2009/10/23

La Platako Euzko Etxea ezaugarri hauetan ezohikoa den ekitaldi baten egoitza izan da hilabete honetan, izan ere Idiazabal gazta dastaketa bat antolatu baitzuen, probestuz hirian zela bisitari Victor Manuel Rodriguez Rivera, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapeneko Dastaketa Batzordeko kidea. Ekitaldiak euskal gazta honi buruzko jendaurreratzea eta azalpen guztiez eta ilustrazio ugariz hornitutako aurkezpena bildu zuen, azpimota desberdinak azalduz eta, bistan da, hori guztia gazta dastatuz, oso era didaktiko, erakargarri eta ulerterrezean.
Gehiago irakurri...
2009/10/23

Argentinan bizi izan den negu gogorrak ekintza bat baino gehiago bertan behera uztera behartu izan du hainbat kasutan. Udaberriaren hasierarekin batera, ordea, euskal etxeak aire zabaleko ekintzak antolatzera animatzen hasi dira. Karia hortara, hiri askotako plaza eta kaleetan jaiak eta azokak gauzatzen ari dira azken asteotan. Tres Arroyosen, esaterako, Hiru Errekako lagunek Janari Azoka antolatu zuten herriko erdigunean urriaren 10ean. Ondoren, urriko asteburu luzean, Claromecoko Gizataldeen Azokan lagundu zuten, euskal kulturari buruz informazioa eskaintzen. Baina Tres Arroyosen, ororen buru, euskaldunak oso kontent dabiltza, euskal etxearen egoitza eraikitzeko lursaila erostea lortu baitute duela bi hilabete. Zorionak!
Gehiago irakurri...
2009/10/22

Euskaltzaindiaren izenean mintzatuko diren Jose Luis Lizundia eta Mikel Gorrotxategiren solasekin, Diasporan hain interes bizia pizten duen deituren gaiari buruz gainera --esanahiak, aldaerak eta aldaketak Ameriketako bidean-- hasiko da gaur goizean Arrasaten Diasporari buruzko 2009ko 'Euskal Herrria Mugaz Gaindi' Mintegiko hirugarren eta azken eguna. Topaketa asteartean inauguratu zen, bertako zein Ameriketako ikerlariak partaide eta egun horretan berean jaso zuen Julian Celaya Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko zuzendariaren bisita. Hiru egunotan, partaidetza fisikoez gain bideokonferentzia bidezkoak ere bildu dituen elkarretaratze honek amaiera ekitaldia gaur arratsaldeko bost t'erdietan izango du, Arrasateko Kultur Etxean.
Gehiago irakurri...
2009/10/22

Eusko Jaurlaritzak 'Lagun Onari' Saria emango dio datorren igandean Mexikoko Errepublikari, euskaldunak abegikor errezibitzeagatik eta urte askotan, bereziki frankismo garaian, ateak zabalik edukitzeagatik Euskal Herritik ihesean edo bestela zihoazenei. Emate-ekitaldia Ajuria-Enean izango da, Gernikako Autonomi Estatuak egun horretan 30 urte betetzen dituela-eta Lopez Lehendakariak antolatutako hitzorduaren baitan.
Gehiago irakurri...
2009/10/22

Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak joan den astean Eusko Legebiltzarrean iragarritako Euskaiko Ordezkaritzen berregituraketak, AEBetako eta Mexikoko egungo Ordezkaritzek bat egitea ekarriko du, egoitza New Yorken, eta lan-esparrua Kanadara ere zabaldurik. Egungo Mexikoko Ordezkaritzak, beraz, bere izaera hori galdu eta New Yorkeko bulego zentralaren menpeko bulego tekniko gisa jarraituko du. Testuinguru honetan, Mexikoko egungo ordezkariak, Iñaki Ruizek, egunak zenbatuak dauzka karguan, aste gutxi batzuk onenean, berregituraketa gauzatu eta New Yorken egoitza izango duen ordezkari berria izendatu arte.
Gehiago irakurri...
2009/10/21

Buenos Aires hiriburuan egoitza duen Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionaletik ekarrita, Immigrazioari buruzko erakusketa ibiltaria egongo da ikusgai bihartik aurrera eta larunbatera arte Tres Arroyoseko 'Hiru Erreka' Euskal Etxean. Euskal elkarteak, Udaleko Kultura Zuzendaritza lankide antolatutako erakusketa honek etorkinei lotutako hainbat gai era berri eta erakargarrian zabaltzea du helburu eta publiko orokorrari, euskaldunei eta euskaldunak ez direnei, dago zuzenduta. Museoko adituak gidari, herriko eskola guztietako ikasle eta helduek parte hartu ahal izango dute ekitaldi interaktibo honetan. Eta proposatutako ibilbidea burutu eta gero, bisitari bakoitzak bere arbasoei buruzko informazioa duen agiri bat jasoko du oroigarri gisa.
Gehiago irakurri...
2009/10/21

Urriaren hamarrean, asteburu luzearen hasierarekin batera, inauguratu zen San Pedron herriko XIV. Gizataldeen Jaia. Antolatzaileen arabera, aurtengo edizioa aurreko urteetakoak bainoa askoz jendetsuagoa izan da, eta oso pozik daude komunitate osoa bertaratu zelako jaialdira. Paseo Publico-n ipinitako standetan hainbat herrialderi buruzko informazioa eskuratu ahal izan zen baita janari tipikoak dastatu ere. XIV. edizio honetan, Argentina bertako talde batzuek ere hartu zuten parte, eta beste jakingarri batzuen artean, erreginaren hautaketa aipa daiteke: Laila Epelde, Ongi Etorri Euskal Etxearen ordezkaria, bigarren printzesa izendatu zuten. Musika arloan ere, euskaldunak gailendu ziren: Maral-eko musikari euskal-argentinarrak izan ziren tauletatik jendea dantzan eta kantuz ipini zituen taldea.
Gehiago irakurri...
2009/10/21

FEVAtik, 'Pilota Berria' programako arduradun den Agustin Asensio Ariñok gogora ekarri du datorren asteburuan, urriaren 23, 24 eta 25ean, Emakumezkoen Nazioarteko Pilota Goma Txapelketa jokatuko dela, Venezuela, Euskadi, Argentina, Australia, AEB eta Uruguaiko pilotariak partaide. Horren ondotik, astebete beranduago eta Bahia Blancan, 2009ko Argentinako Euskal Aste Nazionaleko [urriaren 26tik azaroaren lehenera Buenos Aires probintzia hegomendebaldeko kosta herri horretan] programaren barne, Emakumeentako Pilota Txapelketa berria egingo da, kasu honetan trinketean, urriaren 28tik 31era. Euskal Etxeetako kide eta lagun guztiak, eta oro har zaletu guztiak daude gonbidatuta, sarrera libre eta kitorik.
Gehiago irakurri...
2009/10/20

Plazan da dagoeneko 'Berriketari' euskal-txiletar buletinaren 13. zenbakia, Ignacio Bastarrica eta Maria Angelica Carrasco senar-emazteak arduradun. Azken ale honek --urrian atera izanagatik abuztuko data daramana-- besteak beste biltzen du Punta Arenas-ko Estadio Español-eko Abesbatzak Santiagoko Euzko Etxera eginiko bisitaren berri, bertako Euskal Abesbatza eta 'Itxaropen Gaztea' dantza taldea anfitrioi; aipatzen du abuztu-iraileko Euskal Zine Zikloa, Santiagon, Valparaison eta Concepcion-en gauzatua; eta Vitrofusion izeneko erakusketa, Ana Mary Olazaran euskal-txiletar artista beiralariak prestatua, hori guztia argazki koloredun ugariz hornitua.
Gehiago irakurri...
2009/10/20

Eusko Ikasgaietako Graduondokoa egiteko Eusko Ikaskuntzak Diasporako ikasleentzat bideratutako azkeneko bekak geratzen dira. Euskal kulturaren hainbat alderditan --historia, artea, geografia, etnografia...-- sakondu nahi dutenek aukera paregabea dute Asmoz fundazioak aurten hamargarren urtez eskaintzen duen online ikastaro honekin. Euskal kultura alorrean ezagupen orokor bat jaso eta horren graduondoko titulua Euskal Herriko Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak emanik lortu nahi dutenek azkeneko aukera daukate aurtengoz. Epea ia ixtear, ikastaroaren prezioa %100ean ordaintzen duten beka batzuk geratzen dira Diasporatik ikastaroa egin nahi dutenentzat.
Gehiago irakurri...