euskal diaspora eta kultura
2016/12/08
Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak, Saltoko Udalak eta bertako Ardogileen Elkarteak akordio bat sinatu zuten joan den larunbatean, hiriko Harriague Upeltegia berreskuratzeko. Lanak epeka egingo dira, ‘Harriague Upeltegia Kulturgunea – Tannat-en Zero Puntua’ izeneko espazioa lortu arte. Hitzarmena sinatu eta gero Euskararen Eguna eta Euskal Etxearen 24. urteurrena ospatu zituen bertan Saltoko euskal gizataldeak.
2016/12/07
Mundu osoko euskaldunek ospatu zuten euren eguna; baita Argentina, Brasil eta Uruguaikoek ere. Jaiak mota askotakoak izan dira, batzuk oso jendetsuak beste batzuk ez hainbeste, baina guztietan gauza bera aldarrikatu dute: euskara ikasteko eta euskaraz hitz egiteko eskubidea, han eta hemen. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, 2016ko ENEren bigarren kronika.
2016/12/07
1941ean Agirre lehendakaria klandestinitatean heldu zen Uruguaira, naziek hartutako Europatik ihesi eta Uruguaik besoak irekita hartu zuen, bertako Ordezkarien Ganberak ohorezko harrera eginik gainera. Aurten, egun haren 75. urteurrenean, Montevideoko euskaldunek omenaldia egin diote Uruguaiko Ordezkari Ganberari. Eusko Legebiltzarrak ere bat egin du, Bakartxo Tejeriaren esker oneko bideo baten bidez, mezuan, Agirrek euskeraz Uruguaiko irrati euskaraz egindako hitzak entzun daitezkeela.
2016/12/07
Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak hiriko haur eta gazteek eginiko Gabonetako postalak bidaltzen ditu urtero munduan barrena, euskal pertsonaia mitologikoekin: Olentzero, Mari Domingi, Galtzagorri... Elkarteak euskal postalen lehiaketa bat egin ohi du. Aurtengoa datorren larunbatean izango da, elkartearen egoitzan. Bertaratzen diren haur eta gazteek euskal Eguberriei buruzko kontakizuna entzungo dute eta ondoren egin berako dituzte marrazkiak. 19. edizioa du ekimenak.
2016/12/06
Kirmen Uribe idazle ondarroarra Peru aldera abiatuko da egunotan, Arequipako Hay Festival literatur jaialdia parte hartzeko. Arequipan Uribek azken eleberria aurkeztuko du "Elkarrekin esnatzeko ordua" ("La hora de despertarnos juntos", gaztelaniaz). Lan honetan Uribek Txomin Letamendi eta Karmele Urresti senar-emazteen istorio zirraragarria dakarkigu: Letamendi jazz musikaria zen eta gerra zibilaren ondoren Venezuelan erbesteratu zen. Hala ere, Agirre lehendakariak eskatuta Europara itzuli zen aliatuen alde espiatzeko Bigarren Mundu Gerran.
2016/12/06
“Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?” dio ‘Euskal Herrian Euskaraz’ abestiak. Diasporako ikasle eta irakasleek ondo baino hobeto dakite hori eta sendo eusten diote euskara ikasteari, Euskal Herritik hamabi mila kilometrora bizi izan arren, euskaldunak sentitzen eta euskaldunak direlako. Ospakizuna egun batean egiten da; euskara, ordea, urte osoko erronka da Hego Amerikako euskaltzaleentzat.
2016/12/05
Oihane Pardoren jantzirik kuttunena amonak utzitako aspaldiko kaiku bat zen eta harekin ibili zen urtetan, baita Shanghaira lanera joan zenean ere. Baina kaiku hura zaharkitu eta berri baten bila hasi zenean ez zuen bere gustukorik aurkitzen: "denak ziren edo kalitate txarrekoak, edo mozorroak bezala, oso folklorikoak", esan dio gazteak EuskalKultura.com-i. Halatan, jostorratza hartu eta berak berria egitea erabaki zuen. Eta bidenabar, kolore berriak erabili. Eta diseinua berritu... Eta ingurukoak kaikuak eskatzen hasi zitzaizkionez, Amarenak enpresa sortzea erabaki zuen.
2016/12/05
Las Flores hiri argentinarreko Loretako Euskaldunak Euskal Etxeak 20 urte bete ditu aurten eta efemeridea ospatzeko jai bat antolatu zuen komunitateari begira. Afarian gastronomiari buruzko 2016ko Gaztemundu programan parte hartutako Tatiana Iparraguirrek Donostian ikasitakoa erakutsi zien bildutako lagunei. Dantza taldeak ere izan zuen zeregin bat ekitaldian: dantza erakustaldia eskaini eta publikoa gonbidatzea eurekin dantzatzera.
2016/12/05
Iragan ostiralean hasirik eta bihar arte, abenduaren 2tik 6ra, zabalik dira Landakon Durangoko Azokaren 51. edizioko ateak, aurten ere Diasporaren presentzia bertan partaide, bai liburu eta produktuetan zein ekitaldi eta standetan ere. Azokako areto nagusian egin diren aurkezpen eta ekimenez gain, aurten bigarrenez euskal etxe edo komunitate batek kudeatzen duen Diasporaren stand-ean, FEVA eta komunitate euskal-argentinarra daude jendaurrean. Egon ez bazara, ez utzi gehiago, bihar baita azken eguna.
2016/12/03
Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat banatzen duen ENE Saria Argentinako Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarte historikoari egokitu zaio aurten, "euskara eta euskal kulturaren alde iaz eta orain arteko 112 urteko ibilbide luzean eginiko ekarpenaren karietara". Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea 1904an sortu zen Argentinan, eta gaur Llavallol (Buenos Aires probintzian) eta Buenos Aires hiriburuan dauzkan bi zentruetan milaka ikasle dauzkan eskola da, bere jatorria ahaztu gabe euskara, euskal kultura eta dantza ikasgai maten dituena.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus