euskal diaspora eta kultura
2017/05/11
Sakelako telefonoak eguneroko bizitzara iritsi direnetik, lagungarri diren tresnak gailu horietara egokitzea da erronka. Sarean dauden milioia aplikazioen artean, euskarak ere badu tokitxoa. Horietarik asko euskara ikasteko gutizia elektronikoak dira. Artikulua Garbiñe Ubedak sinatzen du Berria egunkarian.
2017/05/10
Joan den igandean heldu ziren Euskal Herrira, Eibarrera, Gipuzkoan, eta astebete emango dute, Euskal Herriko dantzak ikasten. Ez dira euskaldunak, eta ez dute berez loturarik Euskal Herriarekin, baina dantza eta balleta ikasten dute Utah-ko Salt Lake City hiriburuan. Aurretik ere, dantza talde bereko kideak etorri ziren, 2008an, eta argi daukate euskal dantzak ikastea interesgarria zaiela dantza gisa formakuntza hartzeko orduan. Artikulua, Kezka dantza talde eibartarrak sinatzen du Dantzan.eus webgunean.
2017/05/10
Esaldi ezaguna da komeni dela historia ezagutzea eta memoria bizia izatea, errepika ez dadin. Ideia horri atxikitzen zaizkio munduan zehar hainbat euskal etxe eta komunitate, urtero Gernikako Bonbardaketaren urteurren garaian, eta halaxe izan da aurten ere, baina indar eta oihartzun bereziz, sarraski haren 80. urteurrena iritsi delarik. Inoiz baino gehiago izan dira euskal etxeek han-hemenka antolatutako ekitaldiak, gertatutakoa salatuz eta Bakearen aldeko aldarria eginez.
2017/05/09
Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako taldea, duela hiru hilabete eskas bertako arduradun den Gorka Alvarez Aranburu buru, Madrilen izan da joan den asteburuan, euskaldunekin zerikusia daukaten bertako lekuetako batzuk bisitatzeko eta hiriko euskal elkarteetako ordezkariekin biltzeko. Bisita oso interesgarritzat jo dute. Madril eta bertako euskal bizitza bereziki ongi ezagutzen ditu Gorka Alvarezek, zortzi urtez bizi izan baitzen Madrilen, elkarte hauetako batzuetako kide izanez.
2017/05/09
La Pampako Gral. Acha herrian jaioa, Cordoban bizi da Mauro Funes. Sukaldari gazteak bere sorterriko Euzko Txokoa Euskal Etxearen izenean hartu zuen parte iaz Gastronomiari eskainitako Gaztemundun. Cordoban sukaldaritza ari da ikasten Mauro, bertako Gastronomia Eskola batean. Bere formakuntza ibilbidean, baina, oso garrantzitsutzat jotzen du Euskal Herrian izandako esperientzia. Horen adierazgarri, Pintxo Tailerra eta ondoren dastaketa eskaini berri ditu bere jaioterriko euskal etxean.
2017/05/09
Zuzendaritza Batzordea berritu du Las Flores-en, Loretako Euskaldunak euskal etxeak, eta Federico Inchauspe arkitektoa hautatu dute lehendakari berri. Bestetik, Buenos Airesko herri honek eta Loretako Euskaldunak-ek Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagola ordezkariaren bisita jaso dute joan den astean.
2017/05/08
Mota askotako ekintzak egin ditu Uruguaiko Salto herriko euskal etxeak Pascual Harriague omentzeko: Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurren zeremonia, Ardo Finaren X. Aretoaren inaugurazioa –Argentinako Ibaiko Izarra Euskal Etxeko dantzariak lagun– eta ‘Euskaldunak Hego Amerikako ardogintzan’ izenburuko hitzaldia. Euskal elkarte saltotarretik jakinarazi digute, gainera, dagozkion izapideak ari direla egiten, lur eremu bat eskuratu eta bertan ‘Gernika Gunea’ izeneko pasealekua sortzeko.
2017/05/08
Nafarroako Gobernuko lehendakariak euren ahalegina eta ekarpena errekonozitu die Nafarroa utzi behar izan zuten milaka eta milaka nafarrei, eskerrak emanez "gure kultura gure mugetatik haratago sustatzen" lagundu duten emigrante guztiei, urrun joan arren, abegikortasunez hartu zituen herrialdeari ekarria egin diotelako, baina "batere muzin egin gabe Nafarroarekiko partaidetza sentimentu sakonari". Adierazpenak "Geroa Bai-Argentina" webguneari eman dion elkarrizketa orokorrago baten barnean egin ditu.
2017/05/08
Juan Manuel Lopetegui hautatu du joan den apirilaren 28an eginiko Batzar Nagusian Bahia Blancako Union Vasca-k elkarteko lehendakari berria. Bilkura berean, Zuzendaritza Batzordearen zati bat berritu zen eta iazko urtealdiko txostena eta 2016ko balantze ere onartu zuten euskal etxearen egoitzan bildutakoek. Kuotak igotzea ere deliberatu zuten, bazkide aktibo eta erantsienak 130 pesotan utziz, eta partaideenak 100 pesotan.
2017/05/05
Beste urtebete, eta uda aldera hurbiltzen ari garela, hemen dugu beste behin euskal piknik eta jaialdien sasoia Estatu Batuetan, maiatzean hasi eta urrian bukatzeko. Tartean, AEBetako euskal etxe eta komunitate antolatuek euren piknik eta jaiak egingo dituzte, bertan finkatuta dagoen euskal-amerikar modu tradizionalean. Bihar Fresnon (Kalifornian) hasi eta urriaren 14an Rocklinen (Kalifornia baita ere) bukatu den programak, uztailaren 21-24an Wyoming-eko Buffalon ospatukoduen NABO Convention eta Festa izango du seguruenik hitzordu nabariena.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus