2009/10/20

Juan Kruz Igerabide eta Harkaitz Cano poeta euskaldunak gaur arratsaldez mintzatuko dira Munike-n (Euskaltzaindiak dixit, alemanez München), euskal poesiaz, hiriko Cervantes Institutuak hilabete osoan Euskal Literaturaz daramatzan jardunaldien baitan. Eurekin batera arituko da Horst Weich filologo eta hispanista. Bihar, hirurek bat egingo dute ziklo bereko literatur irakurraldi batean. Euskal Literatura Jardunaldiok joan den asteko asteartean hasi ziren bavariar hirian Ramiro Pinillari buruzko ekitaldi batez, egilea bera partaide, eta datozen egunotan gonbidatu ekarriko dituzte, besteak beste, Jon Kortazar eta Ludger Mees.
Gehiago irakurri...
2009/10/19

Estreinatu berria Argentinako Euskadiko Ordezkaritzako buru legez, Elvira Kortajarenak baiezkoa eman zion Federico Borras Alcainek Paraná-tik astero gidatzen duen 'Presencia Vasca' irratsaioak solasteko eginiko gonbiteari. Besteak beste, datorren astean Bahia Blancako Euskal Astean izango dela baieztatu, eta Lopez Lehendakaria ere --kasu honetan bideokonferentziaz-- bertaratuko dela esan zuen. Teknologia berriak ahalbidetuko duten presentzia horretaz gain, fisikoki, Kortajarenaz gain, Kanpoko Euskal Komunitateekiko Harremanetarako Zuzendaritzako ordezkaritza bat ere iragarri zuen Euskal Astean, Julian Celaya zuzendaria, eta Andoni Martin teknikaria partaide.
Gehiago irakurri...
2009/10/19

Haur ikasle, ikasleen guraso, irakasle eta, oro har, euskararen lagun talde oso bat izan da Argentinako Mar del Platan 'Harri koskorra' izeneko ikastolen aldeko festa berriko partaide eta bultzatzaile joan den irailaren 26an. Urtean zehar Denak Bat Euskal Etxean euskara eta euskal kulturaz bustitako dantza, asti eta festa programa irudimentsuko parte direnek egun berezi batez gozatu ahal izan zuten antzerkia, joku eta jolasak, power point-ak, euskal kantuak, musika, bestelako sorpresak eta askaria ere osagai izan zituen arratsaldepasa batean, guztia auzolan gisa eratu eta gauzatua, Euskal Etxeko 'Artaburu' talde euskaltzalea antolatzaile.
Gehiago irakurri...
2009/10/19

Gaur bertan egingo den emanaldia tarteko aurrera diraute Cancun hiri mexikarreko bi kultura etxetan urriaren amaieraraino eskaintzen ari diren Euskal Zinema Zikloek, astelehenetan Cancungo Kultura Etxean; eta ostiraletan, Tzolk'in Kultura eta Ekologia Etxearen egoitzan. Gaur astelehena, urriak 19, Kultura Etxeak Julio Medem zuzendari donostiarraren 'Behiak' filma emango du; datorren ostiralean, berriz, eta Tzolk'in Kultura Etxean, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert-en 'Ama Lur' eskainiko da. Segidan, bi egoitza horietan eta hilabetea bukatu arte emango diren izenburu eta datak.
Gehiago irakurri...
2009/10/19

Euskal Gizataldeko ordezkaria, Nerea Gonzalez Ovcharenko, printzesa hautatu dute joan den asteburuan Argentinako Entre Rios probintziako Concordia herrian egin den Immigrantearen Erregin Probintzialaren Lehiaketan. Erreginaren makila Gizatalde Frantseseko Daiana Ayelén Arletaz Ferreyra ordezkariak bereganatu du, eta berarekin batera hautatu dituzte Nerea Gonzalez, lehenengo printzesa, eta bigarren printzesa, berriz, Siriar-Libanoar Gizataldeko ordezkaria, Guadalupe Solange Pietrantueno Krunfli. Nerea Gonzalezek 17 urte dauzka, bosgarren maila ari da ikasten Concordiako Aingeruetako Amaren Eskolan eta Psikologia nahi du ikasi.
Gehiago irakurri...
2009/10/16

Datorren asteartean hasiko da Gipuzkoako Arrasaten 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' (EHMG) Nazioarteko Mintegiaren VI. edizioa. Urriaren 20, 21 eta 22an Arrasateko Kultura Etxea munduan euskal diaspora aztergai hartzen duten ikerlari eta ikaslarien biltoki bilakatuko da, gehienbat Euskal Herriko unibertsitate eta ikasketa guneetatik etorriak, baina baita Ameriketako zenbait herrialdeetatik ere, hala nola Argentina, Uruguai eta Txiletik. Euskal Herriko Unibertsitatea antolatzaile, bertatik adierazi da, bertan egon ezin dutenentzat, mintegi birtual bat ere egongo dela, eta EuskoSare.org-etik segitu ahal izango dela sarean.
Gehiago irakurri...
2009/10/16

Urriaren 15etik 18ra arte gauzatuko da Buenos Aires probintzia argentinarreko Pehuajo herrian bertako Liburu Azoka, Martin Fierro izenpean, Argentinako literaturaren klasikoaren omenez. Lau egun hauetan zehar mota askotako ekintzak garatuko dira XIII. azokan, tartean hitzaldiak, tailerrak, antzerkia eta liburu aurkezpenak. Aldi berean, herrian bizi diren kolektibitateek standak jarri dituzte azoka esparruan. Euren artean, Etxe Alai Euskal Etxeak, eta aurten proposamen berezi batekin: lehen mailako ikasleei zuzendutako literatur lehiaketa bat. Euskal Herria eta euskal kultura dira idazlanen gaiak eta testuak aurkezteko epea datorren larunbat arratsaldeko seietan bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2009/10/16

Joan den asteartean, urriaren 13an, Leioa-Erandioko Lan Harremanetarako Unibertsitate-Eskolako 'Roseton' Ekitaldi Aretoan aurkeztu zen Nazioarteko Ikasketen Master eta Doktoradutza. Masterrak kalitatearen aipua hartu zuen iazko ikasturtean eta bere baitan herrialde askotako ikasteak biltzen ditu, tartean Frantzia, Bielorrusia, Filipinak, Uganda, Afganistan, Argentina, Txile, Venezuela, Kolonbia eta Mexikokoak.
Gehiago irakurri...
2009/10/15

Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Guillermo Echeniquek, agerpena egin zuen atzo Legebiltzarrean, Lopezen Gobernuak alor horri buruz segitu behar dituen ildo nagusiak aurkezteko. EuskalKultura.com-ek ezarria dauka datozen egunetan hitzordua Echeniquerekin mintzatu eta Diasporaren alorrean egon daitezkeen kezka eta galdera nagusiei buruz jarduteko eta orrialde hauetara ekartzeko. Hori egin bitartean, informazioa gaztelaniaz Europa Press-ek jaso bezala irakurri nahi duenak, jo dezake beheko loturara. Pazientzia pixkat duenak, datozen egunetan izango du orrialde honetan, euskaraz.
Gehiago irakurri...
2009/10/15

El Mundo egunkariaren euskal edizioak artikulua zekarren atzoko edizioan, M. Ramirez-ek sinatua, Argentinako FEVAren eta Eusko Jaurlaritzaren artean azken asteotan gutunez izandako harremana aipatzen. FEVAk gutun gogor bat bidali zion irailean Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzari, eta gutun horren edukia eta Jaurlaritzak emandako erantzuna aipatzen ditu artikuluak. Duen interesagatik, datozen lerroetara ekarri dugu, jatorriz idatzita dagoen hizkuntzan, gaztelaniaz, alegia.
Gehiago irakurri...