2009/09/14

Euskal dantzak munduko leku askotan dantzatzen direla jakina da, batez ere euskal komunitateek eusten diote tradizio honi. Orain, antza denez, badira gure dantzak biziarazten lagunduko digutenak, non eta Japonian. Sustatu.com eta Dantza.com web orrialdeek dantza eta dantzari batzuen bideoaren berri eman digute. Dantzariak japoniarrak dira eta dantza 'Baztan dantza' gisa aurkeztu dute. Dantza.com-ek Baztango mutil-dantza bat dela argitzen du, Billantziko, hain zuzen ere. Hona gure dantzen bertsio japoniarra.
Gehiago irakurri...
2009/09/11

South San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'eko kirol instalazioek bildu dute Kalifornian Abuztuaren 28 eta 29an NABOko Pilota Txapelketaren 34. edizioa. Pilotari gizon zein emakumeak lau lekutatik helduak dira --Idahoko Boisetik, eta Kaliforniako Chino, Bakersfield eta San Frantziskotik-- eta partidak buru-belarri segitu dituzten publiko atxikia lortu dute. Gizonezkoetan, 'Paleta B'n, Urruty/Chiramberro bikotea izan da garaile; 'Esku huskako B'n, Etchebehere/Falxa; Emakumeen paleta goman, Etcharren/Cuburu; Gizonezkoetan esku huska banaka, Javier de Luz; beteranoetan, paleta goman binaka, Javier Andueza/Pierre Irola; Emakumeen paleta goma argentinan, Bushman-Ocafrain/Etcharren; Esku huska binaka, 'A klase'an, De Luz/Petrissans. Azkenik, 'Paleta Goma A'-n, Dalia/Iriartborde izan da NABO bikote txapelduna.
Gehiago irakurri...
2009/09/11

Estatu Batuetako euskal komunitateak eta Euskal Herritik etorritako zenbait jendek bat egin zuten abuztuaren 28-30eko asteburuan San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en, euskal kultur eta besta elkarretaratzea egiteko, hor barnean Mixel Etxekopar-en 'Euskamerikan artzain' pastorala txalotzeko, pertsularien entzuteko, dantzariak eta kantariak loriatzeko, gostian kantuz eta dantzan arizateko eta, hori guztia, iragan martxoaren 30ean hil zen aita Martxel Tillous xiberotarra gogoan atxikiz, harek ere maite baitzuen euskal kultura biziaraztea, euskara eta euskal moldeei arrunt atxikia baitzen hondarreko 14 urteotan Estatu Batuetako euskaldunen omonier izan zen gizon tipi handi isil langile eskiularra.
Gehiago irakurri...
2009/09/11

Janire Egaña eta Joxi Gonzalez musikari euskaldunak abuztuaren erdialdera lurreratu ziren Argentinan hogei bat egun pasatzeko asmoz. Heldu bezain pronto Buenos Airesko euskal etxe batzuekin kontaktuan jarri eta berehala sortu zen emanaldi batzutarako parada: Buenos Airesen, San Miguelen eta Chascomusen. Berehala, plangintza handirik gabeko bidaia euskal festa bizia bihurtu zen. Jotako leku guztietan jendeak zutik txalotu zituen, musikariei malkoak eraginez. 'Guretzat kristoren hartu-emana izan da. Zuek agian pentsatuko duzue guk jaso baino eman egiten dugula, baina egiazki alderantziz da', aitortzen dute. 'Hemen gertatu zaiguna ez da edonon automatikoki gertatzen. Musika beti da musika, baina benetan gustura jotzeko giro bat behar da, eta giro hori, hemen, zeuok sortzen duzue'.
Gehiago irakurri...
2009/09/10

Euskal erbestearen inguruko eduki berriak ikusgai dira Hamaikabide.org eta Kondaira.com webguneetan. Lehenengoan, besteak beste, 'Victorio Vicuña: Así fue la liberación del sur de Francia' liburua aurkezten da; 'Hilabeteko Pertsonaia', Federico Alvarez Arregi irakasle eta idazle donostiarra da, eta 'Hilabeteko artikulua', Parisen 1952an Euzko Deyan argitaratutako 'Moral del exilio' testua daukagu. Kondaira.com-en, ostera, Euskal Diasporaren inguruko lau artikulu daude, euskaraz: 'Erreinuaren bihotzean. Euskaldunek Madrilen osaturiko elkartea (XVIII-XIX. mendeetan)'; 'Aro berria ameriketako nafar emigrazioaren irudiaz: bere buruaren eta bestearen inguruko ikuskera'; 'Ameriketara joandako emigrantearen irudia Euskal Herriko prentsan (1876-1936)'; eta, azkenik, 'Pariseko Eskual Etxea eta euskal nortasuna'.
Gehiago irakurri...
2009/09/10

Gaur iluntzean aurkeztuko da Concordia herri argentinarrean, Entre Rios probintzian, 'Reseña histórica de la Colectividad Vasca de Concordia' (Concordiako Euskal Gizataldearen aipu historikoa) izeneko liburua, Fermin Elizaincin idazle, olerkari eta bertako Euskal Etxeko kideak egina. Aurkezpena 'Julio Serebrinsky' Liburutegian egingo da, Immigrantearen XVI. Erregio Festaren eta VI. Probintzi Festaren egitarauaren barruan. Ekitaldira Euskal Gizataldeko Erregina bilduko da, Nerea Gonzalez Ovcharenko, eta berarekin batera gainerako gizataldeetako erreginak.
Gehiago irakurri...
2009/09/10

Rosarioko Nafar Etxeak urtero antolatzen dituen sanfermin festen kasuan ere normaltasuna inguratzen ari da pixkanaka, eta elkarte nafarrak aste honetan, bihartik igandea bitartean ospatuko dituela iragarri du, bere momentuan A gripearen larritasun egoerak behartuta bertan behera utzi behar izan baitzituen. Kultur ekitaldi batek, Nafar Etxeko 'Manuel Turrillas' fanfarrea partaide eta bideoak eta irudiak proiektatuz, emanen die hasiera igande goizean meza batez Katedralean eta musika eta dantza jaialdi batez arratsaldean amaituko diren ekimenei.
Gehiago irakurri...
2009/09/09

Kepa Junkera AEBtan da bere lan berria prestatzen. Bilbotarrak 2010ko uztaila arte bertan egoteko asmoa du. 'Etxea' lanaren ildotik jarraituz, ameriketako artistekin euskal kantak grabatzea da egonaldi honen helburua. Hala ere, tarteka kontzertuak eskainiko ditu bertako musikarien laguntzarekin. Datorren larunbatean, esaterako, San Frantzisko ondoko Redwood Cityn arituko da, eta 17 eta 19an, Wisconsin-en, 'Madison World Music Festival' jaialdian.
Gehiago irakurri...
2009/09/09

A gripea dela eta uztailean bertan behera utzi behar izan ondoren, La Platako Euzko Etxeak San Fermin festa ospatu zuen joan den asteburuan, Euskal Etxeko bazkide, lagun eta udal agintariak partaide. Egitarauko parte, Graciano Mendilaharzu margolariaren inguruko hitzaldia eman zen, omenaldia eskaini zitzaion Gernikako Arbolari eta beste zenbait ekitaldi burutu ziren. Iruñeko ohiturari jarraiki txupinazoak eman zien hasiera ofiziala asteburuko San Fermin jaiei.
Gehiago irakurri...
2009/09/09

Eusko Jaurlaritzak eta Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak (FEVA) 'Euskal Herriko Baserriak' eta 'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' erakusketak ekarri dituzte Argentinara bertako publikoaren eskueran jartzeko. Herri askotan euskal etxeetako aretoetan egon dira argazki-bildumok ikusgai. Rosarion, berriz, erakusketak Udaleko Erdigune Barrutian aurkeztu eta bertan egon dira abuztuko bigarren hamabostaldian. Irailaren 1etik aurrera hiriko zenbait kultur etxeetarainoko jauzia ari dira egiten, erakusketa ibiltari gisa. Irekiera ekitaldiak anitz jende bildu zuen eta Barrutiko Kultur Koordinatzaileak biziki eskertu zion Zazpirak Bat Euskal Etxeari 'hain garrantzitsuak diren erakusketa hauen aurkezpena Udaleko aretoan egitea'.
Gehiago irakurri...