euskal diaspora eta kultura
2017/02/20
Urtea bukatzearekin batera eman zion txanda Iñaki Goirizelaiak Nekane Balluerka EHUko errektore berriari eta iragan astean Boisera iritsi da Boise State University-ko (BSU) lehenengo Eloise Garmendia Bieter katedraz jabetzeko, Etxepare Institutua tarteko. Boisen den bitartean, eskola eta hitzaldiak ditu BSUn eta euskal komunitateak antolatutako tailer eta emanaldietan hartuko du parte.
2017/02/20
Florencia Aristegui eta Ayalen Artuch dute izena eta "Zumaia" bataiatu dute Buenos Aires probintzia hegoaldean sortu duten diseinu eta moda osagai ekimena. Gazte bezain ekimentsu dira eta euskal kultura eta eskulanak dituzte gustuko. Bi zaletasun horiek uztatuz abiatu dute "Zumaia", lepokoak, eskumuturrekoak, idunekoak eta orkatilakoak aurkeztuz, asko euskarazko izenekin gainera. Tres Arroyosen dauzkate salgai, baina beste edonondik heltzen bazaizkie eskaerak zerbitzatuko dituztela baieztatu digute.
2017/02/17
San Frantziskoaldeko eta inguru zabalago bateko euskaldunen biltoki da ingelesez Basque Cultural Center eta euskaraz Gure Euskal Etxea deitzen duten euskal elkarte sanfrantziskotar hau. South San Frantzisko hirian kokatua, asteburu honetan ospatuko du zabaldu zuteneko 35. urteurrena. Larunbat eta igandeko egitaraua ekitaldiz betea dator, musika, otorduak, dantza, kantua... eta, besteak beste, pilota, Euskal Herritik etorritako joko-garbiko eta esku huskako pilotariekin.
2017/02/17
Deialdia, bizitzako momenturen batean dantzariak izan diren guztiei dago zuzenduta eta gaur egun ere, agian dantzatzeko aukera gutxi izanda ere dantzari kontsideratzen segitzen direnei. Elkarretaratzea Mar del Platan izango da, ekainaren 10 eta 11an eta luzatzen den erronka, egoera berean daudenekin egun horretarako dantza bat prestatzea. Bestalde, urtarrileko azkeneko asteburuan gauzatu zuen 2017ko Jaialdiaren balantze baikorra egiten du Denak Batek.
2017/02/16
Asteburu lanpetua izan dute pasa dena Estatu Batuetako Utah-ko Salt Lake Cityko euskaldunek eta bertako Utah-ko Euskal Etxeak (Basque Club of Utah). Bi ekitaldi nagusi bildu zituen larunbatak: goizeko 8:00etan hasita, NABOren urteko lehenengo bilera, AEB osotik etorritako delegatuak partaide; eta iluntzean, seietatik goiti, tokiko elkartearen urteroko "Basque Dinner and Dance" ekitaldi klasikoa, euskal etxearen urteko diru-sarreretan oinarrizkoa den ekitaldia. Arrakasta betez ospatu ziren biak.
2017/02/16
2012an sortu zen ‘Gure Gutiziak’ ekimena, Gral. Las Heras herriko euskal argentinar familia baten baitan. Urtez urte handituz joan den enpresak 50 jangai mota eskaintzen ditu gaur egun, etxekoak, kontserbagarririk gabekoak, gozo eta gaziak. ‘Gure Gutiziak’ marmeladak, likoreak eta eskabetxeak dastatu eta gozatu nahi badituzu, Buenos Aires Celebra-ko standean aurkituko dituzu martxoaren 18an.
2017/02/15
Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak, Marian Elorzak, datozen urteetarako Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako arloaren ildo nagusiak aurkeztu ditu atzo Legebiltzarreko Europar Gaien eta Kanpo-Harremanetako Batzordearen aurrean. Kanpo-agenda, Basque Country 2020 Estrategiaren eguneratzeak —nazioarteko testuinguru berrira egokitzeko— eta jarduerak ardazteko "aukera-lurraldeak” leheneratzeak markatuko dute.
2017/02/15
Martxoaren 7an abiatuko du Buenos Airesko Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak 2017ko ekintzen egitaraua. ‘Zenbat euskaldun eta euskal jatorrizko jende dago munduan?’ izango da zikloa hasteko Jorge Beramendik emango duen hitzaldiaren izenburua. Fundazioak bi bidaia ere iragarri ditu datozen hilabeteetan: lehenengoa, maiatzean, Iparraldera eta Frantzia hegoaldera; eta Euskal Herriko azpi probintzietara bigarrena, irailean..
2017/02/14
Agus Barandiaran buru duen Korrontzi talde bizkaitarra bira bat ari da prestatzen Argentinan bere ikuskizuna aurkezteko. Kontzertuetan, Argentina bertako dantzariek lagunduko dituzte euskal musikariak eta horretarako aldez aurreko trebakuntza jasoko dute. Bidaiaren egitaraua ez dago oraindik itxita eta, izan ere, euskal etxeen gonbiteekin osatuko da. Beraz, Korrontzi zure euskal elkartera ekarri nahi baduzu, jar zaitez kontaktuan taldearekin zure gonbite eta proposamena lehenbailehen luzatzeko.
2017/02/14
Uztailaren 8tik 16ra bitartean ospatuko du La Habanako Euskal Etxeak bere 140. urteurrena eta nahiz eta ekintzen programa oraindik erabat itxita ez egon, baieztatuta dauden aktibitateen artean dagoeneko aipa daitezke: instituzioko kide eta lagunen arteko bilkura, Joseba Gotzonen kontzertuak eta Euskal Zine Zikloa. Euskal Zine Zikloa Buenos Airesko Zine Ibiltariaren arduradunen esku egongo da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus