2009/11/24

Chascomuseko euskal etxe antolatzaileak atzo arratsaldean plazaratutako ohar batean aditzera ematen denez, Euskal Udalekuaren prezioa 120 pesotan ezartzea erabaki da, ez eta aurretik adierazitako 250 pesoak, erdia baino gehiagoko beherapena eginez beraz, jakinaren gainean egonik egoera ekonomiko latzak askoz aukera gehiago ematen ez duela eta zenbait gastu murriztu eta gero egokiagoa dela parte hartu nahi duten haur eta gaztetxoei partaidetza erraztea azkenean kuota aipatu 120 pesotan utzita. Interesatuek Maria Laura Egurenekin harremanetan ipini beharko dute, beti ere azaroaren 30a baino lehen. Udalekua urtarrilaren 4tik 9ra bitartean egingo da Buenos Aires probintziako Chascomusen, 12 eta 16 urteko haur eta gaztetxoei zuzenduta.
Gehiago irakurri...
2009/11/24

Nafarroako Gobernuak 2009ko Nafarroaren Eguneko egitaraua aurkeztu zuen atzo Iruñean. Aurtengoan Gobernuaren web atariaren barnean Abenduaren 3ko ospakizunaz zabaldutako webgune berezitua da nobedade, egun horretako berri eta jakingarriak bildurik eta baita ere karia horretara propio egindako telebista spot-a, bere bizitza ia osoa Argentinan eman duen Sandalio Suberviola emigrante Nafarroara berriz itzulia protagonista. Nafarroako Ereserkiaren orkestra bertsioa ere badakar webguneak, MP3an.
Gehiago irakurri...
2009/11/24

Irungo Real Union futbol taldeko ordezkaritza batek, Ricardo Garcia presientea buru, Murtziako Euskal Etxea bisitatu du joan den asteburuan, talde irundarrak partida Murtzian jokatu behar zuela-eta Euskal Etxe murtziarrak eginiko gonbidapenari erantzunez. Azkenean Real Murcia ekipoaren kontra Nueva Condomina estadioan jokatutako partidaren emaitzei dagokienez ondorioak oso euskaldunen aldekoak izan ez baziren ere, aipatu bi elkarteak harreman polita hasi dute eta Unai Sanchez Euskal Etxeko lehendakariak, irundarra berau, harro erakuts dezake Euskal Etxeko paretean Real Uniongo jokalari guztien sinadura daraman elastiko dedikatua.
Gehiago irakurri...
2009/11/23

Viedma eta Carmen de Patagones herri argentinarretako bazkideak biltzen dituen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' delako euskal elkarteak bere 13. urteurreneko festa egin zuen atzo Rio Negro Probintziako Banketxeko langileen partzuergoaren Laket Gunean, bere bazkide eta lagunetako ehun bat pertsona bertara bildurik. Elkarretaratzeak zahar, gazte eta haurrak ere batu zituen eta guztientzat garatu ziren ekimenak. Musika, dantza, kantua, kirolak, joko eta jolasak ez ziren batere falta izan, ezta ere alaitasuna, bizitasuna eta umore on eskuzabal eta guztiekin partekatua.
Gehiago irakurri...
2009/11/23

Argentinako 'Udako Euskal Unibertsitatea'ren antolatzaileek gonbitea luzatzen diete ikasle ohiei eta oro har parte hartu nahi dutenei 2010eko Ikastaroaren programaren aurkezpenera. Iazko lehenengo esperientziaren ondotik, aurtengo edizioa otsaileko lehenengo bi astez luzatuko da eta aurrekoak bezala, Euskal Herriko historian eta kulturan zehar paseatzea du helburu. Aurkezpena bihar asteartez egingo da eta horrekin batera 2009ko edizioko ikasleek egindako idazlanak ere aurkeztuko dira, guztiak liburu batera bilduta. Ekitaldia arratsaldeko sei t'erdietan izango da, Euskal Echea Institutuaren egoitzan, Buenos Aires hiriburuko Sarandi 735 helbidean.
Gehiago irakurri...
2009/11/23

Zuzendaritza Batzordea berritu du Uruguain, bertako hiriburuko Haize Hegoa Euskal Etxeak, izan ere Euskal Etxea izatearekin batera bere burua 'Euskal Kultura Uruguain Sustatzeko eta Ikertzeko Etxea' legez definitzen duen euskal elkarteak. Orain arte lehendakari izan den Enrique Poittevin Gilmet-ek, Maite Bengoa Tejeriari pasatu dio lekukoa, bertako kideek zegokion bilkuran Zuzendaritza berritzeko hauteskundeak egin ostean. Zorionak Maite Bengoa euskaltzale atxiki eta ezagunari, eta ongi irabazitako zorionak baita ere kargua uzten dutenei, elkartean lana lekuz aldatu baizik ez dutela egingo pentsa baitaiteke, euren eskarmentua, lan eskuzabal eta nekaezina eta euskal engaiamendua zinez ezaguna baita.
Gehiago irakurri...
2009/11/20

Hiriaren 436. urteurrenaren ospakizunen barnean gauzatu da aurten Santa Feko Gizataldeen Azoka. Topaketa, Belgrano Tren Geltokian, berreskuratu berria den aretoan, egin da, inaugurazio ekitaldiak hamar mila bat pertsona bildu dituela, antolatzaileen arabera. Hamabi kolektibitatek hartu zuten parte jai berezi honetan bakoitzak bere musika, dantzak eta janari tipikoak erakutsiz. Santa Feko alkate Mario Barletta eta Kultur Idazkari Damián Rodríguez Kees izan dira ekitaldiko buru eta Udal Bandak eta Abesbatzak jarri diote musika. Azokako XVI. edizio honetan Santa Feko euskaldunek Paranako Urrundik Euskal Etxeko dantzariak gonbidatu dituzte jaialdian parte hartzera.
Gehiago irakurri...
2009/11/20

Chascomusen, bertako Euskal Etxeak antolatuta urtarrilaren 4etik 10era egingo den Euskal Udalekuan parte hartu nahi duten euskal etxeetako 12-16 urte arteko gazteek azaroaren 30era arte eman dezakete izena. Partaideetako bakoitzak 120 peso ordaindu beharko ditu orotara, eta izena emateko unean 50 pesoko seinalea utzi. Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxea da ekimeneko antolatzaile, Gipuzkoako Foru Aldundia lankide eta laguntzaile Chascomuseko Pilota Kluba eta Arraun Elkartea. Interesatuek Maria Laura Egurenekin kontaktatu beharko dute, mailez edo telefonoz, artikulu honetan aurrerago adierazten diren helbide eta zenbakietan.
Gehiago irakurri...
2009/11/20

Hego Ameriketako puntara Argentinako Euskal Asteko ekitaldietan parte hartzera ekarri zuen bidaia berean inguratu zen Txilera Julian Celaya Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Zuzendaria. Ekimen argentinarraren aste berean lehenxeago, Andeen Mendebaldeko magaleko herrialde honetan ofizialki onetsita dauden bi euskal etxeak bisitatu zituen, Santiago hiriburuan eta Viña-Valparaison.
Gehiago irakurri...
2009/11/19

Ikastoletako lehen andereñoek jasoko dute aurtengo Argizaiola saria, eta kultura katalana izango da, berriz, 2009ko edizio honetako kultura gonbidatua. Erakusleei dagokienez, 156 parte-hartzaile bilduko ditu Azokak. Parte-hartzaile kopurua igo den arren, iaz adina erakusmahai izango dira: 292. Liburu berriak, aurten 308 izango dira, iazko 345ak baino 37 gutxiago, beraz. Diskoak, iaz baino bost disko gehiago: 69. Eta aurten leku berezia izango dute kultura katalanak eta bere emaitzek, euskal kulturarekiko eta euskaldunekiko harremana estutu nahiean. Abenduaren 4ean, ostirala, hasi eta 8raino, asteartea, luzatuko da. Iaz baino egun bat gehiago. Garikoitz Goikoetxeak sinatzen du artikulua Berrian.
Gehiago irakurri...