2009/10/10

Paraná hiriburu entrerriostarretik astero aireratzen den Presencia Vasca irratsaio euskal-argentinarrak Elvira Kortajarena, Eusko Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkari berria elkarrizketatuko du igande honetako saioan, saioko zuzendari eta esatari den Federico Borras Alcain-en eskutik. Kortajarena, ia 14 urtez Madrilgo Parlamentu espainiarrean Gipuzkoako hautetsi gisa izan duen eserlekuari uko egin ondoren etorri da Argentinara. Eskarmentu politiko handiduna, ongizate sozialean aditua da eta Ibarretxeren gobernuak izendatu zuen Marieli Diaz de Mendibil-en ordea hartua du joan den hilabetean.
Gehiago irakurri...
2009/10/09

Euskal Herritik, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Sabino Arana Fundazioak kudeaturikoa, FEVAri eta euskal-argentinar komunitateari zuzendu zaio, Agirre Lehendakaria agertzen diren irudi finko zein mugikorrak eskuratzeko. Jakina denez, Agirre Jaurlaritzako lehenengo Lehendakaria izan zen, eta lau bidaia egin zituen Argentinara. Norbaitek hau irarri eta berak ez, baina halakorik izan lezakeen beste norbait ezagutuko balu, erregua luzatzen zaio baita ere, bigarren pertsona edo erakundearen datuak pasa ditzan, operazio honen helburuak batera edo bestera bete ahal izan daitezen.
Gehiago irakurri...
2009/10/09

Amodioak mugarik ez duela esanez idatzi digute Argentinako Chaco probintziatik, bertan joan den asteko ostiralean izan zen ezkontza baten berri emanez. Ezkontideak, Mikel Olkoz eibartarra eta Vanesa Gerardi chacotarra izan ziren, eta ezkontza "euskal moldekoa", dantzariak, arkoak, musika, aurreskua eta beste hainbat gauza 'euskal erara' egin baitziren. Apaiza ere --'aita Migel Angel'-- euskal jatorriduna omen zen eta ezkontza ondoko festetan ez ziren fandango eta arin-arinak batere faltatu. Eibartik senargaiaren familia bertaratu zen, eta zeremonia bukatu zenean, norbaitek "nobixuak zoriontsu izan daitezela" esan omen zuen. Chacoko 'Kotoiaren Lurra' euskal etxeko kideak bikotea eskortatu zuten egun osoan, haiei onena opatuz.
Gehiago irakurri...
2009/10/09

Elkarretaratze polita egin zuten igandean Baigorrin, Estatu Batuetan ibili ziren berrehundik goiti personek, tartean gizon-emazteak eta familiak, eta haurrak ere. Izan ere, hiru 'amerikano' belaunaldi bildu ziren, gisa batez edo bestez Estatu Batuei lotuak, urtean behin urriaren lehenengo asteburuan normalean Nafarroa Behereko herri diferente batean egiten den bilkura eta festara. Pozik ziren antolatzaileak, eta euretako Henri Oçafrain bankarrak --urte andana bat San Frantziskon eginik orain Euskal Herrian bizi denak--, EuskalKultura.com-i esan dionez "gauza polita da ikustea hitzordu honek jende gehiago biltzen duela urterik urte, belaunaldi gazteak partikularzki".
Gehiago irakurri...
2009/10/08

Laurehun bat pertsona bildu ziren San Frantziskoko Euskal Etxean Bill Clinton presidente ohiak Kongresuko aulki bat bereganatzeko lehian ari den John Garamendi Kaliforniako gobernadoreordeari sostengua emateko antolatutako ekitaldi politikora, joan den asteartean. Azaroaren 3ko hauteskunde horietarako hautagai nagusiena da Garamendi. Bi politikariak osasun zerbitzu unibertsala eta energia berriztagarrien gaiak aipatu zituzten, eta Clintonek gogora ekarri zuen duela 34 bat urte Euskal Herrian egon zela Hillaryrekin, herrirk herri eta festaz festa. bere hitzaldia bukatuta, aireportura abiatu zen, John eta Patti Garamendi eta euren seme-alaba eta bilobak Euskal Etxeko jatetxean afaltzen geratzen ziren bitartean.
Gehiago irakurri...
2009/10/08

1936ko oroitzapenei buruzko mahai inguru batek markatuko du bihar Donostian, aste honetan zehar Amerika eta Europako 68 irakasle eta aditu partaide Bilbon eta Donostian 'Exilioa lehenengo pertsonan' lelopean garatu den Nazioarteko Kongresuaren amaiera. Hamaikabide elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak antolaturik, urtero deitzen den kongresu honen hamargarren edizioak omenaldi berezia eskaini nahi izan dio aurten Federiko Alvarez (Donostia, 1927) idazle eta irakasleari, ohorezko makila bat emanez. Alvarez bera, Arantza Amezaga eta Ramon de la Sotarekin batera izango dira Jose Angel Ascunce moderatzaile izango duen mahai inguruko solaskide, bihar Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian, Jargiaren Aretoan, sarrera libre.
Gehiago irakurri...
2009/10/08

Joan den abuztuan lau urte bete ziren Katrina hurakanak Louisianako New Orleans eta ondoko estatuak astindu zituenetik eta bizitzak aurrera egin badu ere, kalteak eta haizerauntsiaren eraginak oso present segitzen dute hura bizi eta jasan behar izan zuten jendeen artean. New Orleans-ek zeukan euskal elkarteari dagokionez, bere bazkideen lehentasunak beste leku batzuetan egon ziren bolada batean, premiazko gauzak soluzionatu ostean berriz ere ekimenei eustekotan. Duela bi urte hasi ziren ostera ere biltzen, eta hartu berria dute orain Louisianako Estatuak 'etekin asmorik gabeko erakunde' onartzen dituen agiria. Horrekin batera, bandera berri bat ere aurkeztu dute, sinbologiaz betea, bertako eta inguru zabal bateko historian euskaldunek izan duten eraginaren adierazgarri.
Gehiago irakurri...
2009/10/07

Chascomusko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, ohar pare bat plazaratu du eskerrak emanez Gipuzkoako Foru Aldundiari eta bertako Kirol eta Kanpo Harremenetarako diputatu Iñaki Galdosi, azkenaldian Euskal Etxeari emaniko liburu eta materialengatik; eta Cesar Arrondori, joan den urriaren 3ko Tokiko Historia IV. Jardunaldietan parte hartzeagatik, Gandara herriko euskal presentziaz egiten ari den ikerlanari buruzko aurrerapen batzuk emanik. Zingirako Euskaldunak-ek, aukera baliatzen du komunitateari oro har gonbidapena luzatzeko datorren larunbatean egingo den Chascomusko XIX. Euskal Jaian parte har dezan.
Gehiago irakurri...
2009/10/07

Bihar iritsiko da bere 250. zenbakira Alma Vasca, Jorge Gilabert-ek Argentinako Tandil-dik astero eta internetez bidaltzen duen euskal buletina. Batean eta bestean Euskal Herriaz eta Argentina eta munduko Diasporaz egunkari eta komunikabideetan agertutako artikulu eta informazioen irakurketa eta selekzio lana egiten du Gilabert-ek, ondoren bere buletineta bildu eta astean behin banatzeko. Munduko 610 pertsonek jasotzen dute astero, lehenengo alea 2003ko abenduan banatu ondoren. "Laupabost ordu kentzen dizkit egunero, Euskal Herriko prentsa internetez irakurtzeak, EuskalKultura.com bezalako argitalpenak eta euskal etxetako berripaperak irakurtzeak eta lagunek bidalitako informazio taxutzeak", azaldu digu Jorge Gilabert-ek bere lanari buruz galdetu diogunean.
Gehiago irakurri...
2009/10/07

Zuzeu.com irakurleek egiten eta etengabe berritzen duten euskarazko albistari digitala da. Gaztea adinez zein planteamenduz, edozein aldizkari digitalak dituen atalez gain, sekzioka antolatuta dago, erabiltzaileek edozein gaiez idatzi ahal izan dezaten. Bi erredakzio birtual dauzka barnean lanean: 'Begiraleak', kazetari eta idazleak partaide, eta 'Zuzeulariak', erabiltzaileek osatutako taldea.
Gehiago irakurri...