago irakurri...


Negelua familia juntatu da Jutsiko Negelua sortetxean, etxea familiatik kanpoko eskuetara pasatu delarik

2009/08/17

Negelua aita-alaba Estatu Batuetan kantuz, Gardnervilleko Euskal Kantari Egunean, Kaliforniako familia bisitatzera joan zirelarik (argazkia EuskalKultura.com) Negeluatarrak familia ezagutua dira Jutsin eta Baxenabarren, eta baita Europatik kanpo ere, Ipar eta Hego Ameriketako Euskal Herrietan, hasteko Argentinan eta Estatu Batuetan. Euskaldun familia atxikia izanik, euskara biziarazten dute eta euskara ederrean mintzo dira, hala nola Kalifornian sortu eta euskal etxeetan heien lan ona emaiten dutenak. Iragan hilabetean, familia elgarretaratzea ukan dute Jutsin, Negelua sortetxean, etxea familiakoen eskuetan gehiago ez bada ere, atxiki nahi baitute biltzeko izpiritu eta gogoa, beti euskaldun omore eta giro onean. Uztailaren 12an egin zuten bilkuraren aipu hau Herria astekaritik ekarria da.

Gehiago irakurri...


Kontzertua Laurak Bat Euskal Etxean, Norberto Broggini, Juan Pedro Esnaolaren 'Pianorako Obra I'ren jole

2009/08/17

Norberto Broggini pianojole buenosairestarra (argazkia Beepworld.de) Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak, Maiatzeko Iraultzako Bigarren Mendeurrenerako bidean antolatutako ekitaldien artean, piano kontzertu bat iragarri du datorren ostiralerako, abuztuak 21, bere egoitzan, "Juan Pedro Esnaola-Pianorako Obra I : XIX. mendeko euskal erromantizismoa Rio de la Platan" izenburupean. Norberto Broggini pianojolearen eskutik, euskal gurasoak zeuzkan Juan Pedro Esnaolari (1808-1878) --'argentinar musikaren aita' gisa ezaguna-- eskainiko zaio emanaldia, sarrera kitorik, Euskal Etxeko Pedro Basaldua Aretoan iluntzeko zortzietan.

Gehiago irakurri...


Nafarroako Bera herriko argazki zahar eta berriak ipini ditu interneten BeraGureHerria.com webguneak

2009/08/17

BeraGureHerria webgunearen azala Munduan diren beratarrek eta Euskal Herriko argazki zahar eta berriak ikustea gogoko dutenek badaukate duela hilabete batzuetatik sarean kontsultatzeko eta agian laguntzeko webgune eta baliabide berri bat. Berako Rosamary eta Totono Errandonea anai-arreben eskutik etorria da eta argazki eta irudi bidezko kronika beratar hau egiten aita ere, Casa Felix-eko Felix Errandonea, ibilia dute herriko kontuak biltzen. Orain, bi anai-arrebok erretiratu direla-eta denbora gehiago daukate honi guztiari dedikatzeko eta, izan ere, liburua ere argitaratzekotan dira, hilabete gutxi barne. Artikulu hau Berria egunkariak argitara emana da.

Gehiago irakurri...


Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxea Alkartasun Txokolatealdian partaide bihar, Haurraren Eguna kari

2009/08/14

Iazko txokolatealdiko prestakuntzetako argazkia Resistencia hiriburuan egoitza duen Chaco probintzia argentinarreko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kideak partaide izango dira bihar, Haurraren Eguna dela-eta, hiri horretako egoera behartsuko haurren zentru batean egingo den txokolatealdian. 'Alkartasun Txokolate Handia' (Gran Chocolate Solidario) sostengatu nahi dutenek badaukate horretarako aukera, euren astia zein bestelako laguntasuna eskaini nahi dutenek laguntza zinez ongi etorria izango baita.

Gehiago irakurri...


Arrakastaz jardun zuten Comodoro Rivadavian bertako Haize Dantzariak-ekoek; EEa sarean da blog batez

2009/08/14

Joan den uztailaren 22an bertako euskal etxeko 'Haize Dantzariek' Comodoro Rivadavian eskainitako euskal ikuskizuneko irudia (argazkia, Mailen, Noelia eta Maite L.-ren politesia) Argentinar Patagonian, Chubut probintziako hiri handiena den Comodoro Rivadavian, bertako herritarrak kontent egon daitezke, gutxitan ikusten den moduko ikuskizun aparta eskaini baitzieten uztailaren 22an bertako Euskal Etxeko dantzariek, Maite Bazan gazteak koordinaturik, 'Ele Multiespacio' aretoan, euskal sukaldaritza ere dastatzeko aukerarekin. Dantzariek gogo handiz dantzatu zuten, eta gogo eta indar hori transmititzeko gauza izan ziren ikusleei, egiten ari den horretan sinesten duenak bakarrik egin dezakeen bezala. Esan, bestalde, Comodoroko Euskal Echea elkarteak abian duela dagoeneko bere webgunea, bloga, sarean.

Gehiago irakurri...


FEVAk 'Euskal identitatearen eraikuntza' izeneko tailerra eratu du irailaren 12-13an Buenos Airesen

2009/08/13

Maria Blanca Irustak koordinatuko du FEVAren 'Euskal identitatearen eraikuntza' izeneko tailerra (argazkia EuskalKultura.com) Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak (FEVA) bere bazkide diren elkarte eta euskal etxeak Buenos Airesera deitu ditu irailaren 12-13an 'Euskal identitatearen eraikuntza' izeneko tailerrean parte har dezaten. Laurak Bat Euskal Etxearen egoitzan egingo den elkarretaratze hau Maria Blanca Irustak koordinatuko du, helburutzat 'euskaldun gisa dugun identitateaz gogoeta egitea eta iritzi trukea bultzatzea' harturik. Argentinako euskal etxe bakoitzeko ordezkari bana onartuko da, izen ematea abuztuaren 31a baino lehen egitea eskatzen delarik.

Gehiago irakurri...


Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Viticus talde argentinarrarekin ospatuko du bere 20. urteurrena

2009/08/13

Vitico Bereciartua Argentinako Paraná hiriko Ibai Guren Euskal Etxera eginiko bisitan, orduan EEko lehendakaria zen Daniel Anzolarekin (argazkia EuskalKultura.com artxiboa) Argentinako rock-aren historian berezko lekua daukan Viticus taldearen kontzertu batekin ospatuko du datorren irailaren 5ean Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi Museoak, sortu zeneko 20. urteurrena. Ez da halako zerbait egunero gertatzen Ormaiztegin, eta bitxiagoa da talde argentinarraren presentzia Ormaiztegira ekarri duen lotura, izan ere Viticus taldea osatzen duten musikarietako hiru Museoaren izena daraman Zumalakarregi generalaren ondorengo edo ahaide baitira, eta atxikiak gainera euren erroei. Arbasoei buruzko informazio bila ari zirenean sortutako harremanaren emaitza da kontzertua eta emanaldia eta gero, euren 2009 tour-ari jarraituko diote Viticus-koek.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia