euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacoko buruzagiak eta EEko kideak partaide inauguratu da Resistencian Luzuriaga generalaren oroitarria

2009/10/01

Luzuriaga generalaren bustoa inauguratzeko ekitaldia, Resistencia erdiguneko Zibilidade Pasealekuan. Argentinaren Bigarren Mendeurreneko ekitaldien barne antolatutako ekimen honetara Chacoko hainbat buruzagi bertaratu ziren, tartean Resistencia hiriburuko alkatea, Aida Ayala, Maria Luisa Lucas Justizia Epaimahai Goreneko Ministroa --estatuaren emaile--, Carlos Garcia Luzuriaga, omenduaren berbiloba, Bigarren Mendeurreneko Batzordeko presidenteordea Jorge Bernal eta estatua --generalaren bustoa-- egin duen artista, Miguel Angel Acosta. Buruzagi eta ordezkari andana bat gehiago ere bazen, Euskal Etxeko ordezkaritza ere tartean. Enrique Miguel Luzuriaga generala, Manuel Luzuriaga Elgarresta merkatari eta arrantxu-jabearen berbiloba zen; eta Hego Ameriketako zenbait herrialdetako historia liburutan izena ezarria duten hainbat senide eman dituen familia bateko kide.

Gehiago irakurri...


Zenbait euskal chef eta artista emakume indigenak lanera sartzeko Taupadak GKEren proiektuarekin bat

2009/10/01

Boliviako Amazoniako emakume hauei aukerak emateko ekimenaren aurkezpena (Argazkia: Hondarribiko turismoa) Bidasoaldeko (Gipuzkoa-Nafarroa arteko eskualdea) hainbat sukaldari eta artistak elkartasunezko afari eta pintura-eskultura erakusketa batera hurbiltzeko deia egin dute 'Taupadak' euskal GKEa, Boliviako amazoniar oihanean emakume indigenek gestionatuko duten turismo-zentro bat eraikitzeko garatzen ari den proiektuari laguntzeko. Zentroa ireki aurretik, Taupadak emakumeen formakuntzaz arduratuko da, lan munduan behar bezala sar daitezen. Bilbon egon ala ez, ekimenari laguntasuna eskaini nahi badiozu, egin dezakezu, 'zero mahaia' ere erosi ahal izango baita.

Gehiago irakurri...


Juana Maria Diharasarri da Txileko Nafar Etxeko presidente berria Bazkideen Bilkurak hala adostuta

2009/09/30

Txileko Nafar Etxeko Zuzendaritza Batzordea artxiboko argazki batean, 1998an, Arraztoa medikua zenean bertako presidente. Batzordean segitzne duten hainbat aurpegi ikus daitezke (argazkia EuskalKultura.com) Emakume bat hamar gizonen artean. Hala adostu zuen Txileko Nafar Etxeak joan den abuztuaren lehenean Santiagon eginiko Bazkideen Bilkuran. Hamar gizonen artean, eta buru, baztandarrak nagusi diren etxe honetan Diharasarri baztandarra presidente hautatu baitzuten bere batzordekideek. Harekin batera hona zuzendaritza batzordekide izateko hautatuak izan zirenak: Javier Aguerrea, Fernando Alvarez, Francisco de Almozara, Simon Echenique, Eusebio Ilzauspe, Juan Cruz Istilart, Javier Mendiburu, Agustin Otondo, Francisco Otondo eta Fernando Perez.

Gehiago irakurri...


Martin Berasategiren urratsa Asian: astelehenean zabaldu zuen Shanghain 'Restaurant Martin' jatetxea

2009/09/30

Estilo kolonialeko eraikin dotore honetan zabaldu du Martin Berasategik Shanghaiko bere jatetxea. Euskal sukaldaritzak ordezkari gorena lortu du hirian. Bertako barrak pintxoak ere izango ditu. Hiru Michelin izar dituen Martin Berasategi euskal sukaldari ospetsuak jatetxe berria zabaldu du joan den astelehenean, Espainiako estatutik kanpo irekitzen duen lehena, non eta Shanghain, Txinako hiriburu ekonomikoan. Irailaren 28an [txinatar egutegiaren arabera oparotasuna eta zorte ona ekarriko duten faktoreak biltzen dituen eguna] ateak irekita, bere euskal sukaldaritza --eta baita pintxoak ere-- dastatu nahi dituenak badu bertan biltoki polita. Hirurogei pertsona dauzka lanean --gehienak bertakoak-- eta sukaldeburu gisa Maxime Fanton eta Yago Marquez gazteak, luxuzko eraikin eta inguru lakudun eder batek lagunduta lanean. A, eta pintxo barra ere badauka.

Gehiago irakurri...


New York Times-ek Euskal Herriko balio turistikoak nabarmendu ditu igandeko artikulu batean

2009/09/29

Gaztelugatxeko Doniene (Argazkia NYT) New York Times egunkari ospetsuak Euskal Herriari buruzko erreportaje interesgarri bat argitaratu du joan den igandean. Sarah Wildman-ek sinatutako erreportajeak 'Basque without borders' (Euskaldun mugarik gabe) du izena eta Euskal Herriko kostaldeko hiru probintziak ukitzen ditu bereziki, kazetariak berak joan den udan eginiko bidaia baten ildotik. Artikulu luzea da, ongi hornitua, eta gainbegirada polita eskaintzen dizkio euskal kultura, ohiturak, paisaiak, gastronomiari... pintxoak eta txakolina ez dira falta idazlan freskagarri honetan.

Gehiago irakurri...


Las Floresek neguko barnetegia inauguratu zuen eta diplomak eman zizkien aurreko ikastaroetako ikasleei

2009/09/29

Ezkerretik, Graciana Goicoechandia, Las Floresko EEko lehendakaria; Felipe Eiheragibel FEVAko lehendakaria; Las Floreko alkate Alberto C. Gelené; eta HABEko 'Euskara Munduan' programako koordinatzailea Buenos Aires probintzia barrualdeko Las Floresen, bertako Udaletxeko Areto Gorrian, ziurtagiriak banatu zitzaizkien joan den larunbatean euren azterketak gainditutako ikasle/irakasleei. Barnetegiko inaugurazio ekitaldi ere izan zen elkarretaratzeak honako lekuetatik etorritako ikasleak ekarri zituen: AEB, Kolonbia, Brasil, Txile, Uruguai eta Peru-tik, eta baita ere Argentinako honako herrietatik, hala nola Mendoza, La Plata, Chivilcoy, Arrecifes, Saladillo, Azul, Viedma, Bahia Blanca, Trenque Launquen, Rosario, Rio Cuarto, Tandil, Gral. Villegas, Gral. Rodriguez eta Buenos Aires Hiri Autonomokoak. Alberto C. Gelené alkateak egindako hitzen ondotik, Euskal Etxeko bideo bat proiektatu zen eta bertako lehendakari den Graciana Goicoechandiak ongi-etorri hitzak eman zizkien barnetegiko partaideei.

Gehiago irakurri...


Arrakastaz bukatu da Villa Mercedes herriko EEari atxikitako 'Camerata de la Luna' abesbatzaren euskal itzulia

2009/09/28

Camerata de La Luna Gipuzkoako Zegaman eman zuten kontzertuan (argazkia EuskalKultura.com) 'Luxuzko kultur enbaxada' legez aipatu dute Ordizian 'Camerata de La Luna' abesbatza argentinarrak Euskal Herrira irail honetan egin duen hamar eguneko itzulia. "Txundituta utzi naute, ez bakarrik elizako eta argentinar folkloreko kantuengatik, baizik eta euskal kantuez egin duten interpretazioagatik", esaten zion EuskalKultura.com-i taldea Zegamako emanaldian entzun zuen Donostiako abesbatza bateko kide batek. "Orain badakigu Villa Mercedes Argentinako mapan kokatzen, eta kultur arloa lantzen dutela eta euskal etxe bat badutela ikasi dugu", esaten zigun, bere aldetik, Zegamako Orkatz abesbatzako beste batek. Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako 'Camerata de La Luna'ren bisitak bultzada berria eman dio herri argentinar horren eta Ordiziaren arteko senidetze harremanari. Taldearen itzulia Ordizia, Aretxabaleta, Idiazabal, Donostia eta Zegamara iritsi da, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Santa Cruz, Buenos Aires eta Misiones: Larregui-k Argentina Hego, Erdi eta Iparraldeko euskaldunak batu ditu

2009/09/28

Partaideetako batzuk Urjauzietan. Ezkerretik eskuinera, Misiones, Chacuco eta Santa Cruz (argazkiak Mundo Vasco) Amets egia bilakatua, joan den asteburuan Argentina Ipar, Erdi eta Hegoaldeko euskaldun talde batek bat egin du Misiones probintzian, Iguazú-ko urjauziak testuinguru, Guillermo Larregui, 'Orgaren euskalduna' (El Vasco de la carretilla) izan zenaren oroitzapena eta ohoratzea bilgarri. Patagoniako 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko kideak, Buenos Aires probintzia barnealdeko 'Mundo Vasco' aldizkarikoak, eta Misiones probintziako Corpuseko Eusko Etxeko partaideak, azken probintzia honetako Posadas, San Ignacio eta Iguazú-n bildu dira, Roberto Arizmendiren 'Gora Vasco!' filmea proiektatuz, senidetasun izpiritu bateratzailean.

Gehiago irakurri...


Argentinako Las Floresen hasiko da bihar nazioarteko neguko euskara barnetegi berria, urriaren 3ra arte

2009/09/25

Joan den urtarrileko barnetegiko irudia, Montevideon A gripearen karietara, anitz ekintza birprogramatu behar izan dira Argentinako euskal komunitatean azkenaldian, horien artean Euskara Munduan proiektuaren baitan antolatutako neguko euskara barnetegia. Urtero uztailean egiten den ikastaro trinko hau aurten irailaren azken astera arte atzeratu da. Bihartik hasita eta urriaren 3ra arte, Ameriketako zazpi herrialdetako 29 ikasle elkartuko dira Las Flores-en, ikasturtean ikasitako guztia eta batez ere mintza-praktika lantzeko asmoarekin. Bestalde, barnetegiaren inguruan Boga programarekin aritzen diren tutoreentzako ere ikastaro bat egingo da, bihar eta etzi; eta kurtsoaren inaugurazio afarian, iaz HABEko azterketak gainditu zituzten irakasleei egiaztagiriak emango zaizkie.

Gehiago irakurri...


Globalkulturak 'Memoriaren Sareak' lehiaketan parte hartzeko gonbitea egin dio Diasporari hirugarren urtez

2009/09/25

'III. Memoriaren Sareak 2009' kartela Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak lagunduta, Globalkultura Elkarteak 'III. Memoriaren sareak 09' literatur lehiaketa jarri du abian. Aurreko urteetan lortutako erantzuna dela eta, aurten ere Diasporako euskaldunei propio luzatu zaie gizartea sentiberatzea eta historia ezagutzea eta babestea helburu dituen sariketa honetan parte hartzeko gonbidapena. Horretarako, 1901-2000. urteen arteko hamaika argazki jarri dira webgunean eta lehiakideek euren kontakizunak argazki horietan oinarritu ditzakete. Iaz baldintza guztiak bete zituzten 67 lan jaso ziren eta irabazleak Abadiñoko Mikel Azkarraga Etxegibel eta Bartzelonako Carlos Bajo Erro izan ziren.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia