euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cesar Arrondok parte hartu duen euskal ekitaldiak aztertu ditu: 200dik gora 2001. urtetik hona

2009/10/06

Cesar Arrondo (argazkia EuskalKultura.com) Cesar Arrondo pertsona ezaguna da Argentina osoko hamaika euskal etxe eta gizataldetan, beste hainbeste euskal gairi buruzko hitzaldi eta tailerrak eman baititu eta ematen ibiltzen baita, kultura, gizarte eta politika arloko bere euskal engaiamenduak bultzatuta. Egunotan, atzerabegirako bat egin du UNLPko irakasle denak eta azken urteotan gauzatu dituen euskal zeinuko ekitaldiak zenbatzeari ekin dio, eta berrehundik gora atera zaizkio, "Euskal Herriarekin eta bere buruari buruz erabakitzeko duen eskubideak bultzatuta" eginak, adierazi du.

Gehiago irakurri...


Bill Clinton John Garamendiren kanpaina lagun arituko da gaur San Frantziskoko Euskal Etxean

2009/10/06

Clinton eta Garamendiren arteko elkarretaratzea iragartzen duen afixa Bill Clinton Estatu Batuetako presidente ohia John Garamendiren aldeko kanpainaren barruan arituko da gaur arratsaldean San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en, gaur egun Kaliforniako gobernadoreordea den politikari euskalduna Estatu Batuetako Kongresuko aulki bat lortzeko egiten ari den programaren barne. Ekitaldi publikoa gaur eguerdiko ordubi t'erdietan egingo da South San Frantziskoko Euskal Etxean (Basque Cultural Center, 599 Railroad Avenue). Jakina denez, Garamendik irailaren 1eko primarioak irabazi zituen, baina erabateko gehiengoa lortu gabe. Orain, hautagai demokratak azaroaren 3an izango diren bozetan eserlekua bereganatzea espero du, besteak beste Clinton kanpainako lagun duela. Hitzordua, gaur Basque Cultural Center-en.

Gehiago irakurri...


Arrakastatsu amaitu da Las Floresen euskara barnetegia, Ameriketako zazpi herrialdetako ikasleak partaide

2009/10/05

Barnetegian parte hartu duten irakasle eta ikasle taldea Graciana Goicoecheandiarekin (argazkia EuskalKultura.com) Joan den ostiralean eman zien azken agurra Loreta’ko Euskaldunak Euskal Etxeak Ameriketako zazpi harrialdetatik bertaratutako 27 euskara ikasleei. Agur festa bertako Las Vias jatetxean izan zen eta barnetegian parte hartutakoez gain, euskal etxeko kideak eta arduradunak bildu ziren. Euskal etxeko dantza taldearen esku, Argentinako nahiz Euskal Herriko dantza tipikoak ikusi ahal izan ziren eta gonbidatuek ere dantza egiteko aukera izan zuten, bertako musika talde baten erritmoekin. Afariaren ondoren barnetegiko ikasleek opariak eman zizkieten irakasleei. Las Floreseko erakundeko lehendakari Graciana Goicoechandiak eskerrak eman zizkion herriko euskal komunitateari jardueraren antolakuntzarako jasotako laguntzagatik.

Gehiago irakurri...


Dantza eta erregin hautaketa San Inazio-ren omenez Comodoroko EEak antolatu zuen afarian

2009/10/05

San Inaziori omenaldi-afariaren inaugurazioaren momentu bat Ekitaldia pasa den abuztuaren 29an ospatu zen Comodoro Rivadaviako Galiziar Zentroko aretoan. 230 pertsona baino gehiago bildu ziren eta afariaz gain, EEko dantza taldeek eskainitako ikuskizunaz disfrutatu ahal izan zuten. Bilkura honen aurretik, uztailaren 31ean, omenaldia egin zioten San Ignaziori San Juan Bosco Elizan eta bertan ‘Lagun Artean’ Abesbatzak eta ‘Haize Dantzariak’ dantza taldeek hartu zuten parte.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-ek deitutako argazki lehiaketak zabalik segitzen du: Aurkeztu itzatzu zeuk egin argazkiak

2009/10/05

Argazki lehiaketaren afixa EuskalKultura.com-ek argazki lehiaketa baterako deia zabaldu zuen joan den uztailean, Diasporarekin edo euskal kulturarekin zerikusia duten gaiez, tartean Euskal Herrian bertan ateratako argazkiak, baina hobetsiz Euskal Herritik kanpo biziarazten den euskal kulturarekin eta Diasporan euskaldunek garatutako ekimenekin zerikusia daukaten gaiak. Hiru sari banatuko dira, irabazleetako bakoitzari Xamar-en 'Euskara Jendea' liburuaren ale bana; parte hartutako gainerako guztien artean liburu beraren beste hiru ale zozketatuko dira, Pamiela argitaletxearen politesia. Originalak bidaltzeko epea abenduaren 1ean Euskal Herriko gaueko 12etan ipini da.

Gehiago irakurri...


Rafael Martin omenduz eta EEan eta Gernika Parkeko ekitaldiez bukatu da Bogotan 2009ko Euskal Astea

2009/10/05

Familiaren eta lagun eta adiskideen presentzia hunkitua bildu zuen 2009ko Euskal Kolonbiar Asteko amaiera egunean eginiko omenaldia Amaitua da joan den ostiralean Bogotan Euskal Kolonbiar Kultur Astearen seigarren edizioa. Euskal Etxean eta Gernika Parkean egin ekitaldiez bukatu dira 2009ko saioak, besteak beste Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen Rafael Martin omenduz eta bere familia bertan, EEko areto nagusiari haren izena ipiniz. Horrekin batera, Astearen azkeneko egunak, euskal zine emanaldiak, hezkuntza zineari buruzko foroa eta egitarauaren hondarreko hitzorduen ahitzea ekarri du, arrakastaz, izan ere.

Gehiago irakurri...


Lopez lehendakariaren aurreneko bidaia ofiziala Europara, harrera ekitaldia eginez Bruselako euskaldunei

2009/10/02

Patxi Lopez lehendakaria Patxi Lopez lehendakariak lehenengo bidaia ofiziala egingo du Europara datorren astelehenean, Bruselara, eta Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran parte hartuko du --euskal presidente batek hala egingo duen lehen aldia izango da--, Durao Barroso Europar Batzordeko presidentearekin eta Joaquin Almunia Europar Komisario bilbotarrarekin bilduko da, eta euskal enpresari talde batekin bilera pribatu bat egingo du, eguna Euskadiko Ordezkaritzan Bruselan bizi den euskal gizataldeari harrera ekitaldi bat eginez amaituko duelarik, euskal europarlamentariak eta bestelako gonbidatu batzuk ere bertan. López lehendakariak Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Guillermo Echenique izango du laguntzaile; idazkari nagusiak asteartean, hilaren 6an, Bruselan egingo diren zenbait bileretan parte hartuko du, lehendakaria gabe.

Gehiago irakurri...


Euskararen Eguna ospatuko dute datorren astelehenean Alemanian, Bremen-go Hizkuntzen Jaialdian

2009/10/02

Jaialdiaren aurtengo edizioak erabili duen irudia Euskal egitarau aberatsa heldu den astelehenean Bremen-en: Euskararen inguruko hitzaldiak irakasle alemanek emanik, Jabi Elortegi zuzendariaren 'Zorion Perfektua' filmaren estreinu alemaniarra eta ondoren mahai-ingurua bat partaide gisa zuzendaria bera, Anjel Lertxundi idazlea eta Jaurlaritzako Euskararen Sustapenerako zuzendari den Lourdes Auzmendi, eta horrekin batera Frankfurt-eko 'Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxe'ko Euskara eta Euskal Kultura lektore den Mercedes Perez-en sarrera ikastarotxo bat euskararen gainean... honelako zenbait ekimenek osatzen dute datorren astelehenean Bremengo 'Hizkuntzen Jaialdia'k euskarari eskainiko dion eguna. Hori guztia Jaialdiaren aurtengo eslogana burutik kendu gabe: 'Language is fun, Language is culture, Language is society, Language is life' (hizkuntza ongi pasatzea da, hizkuntza kultura da, hizkuntza gizartea da, hizkuntza bizitza da).

Gehiago irakurri...


Krisi ekonomikoa medio beste baterako utzi da Argentina eta Txileko nafar etxeen bilkuraren X. edizioa

2009/10/02

Alberto Catalan Erakundeekiko Harremanetarako eta Hezkuntza kontseilari eta Gobernuaren eleduna eta Crisanto Ayanz, Argentinako Nafar Etxeen Federazioko presidentea Nafarroako Gobernuak, Argentinako Nafar Etxeen Federazioarekin adostuta, Buenos Airesen egun gutxi barru egitekoa zen Argentina eta Txileko nafar gizataldeen bilkuraren X. edizioa aurtengoz bertan behera uztea erabaki du, "indarrean dagoen krisialdi ekonomikoak gastuak zorrozteko eta lehentasunak ezartzeko neurriak aregotzea eskatzen baitu". Erabakia, Gobernuak nafar etxeekiko politikan lehenetsi behar dituen ekimenak adostu ondoren hartu da, foru exekutibotik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat partaide Europar Migrazio Institutuak Alemanian egiten ari diren bilkuran

2009/10/01

Hanburgoko BallinStadt Museoak emigranteek bizi behar izaten zuten prozesu eta egoerak aurkezten ditu, manikiak-eta --batzuk hitz egiten dutenak eta guzti-- baliatuz. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat partaide da Europako Migrazio Institutuen Elkartea (Association of European Migration Institutions, AEMI) Alemanian egiten ari den bilkuran. Gasteizko gobernua AEMI-ko kide da erakunde horrek 2007an Finlandiako Turku herrian eginiko bileran onartu zuenetik, eta elkarteak iaz Italiako Genoban egin zuen elkarretaratzean ere izan zen partaide. Kanpo Harremanetarako bi teknikarik osatzen dute ordezkaritza, Benan Oregi eta Andoni Martin-ek. Aurtengo saioak atzo asteazkenetik datorren larunbatera arte luzatuko dira --irailaren 30ean eta urriaren 1, 2 eta 3an-- Alemaniako Bremen eta Hanburgo hirietan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia