2008/12/09

Tandileko Gure Etxea Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzian, bat egin zuen joan den asteazkenean Euskararen Nazioarteko Egunarekin (ENE) eta ekitaldi berezia antolatu zuen, batetik, 2008 ikasturteko euskara eskolen amaiera gisa eta, bestetik, urtean zehar euskara ikasle izan eta eskolak ongi baliatu dituztenei euren ziurtagiriak emateko, Cecilia Cenoz eta Beatriz Poumé euren irakasle. Ekitaldiak Euskal Etxeko lehendakari Isidro Legarreta izan zuen buru eta hondarrean mokadu bat eta topa egitea ere izan ziren.
Gehiago irakurri...
2008/12/09

Urtea amaituz doaz, eta Hego Amerikan, urtearekin batera, ikasturtea. Hori dela eta, euskal etxe guztiak euren jaiak antolatzen eta gauzatzen ari dira. Euskal Astetik bi aste igaro ostean, Argentinako Diasporaren lagunek hitzordu berri bat zuten azaroaren 15ean, oraingo honetan umeei begira FEVAk urtero antolatzen duen jaialdian. Arrecifes, Ayacucho, Buenos Aireseko Acción eta Laurak Bat, Cañuelas, Chacabuco, Chascomús, General Rodríguez, La Plata, Lomas de Zamora, Maipú, Mar del Plata, Rosario eta Llavallol eta Sarandí Euskal Echea Ikastetxeko haurrek jolastu, abestu, dantza eta kirola egiteko aukera izan zuten Llavallolgo Euskal Etxea-ko zelaietan.
Gehiago irakurri...
2008/12/09

Sarean da abenduaren lehenetik Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak zabaldu duen lehenengo webgunea. Urtean zehar makina bat ekitaldi eta ekimen sustatu eta gauzatzen dituen euskal elkarte honek zuzeneko presentzia lortzen du honela interneten, aspaldiko proiektu bat bideratuz eta euskal esaera zahar eta aldi berean egungotasun handikoa denak dioena aintzakotzat hartuz: 'Esanak egin, eta eginak esan'. Nagusiki gaztelaniaz den webguneak, elebitara egiten du bere buruaren aurkezpena eta euskaraz eta gaztelaniaz agertzen ditu baita ere atalen izenburuak. Ongi etorri!
Gehiago irakurri...
2008/12/09
Life aldizkari estatubatuarrak Utah-ko euskal komunitateaz 1951ean eginiko argazki-sorta bat ikusgai dago interneten, argitalpen garrantzitsu honen artxibo grafikoetan Estatu Batuetako euskal komunitateaz eta euskaldunez dagoen ondare zabalagoaren erakusgarri. Utah-ko euskaldunei kanpoan --mendietan artzain giroan--, eta barnean --Salt Lake City-ko euskal ostatuaren babesean eguneroko bizitza egiten-- eginiko argazkiak dira. Salt Lake-ko Euskal Etxeko Jean Flesher eta Larry Osoro medio eskuratu dugu informazioa, milesker bioi.
Gehiago irakurri...
2008/12/08

Damian Ibargurenek Algorta eta Arroyo Negro herri uruguaiarretan eginiko bi muralek Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Uruguaiko egoitzak antolatutako mural lehiaketan lehenengo bost lanen artean gelditu dira. Giza Eskubideen Gutunaren 60. urteurrenaren karietara gauzatu den ekimen honetan 130 mural aurkeztu ziren eta Ibargurenek bere blog-ean agertzen duenez, bere bi lanen kasuan proiektuen "inpaktu handia" eta "eginak izan ziren komunitateen aldetik jaso zuten partaidetza maila (handia)" azpimarratu zuten epaimahaikoek.
Gehiago irakurri...
2008/12/05

Associazione Culturale Euskara elkarteak, hau da, Erromako euskal etxeak, igande honetan abiatuko du 'Settimana Basca' edo Euskal Astearen edizio berri bat. Euskal kulturari eskainitako aste oso honekin elkarteak urteko ekimenei amaiera ezinhobea emango die. Aurtengoan ere egitaraua oso zabala da eta proposamen desberdinak biltzen ditu: antzerkia (Ander Lipus aktoreak 'Ardoaz' bakarrizketa eskainiko du), literatur aurkezpenak, zinea, dokumentalak, argazki erakusketak eta musika euskaldun eta italiarra uztartuko dituen Euskal Jaia.
Gehiago irakurri...
2008/12/05

Abian da jada Durangoko Azokaren 43. edizioa. Azoka euskal kulturaren munduan urteko hitzordu nagusienetakoa da eta aurten ere zazpi probintzietako milaka euskaltzale bilduko dira herri bizkaitarrera. Beste urteetan bezala zortzigarren probintziako, hau da, Diasporako bisitariak ere izango dira azokan, horien artean astelehenean kontzertua eskainiko duen Maral talde euskal-argentinarra. Diasporarekin harreman estua duen beste euskaltzale batek, Juan Zelaia enpresariak, jasoko du bihar Argizaiola saria, euskal kulturaren alde egindako lanarengatik.
Gehiago irakurri...
2008/12/05

Bere hamabigarren urteurrena ari da gaur ospatzen Chaco probintzia argentinarreko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak. Egokiera, amaitzen ari den urte honetako balantzea egiteko baliatu du. Mota askotako ekitaldiak antolatu eta gauzatu ditu, altua baita, izan ere, Chacoko gizartearen bihotzean kokatua egonik, komunitatearen alde daraman lana eta engaiamendu maila. Tartean, antzerki tailer eta saioak, pilota eskola, asteroko irratsaioa, kabalkada eta desfile patrioetan parte hartzea, Irrintzi abesbatza abiaraztea, dantza taldearen etengabeko jarduera, hitzaldiak, agenda 21 egitasmoa, zine zikloa... edo euskal etxearen webgunearen irekiera bera.
Gehiago irakurri...
2008/12/05

Andeen magalpeko San Juango Euskal Etxe argentinarrak aspaldiko emetsa gauzatu du joan den asteburuan, bere lehenengo dantza taldea aurkeztu ahal izan baitu euskal elkarteko bazkide eta lagunen aurrean. "Oso kontent gaude, azkenean bete ahal izan baitugu geure dantzari propioak edukitzeko ametsa", adierazi dio EuskalKultura.com-i Carina Gabriela Oyola Alvarez bertako eledun eta hemendik aurrera baita dantzariak ere. Taldea hasi berri-berria bada ere, zorioneko jo daiteke, zuzeneko musikaria ere topatu baitu, Ismael Espinosa, berez Euskal Herrikoa izanik San Juanen bizi den txistularia.
Gehiago irakurri...
2008/12/04

Bixente Ibarguren Bergaran jaio zen 1926 urtean eta joan den martxoan hil zen La Platan. Argentinan eman zituen 50 urtetan La Platako Euzko Etxea-ko kidea izan zen eta elkarteko gazteen artean itzal handia utzi zuen, bere "engaiamendu, lan eta jatortasunagatik". Bere omenez, elkarteko gazte talde batek uztailean sortu zuten soziedade gastronomikoari bere izena jartzea erabaki zuen. Lagunartean 'La Peña' deitzen duten elkartea gazte hauentzako bilgune bikaina bihurtu da eta bertan egiten dituzten afari eta ekitaldiei buruzko informazioa ematen dute euren blogean.
Gehiago irakurri...