euskal diaspora eta kultura
2018/03/06
Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxeko kideek asteburuan inauguratu dute euren egoitza berria. Inaugurazio ekitaldia elkartearen kalean egin da, eraikin dotorearen aurrean, publiko ugari lagun. Euskal Etxera sartzeko momentuan, Euskal Odolak-ek izan zuen lehenengo lehendakariak, Mariano Oillataguerrek, eta egungoak, Ignacio Echevarriak elkarrekin moztu dute zerrenda, Ayacuchoko egungo alkate Emilio Cordonnier eta alkate ohi Pablo Zubiaurre lagun (ikus argazki sorta)
2018/03/05
Martxoan sartzearekin batera uda bukatu eta 2018 ikasturtea hasiko da Argentinan, eta testuinguru horretan euskara irakasleak ziklo berriaren antolakuntzan zinez daude murgilduta. Herrialde osoan daude sakabanatuta euskal etxeak eta gehienetan eskaintzen da euskara ikasteko aukera. Bateon batean ez badago, ez ahaztu on line ikastaroak ere badaudela etxetik atera gabe euskara eta euskal kultura ezagutzen hasteko. Buenos Aires probintziako Olavarria hirian lehen aldiz irakatsiko dute, UNICEN-Universidad Nacional del Centro Unibertsitatean.
2018/03/02
Patxi Laborda, Sabin Bikandi, Katalin Zarate eta Anartz Ormaza izango dira 'Dantza mikauak'eko irakasle larunbat eta igande honetan Areatzan (Bizkaia), "ikasteko metodologia dibertigarria, argia, erraza eta bizi garen mundurako egokia" erabiliz. Larunbat gauean, gainera, jendeari zabaldutako erromeria irekia eskainiko da, ikastarokieek euren aurrerapenak praktikatu eta oro har partaideek dantza herrikoiekin gozatu ahal izan dezaten. Aiko Taldea erreferentziazko talde bat da euskal dantza tradizionalak sustatu, irakatsi eta transmititzeko lanetan.
2018/03/02
Juan de Garay Euskal-Argentinar Fundazioak 35 urte beteko ditu datorren abuztuaren 16an eta elkarretaratze bat eginez ospatzeko asmoa dauka bazkide eta adiskideak bildurik. Buenos Airesen egoitza duen erakundeak 2018 urterako plangintza aurreratu du, tartean asteroko hitzaldien programa, datorren astean abiatu eta urtea bukatu arte asteartero garatuko duena. Datorren asteartean ikasturteari hasiera emango dion hitzaldia "Euskaldunak eta ItsasArmada Handia" izenburuduna izango da, Jorge Beramendi hizlari.
2018/03/01
Zabaldu eta itxi. Di-da. Azken urteotan, 10-15 bat minutu baizik ez du iraun zabalik, tarte horretan bete baitira eskaintzen ziren lekuak. Arratsaldeko seietan epea zabaltzen denean (AEBetako Mendebaldeko orduan: Euskal Herrian ostiraleko goizaldeko 3ak), berehala, azkar eta denbora batere galdu gabe behar da bururatu izen-ematea. NABOn Udalekuz arduratzen den Valerie Etcharren Arrechea-ren esanetan --Kate Camino da kozuzendaria--, azken urteotan ez da haurrik kanpoan geratu, baina arrisku hori beti dago airean.
2018/03/01
Jaialdi berri berria da Los Toldosekoa. Are gehiago, bigarren edizioa baino ez du aurtengoa. Izan ere iaz lortu zuen arrakastak bultzaturik ekin diote aurten ekitaldia berriz ere antolatzeari. Ahalegin horretan, publiko gehiago espero dute antolatzaileek eta horretarako proposamen gehiago eskainiko dituzte. Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko dantza taldea folklore ikuskizuneko parte izango da, Udalak propio gonbidatuta. Hau eta beste zenbait berri on datozkigu Chacabucotik.
2018/02/28
Gaur hasiko da Gipuzkoako Bergaran 15. Laburbira. Ekimenak Euskal Herrian zehar eskainiko dituen emanaldiez gain, Diasporako hiru euskal etxetara ere helduko da, hala nola Londres (London Basque Society Euskal Elkartea tarteko), Paris (Pariseko Euskal Etxea) eta Valentzia (Laurak Bat Euskal Etxea).
2018/02/27
Ia berrogeita hamar pertsona partaide, deialdiak hiru hitzaldi labur baitaratu zituen, euskaldunen Ameriketako presentziaz, eta babesa eman zion sortu berria den Trujillo Euskal Etxeak Peruko hiri honetan eginiko lehenengo ekitaldi publikoari. Euskaldunen berri gutxi dagoen hiri honetarako, arrakastatzat jo zuten antolatzaileek, azpimarratuz bertaratutakoen interesa, egin zituzten galdera ugariei erreparatuz. Ilusio handiz, pauso berriak ematea ari da hausnartzen orain euskal etxe berria.
2018/02/26
Bi berri horiek ditu Ayacuchoko Euskal Etxeak komunitatearekin konpartitzeko: datorren igandean, martxoaren 4an, bere egoitza berria estreinatuko du, hiriko agintariak eta elkarteko kide eta lagunak lekuko. Eta, jarraian, lokala estreinatuta, erakundeak urtero antolatzen duen Txahalaren Festa Nazionaleko ‘Euskal Peña’ lehen aldiz etxe berrian ospatuko du bost egun geroago, martxoaren 9an.
2018/02/26
Urtero bezala, Eguzkiaren Festan hartu du parte 2018 honetan ere San Juango Euskal Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean. Hala ere, eta ekimena arrakastatsua izan bada ere, giro goibela gailendu da bertako euskal txokoan, otsailaren 20an, Festaren inaugurazio egunean, hiriko euskal kulturaren erreferente eta Etxeko lehendakaria zen Ofelia Larrea hil baitzen. Azokan iraun zuen egun guztietan, Eusko Etxeko kideek Ofeliaren argazki bat jarri zuten, joandako lagunaren presentzia babesle gisa, gainerako euskal sinbolo eta ezaugarrien artean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus