euskal diaspora eta kultura
2016/12/28
Urtea bukatzeko Euskal Etxeko batzuk eginiko bazkaria emankorra suertatu da, bertan proposatu baitzen 2017a hasteko mendi irteera. Aire zabaleko egun osoko proposamenak euskal etxeari eta eskualdeari izena ematen dion Confluencia mendixka hartuko du ardatz eta parte hartzaileak bertara igo eta Neuquen eta Limay ibaiak elkartzen diren naturgune ederra ikusiko dute, gero jaitsi, giro onean bazkaldu eta musean eta sokatiran aritzeko. Irteera erraza da, nahi duten guztiek parte har dezaten.
2016/12/27
Egin berria du abenduaren 18an Habanan urteko bere Biltzar Nagusia Kubako Euskal Etxeak. "Centro Vasco Navarro de Beneficencia" izenpean 1877an sortua, Ongintzako Euskal Elkartea eta Habanako Euskal Etxea izenak ere erabiltzen ditu munduko euskal etxe zaharrenetakoa den honek. Renato Garcia Egusquiza 2012tik presidente duela, elkartea bere burua prestatzen ari da 2017ko uztailean bere 140. urteurrena ospatzeko. Gonbitea ere luzatzu die presidenteak munduko euskaldunei: "Zaztozte gurekin bat egitera, ez zarete damutuko" aldarrikatu du EuskalKultura.com-en bidez.
2016/12/27
Leku hori hastapenean bereganatua zuen pertsonak uko egin ondoren, Euskadiko Buletin Ofizialak (EHAA-BOPV) abenduan eman du argitara aldaketa eta orain arte Vitoria-Gasteiz egoitza izanik bekaduna zen Intza Balenciaga abenduaren 16ko datatik aurrera Boisera pasatzen da ofizialki, nahiz eta egiazko bere sarrera bertan 2017ko lehenengo asteetan izatea igurikatzen den, bisatu eta paper kontu guztiak garbitu ondoren. Mikel Moreno Fernandez da, bestalde, bekadun berria Gasteizen.
2016/12/27
Itxaropen-emailea da urte berria plan on batekin hastea; eta Mariana Dominek proposatzen duen Euskal Herrira joateko bidaia plan ederra izan daiteke 2017ko Argentinako negurako, Europako udarako. Taldea abuztuaren 24an abiatuko da Ezeizatik eta hamazazpi egunetan zehar Euskal Herriko leku esanguratsu eta kutunenak pasatuko ditu, Mariana Domine Irigoyen bera gidari eta taldekide.
2016/12/26
Gaur zortzi agortuko da epea EuskalKultura.com-en abenduko zozketan parte hartzeko. Sariak sei dira: bi egutegi (NABOrena eta Arantzazukoa), liburu-CD bat euskaraz (Manex Pagolaren kantuen berri eta CDa horiek bilduz), liburu bat gaztelaniaz ("Euskera para castellanohablantes", euskarara hurbiltzeko), eta bi CD (Euskal Herriari herriminez begiratua ematen dion "Herri Miña, cantos de lejanía y retorno" eta Patxi eta Konpaniaren "Bidarte"). Ez ahaztu, epea, abenduaren 29a akituko da.
2016/12/26
Diasporako Gutunen 4. Lehiaketan parte hartzeko deia egin dute Valentziako Euskaltzaleok eta Laurak Bat Euskal Etxeek. Diasporan euskara butzatu eta euskal etxeetako euskara ikasleen eta oro har euskaltzaleen artean eragin eta ekimen berriak sustatzeko helburuz sortutako proposamen honek edozein euskalkitan idatzitako testak onartzen ditu, bi kategoriatan: euskara ikasleak eta euskal hiztun arruntak. Lanak emailez bildatzeko epea urtarrilaren 20a da. Ikus oinarri osoak.
2016/12/26
2016a bukatzearekin, bere agintealdia bukatu du azken zortzi urteetan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) errektore izan den Iñaki Goirizelaiak. Azaro amaieran egin hauteskundeetan --Goirizelaia ez zen aurkezten-- bere orain arteko taldekide Nekane Balluerka hautatua izan ostean, Ingeniaritza Telematiko katedradun den 58 urteko bilbotar hau bidaia hasiko da prestatzen AEBetara joateko, Boiseko BSU unibertsitatean graduondoko irakasle arituko baita 2017an.
2016/12/23
Urtero data hauetan bezala, Eguberri Mezua zuzendu die Urkullu lehendakariak Kanpoan den Euskal Komunitateko kideei. Lehendakariak amaitzen ari den urteari gainbegirada ematen dio, bereziki Agirre aurreneko lehendakariarekin eta lehenengo Eusko Jaurlaritzarekin lotuta urtean zehar bete diren urteurrenak gogora ekarriz, baita Basque Global Network ekimena ere. Jarraian Urkulluren mezua, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
2016/12/23
Iritsi gara beste Eguberri batzuetara eta, aukera baliatuz, irakurle, gure agiantza onenak bidali nahi dizkizugu sasoi berezi honetan eta 2017 urte berrirako, zinez urte hobea izan dakigun. Eskerrak ere ematen dizkizugu hor egoteagatik eta irakurle zintzo irauteagatik, zure sostenguarekin gure familia handi txiki edo txiki handi honetako kide izanez. Mila esker baita ere azken egunetan hainbat euskal etxe eta lekuetatik agiantza onak igorri dizkiguzuenoi. Zorionak eta Urte Berri On!
2016/12/23
Aizpea Goenagak, azken sei urteotan Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak, ez du erakundean jarraituko 2017an. Kultura sailburu berriak, Bingen Zupiriak, Miren Arzalluz izendatuko du kargu horretarako. Goenaga, Etxepareko zuzendaria izan da institutuaren hastapenetik (2010ean); eta berak izan du erakundea abian jartzeko ardura, Mari Jose Olaziregi laguntzaile. Olaziregik duela aste batzuk utzi du bere kargua. Irakur Aizpea Goenagaren azken agur gutuna.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus