2009/10/15

Iaz euskaraz argitara eman zuen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriarengatik eman diote Kirmen Uribe idazle euskaldunari Espainiako Narratiba Saria. Espainiako Kultura Ministerioak banatzen duen Sari hau hamabi laguneko epaimahai batek erabakitzen du eta Espainiako estatuko hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzitako liburuak izan daitezke hautagai. Egilea harritu egin atzo saria eman ziotela jakindakoan, baina esan zuen oso momentu onean datorkiola, nobelaren gaztelaniazko argitaldaririk gabe baitzebilen eta sariak bultzada berria ekarriko omen dio 'Bilbao-New York-Bilbao'ri.
Gehiago irakurri...
2009/10/15

Eusko Jaurlaritza eta Argentinako Euskal Erakundeen Federazioaren (FEVA) lankidetza medio abiarazi dira iaz Argentinan 'Euskal Herriko Baserriak' eta 'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' erakusketak. Geroztik, erakusketok euskal etxez euskal etxe ibili dira, bisitatu dituzten herri guztietan Euskal Herriko koloreak eta soinuak utziz. Baita Trenque Lauquen-en ere. Buenos Aires probintziako hiri honetan, Immigrantearen egunean --irailaren 4an-- inauguratu zen erakustaldia, hilabete oso bat bertako taberna batean egoteko. Ekimenari amaiera emateko bertako Euskal Sustraiak Euskal Etxekoek Mikel Ezkerroren hitzaldi bat antolatu zuten urriaren 3an.
Gehiago irakurri...
2009/10/15

Txikitatik bizi izan du ostalaritza gertutik. Turismo ikasketak egin, eta egun Istanbulen dago, bost izarreko hotela zuzentzen. Tolosarra da, eta 1994an hasi zen munduan hotelen munduan: Txileko Santiago, Bartzelona, Lisboa, Paris, Madril... 390 langile dauzka orain Istanbulen bere esanetara. Urtzi Urrutikoetxeak eginiko elkarrizketa atzo eman zuen argitara Berria egunkariak.
Gehiago irakurri...
2009/10/14

Egitarau betea izango dute bihar Frankfurten Harkaitz Cano, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe euskal idazleek, goizez mahai inguru batean parte hartzen, atzo hasi zen Liburu Azokaren baitan, eta arratsaldez, Azokako programatik kanpo, argitaletxe alemanek euskal lanak alemanez argitaratzen daramaten ildoko bi izenburu aurkezten, Goethe Unibertsitatean, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea tarteko. Karmele Jaioren 'Mutters Hände' (jatorriz 'Amaren eskuak') eta Harkaitz Canoren 'Pasaia Blues' (izen berekoa euskaraz ere) dira irakurle alemanek zuzenean euren hizkuntzan irakurri ditzaketen aipatu bi azken liburuak eta egileen ahotsek azaldutako aurkezpenean bihar ezagutu ahal izango dituztenak.
Gehiago irakurri...
2009/10/14

Brasilgo 'O Globo' egunkari garrantzitsuak, Fabio Aristimunho Vargas poeta eta itzultzaileak espainiar, galiziar, katalan eta euskal poesiez portugesez plazaratu dituen sail bereko lau liburuez artikulu erreseina argitaratu zuen joan den ostiralean. Bella Jozef irakasleak sinatzen du lana 'Herrialde baten aurpegi anitzak' izenburupean, eta aukera edertzat jotzen ditu liburuak Brasilen gutxi ezagutzen diren literatura hauetara hurbildu eta konturatzeko horra bildu dena zatiño txiki bat baino ez dela.
Gehiago irakurri...
2009/10/14

Bisita luzatuko diete Donostiako Gaztelubideko abesbatzako kantari eta lagunek Shanghaiko Euskal Etxeko euskaldunei. Datorren igandean, urriaren 18an izango da, eta egun osoko kantu giroa agintzen du heldu zaigun gonbidapenak. Ekitaldiak goizeko hamarretan hasiko dira, talde bisitaria Shanghaiko Euskal Etxearen egoitzara iritsi eta harrera ekitaldia egingo zaionean. Eguerdian, ostera, meza abestua gauzatuko du koralak, Saint Peter elizan. Ondotik, senidetasun bazkaria egingo da Chinoise Story jatetxean, kantuak eta ikuskizuna barik 'entzunkizuna' programako parte. Shanghaira hurbiltzen diren Txinako euskaldunek denbora luzean gogoan gordeko duten oroitzapenaren itxura hartua du hitzorduak. Euskal Etxetik, baina, bazkarirako erreserbak astearte gaueko hamarrak aurretik egitea eskatzen dute.
Gehiago irakurri...
2009/10/13

Jakina denez Buenos Aires probintzia hego-mendebaldeko Bahia Blanca hirian izango da aurten Argentinako Euskal Aste Nazionala eta horri dagokionez plazartu berria du bertako Union Vasca Euskal Etxeak urriaren 26tik azaroaren 1era arte garatuko den hitzordu horren behin betirako egitaraua. Ekitaldiak urriaren 26an, astelehenez, hasiko dira Euskal Baserriei buruzko argazki erakusketa batekin Euskal Etxearen egoitzan; eta igandez, azaroaren 1ean bukatuko, ohiko senidetasun bazkariarekin, FISA delako aretoan.
Gehiago irakurri...
2009/10/13

Yolanda Arrietaren 'Badago ala ez dago?' obra --"patua/halabeharra eta sorginak osagai dituen komedia dinamikoa"-- irakurriko du gaur Buenos Airesko VII. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren baitan bertako Laurak Bat Euskal Etxeko talde batek 'Babel, la biblioteca' zikloan. Ziklo honetan hogei bat antzerki-lan irakurriko dira euren jatorrizko hizkuntzetan, ezezagunak edo 'urrunak' diren hizkuntzak eta kulturak ezagutarazteko asmoarekin. Obraren egilea, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Argentina eta AEBetako diasporan ahaideak dituen euskalduna, pozik azaldu zaio EuskalKultura.com-i 1992ko Euskadi Antzerki Saria lortu zuen lan hau Buenos Airesen aukeztuko dutela jakitean. Emanaldia, gaur, arratsaldeko zazpietan, sarrera doan.
Gehiago irakurri...
2009/10/12

Zegokion data A gripea dela-eta hartutako neurriengatik atzeratu ondoren, joan den larunbatean ospatu zuen Saladillo 'Itxaropen' Euskal Etxeak bere 11. urtemuga eta, ohi bezala, bere bazkide eta lagunak bazkari eta elkarretaratze batera gonbidatuz egin zuen. Ohiturari jarraituz baita ere, bazkariko mahaiburukoa --postre edo deserta-- berezia izan zen, eta hizki jangarrietan idatzirik zeukan lagunak otordu horretara biltzeko efemeridea. Elkartearen izenean, Hector Altamira EEko lehendakari berria mintzatu zen, bildutakoei euren presentzia eskertuz eta epe labur eta ertainerako planak azalduz.
Gehiago irakurri...
2009/10/12
Gehiago irakurri...