euskal diaspora eta kultura
2017/11/10
Hemen da deia asteburua! 2017ko Argentinar Euskal Aste Nazionaleko ekitaldiak astelehenean hasi ziren eta astean zehar pintura, baserri, argazki eta euskarari buruzko erakusketak inauguratu dituzte nicolastarrek. Euskal zinea ere erakutsi dute, Carlos Gabilondo medio, eta atzo bazkaria prestatu zuten 300tik gora umerentzat bertako Etxe Nasaia programaren 15. urteurreneko edizioan. Orain arte egindakoaren argazki galeriarekin batera, hona asteburuko programa. Zatoz gaur hasiko den txanpa nagusira!
2017/11/10
Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak herrialdeko euskal etxeetako bazkideak gonbidatzen ditu Euskal-Venezuelarren Senidetasun 3. Jardunaldietan parte hartzera. Bi aste barru, azaroaren 24tik 26ra egingo dira Chichiriviten, Falcon Estatuan. Ostiraletik igandera bitarteko egonaldia da, elkar hobeto ezagutu eta komunitate zentzua indartzeko. Parte hartzeko bazkide gisa egunean behar da egon, eta izena gaur bertan eman, ahal dela, adierazi du Caracasetik Jazoera buletinak.
2017/11/09
Urtero, munduan zehar barreiatutako euskaldunen eta euren erakunde eta taldeen artean euskararen alorrean egindako bere lanagatik gailendu den, edo apaltasunean bere ingurukoek gailendu nahi izan duten norbait saritzen du Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, ENE Saria emanez. Ohore hori jasotzeko moduki inor ezagutzen baduzu, jakin ezazu egun batzuk dituzula oraindik proposamena aurkezteko, datorren asteko asteazkenean bukatuko da horretarako ezarritako epea.
2017/11/09
Euskal Herriko musika tresnen inguruko hainbat jarduera baitaratu ditu FIVUren 2017ko Udalekuren edizioak, 35 lagun partaide, Canelones departamentuko itsasaldean. Musika tailer horien emaile, aurtengo Gaztemundu programan partaide izan den Agustin Trigo Sarraute izan da, Haize Hegoako kide berau. Canelonesko La Tuna hondartzan egindako asteburupasak euskaran murgiltzeko ere balio izan die bertaratutako haur eta heldu euskal-uruguaitarrei.
2017/11/08
Ikasturteko lehenengo bilera egina dute Bordaleko Euskal Etxean Europako bederatzi euskal etxetatik etorritako hamazazpi irakaslek. Aquitania Berriko hiriburuko Eskualdunen Biltzarra anfitrioi, bildutakoek aztertu dute, beste zenbait gairen artean, "nola landu mintzamena euskal etxeetako talde anitzetan". HABEren Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegik azpimarratu dio EuskalKultura.com-i irakasleen artean dagoen profil desberdintasuna, "ilusioa, gogoa eta lana" guztien arteko lokarri.
2017/11/08
Azaroko lehenengo bi asteburuetan luzatuko da aurten Bariloche hiriko Europar-Argentinar Gizataldeen Jaialdia. Inaugurazio egunean, aurreko asteburuan, eta urtero bezala, taula gainean zein standetan luzitu ziren bertako Mendiko Eusko Etxea-ko lagunak. Sukaldaritza txokoan, ezaugarri duten menu zabala eskaini zuten. Tauletan, Xiberoko Maskarada oinarri zuen suite batean batu ziren Euskal Etxeko dantza talde guztiak.
2017/11/07
Mexiko Hiriko San Inazio Loiolakoa Ikastetxeko Maria Basagoiti Noriega Artxibo Historikoa eta Mexikoko Euskalerriaren Adiskideen Elkartea antolatzaile, III. 'Euskal Herriko seme-alaben presentzia Mexikon eta Ertamerikan, XVI-XXI mendeak' Nazioarteko Kongresua egingo da ostegun honetan, azaroaren 9an, Mexiko Hirian, egin ere 'Colegio de las Vizcaínas' ezizenez ezagunagoa den San Inazio Loiolakoa Eskola horretako San Inazio Loiolakoa izen bereko Kaperan.
2017/11/07
Datorren urtean beteko du bere 95. urteurrena Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkarteak. Ospakizunek, ordea, hasiak dirudite. Izan ere, urte ederra bizitzen ari dira Patagoniako euskal gizatalde honeko lagunak eta egin berria duten Urteko Adiskidetasun Afaria horren isla on bat izan da. 300 gonbidatu biltzeaz gain, Mikel Ezkerroren bisita eta hitzaldia jaso zuten; eta dantzariek Zintza Dantzaren paregabeko koreografia aurkeztu zuten, Iruñeko Duguna Udal dantzariekin distantzian ilusio handiz ikasita.
2017/11/06
Iritsi da. San Nicolaseko Euzkal Etxea antolatzaile, azaroaren 6tik 12ra izango da aurten Argentinako Euskal Aste Nazionala. Astean zehar Euskal Herriko kultur adierazpen ugari eta euskal kulturaren lagun frango bilduko dira hirian diasporaren jai handi honetaz gozatzeko. Festaren baitan Euskal Etxeak daraman ‘Etxe Nasaia’ programa solidarioaren 15. urteurrena ere ospatuko dute, General Rojo herrixkan, 350 bat ume gonbidatu.
2017/11/06
Asteartetik larunbatera bitartean, azaroaren 7tik 11ra, "Euskal Herriko eta Errepublikako zientzialari erbesteratuak aztertuko ditu, haien oroimena eta ondare intelektuala berreskuratzeko asmoz" Hamaika Bide Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatu duten Batzarrak. Kongresu hau bi urtean behin gauzatzen du Hamaika Bide Elkarteak, erbesteari lotutako gaiak aztertu eta jendaurretzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus