euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Udako Euskal Unibertsitateak bihar emango dio amaiera lehen edizio 'oso baikor' bati

2009/02/19

Euskal Historia klasea Pedro Beramendirekin, Euskal Echea institutuaren Buenos Aireseko egoitzan Bihar bukatuko da Argentinako Udako Euskal Unibertsitatearen lehen edizioa, joan den otsailaren 9az geroztik Euskal Echea institutuaren Buenos Aireseko egoitzan eman diren doako ikastaro bereziei amaiera emanez. '44 lagunek eman zuten izena ikastaroetara eta horietatik 25 bat etorri dira klase guztietara', azaldu du ikastaroen sustatzaile izan den Enrique Aramburuk. Haren esanetan klaseetako giroa oso jatorra izan da eta ikasleek aintzat hartu dute irakasleek mintzaldiak prestatzeko egin duten lana. Aurtengo edizioaren arrakastak animatuta, arduradunek datorren urtean edizio berri bat egitea dute buruan jada.

Gehiago irakurri...


Jeri Echeverria historialari euskal amerikarra Kaliforniako Unibertsitate sistemako kantzilerorde elkartu izendatu dute

2009/02/19

Eskubian Jeri Echeverria Armeniako enbaxadoreari Fresnoko Unibertsitatera ongi etorria egiten

Jeronima “Jeri” Echeverria Amerikar Historian doktorea da eta urte luzez Kaliforniako Estatu Unibertsitateko Fresnoko campuseko errektoreordea eta Gai Akademikoetarako lehendakariordea izan da. Orain bere ibilbide profesionalean beste aurrerapauso bat eman eta joan den otsailaren 1ean Gai Akademikoetarako kantzilerorde elkartu kargua hartu zuen Kaliforniako Estatuko Unibertsitate administrazio zentralean, urte hasieran izendatua izan ondoren. Kaliforniako Estatuko Unibertsitateak AEBetako goi mailako ikaskuntza sistema handiena dira, 23 kanpus eta 450.000 ikasleekin. Echeverria Kalifornian bertan jaioa da, euskal jatorriko familia batean, eta aditua da AEBetako mendebaldeko euskal komunitatearen historian.

Gehiago irakurri...


Miamiko Euskal Etxea indarra hartzen ari da, AEB hegoekialdeko euskaldunen erreferentzia izatearren

2009/02/18

Pilotari batzuk J. Ramon Arrasate, Miami Jai Alai frontoiko intendentearekin eta Tomas Urbistondo elkarteko kidearekin (argazkia MiamiEE) Azken hilabeteetako eginahalarekin jarraituz, Miamiko Txoko Alai Euskal Etxea hiriko euskal gazteen partehartzea eskuratzeko gogor ari da lanean, euskara eta dantza ikastaroak, elkarretaratze eta bazkariak eta webgunearen sorrera bezalako jarduerez baliatuz. Berriki elkarteak afari-bilkura bat egin zuen eta ohorezko gonbidatuak Miami Jai Alai frontoian lan egiten duten Euskal Herriko pilotari gazteak izan ziren.

Gehiago irakurri...


Txinako euskaldunek saria eman diote Juanito Sarasolari, Shanghaiko Euskal Etxea sortzen egindako lanagatik

2009/02/18

Juanito Sarasola, erdian, Urrezko Abakoa saria eskuetan duela. Bere eskubian Estibalitz Gete, Shanghaiko Euskal Etxeko presidentea, eta ezkerrean Alex Arriola, iazko zuzendaritzako kidea (argazkia Shanghai EE) Shanghaiko Euskal Etxeak joan den igandean eman zuen Urrezko Abakoa saria, euskal kultura Txinan eta ekialdean zabaltzen lagundu duten pertsonei omenaldia egiteko sortua. Aurten saria Juanito Sarasola elkarteko kidearentzat izan da: Txinara 2002an heldu zenetik Sarasolak herrialdean lanean ari diren euskaldunak bildu eta Euskal Etxea sortzeko asmoa agertu zuen, eta lortu ere! Sari banatze ekitaldian Sarasolaren omenez Amets Arzallus bertsolariak idatziriko bertso batzuk kantatu zituzten aho batez euskal etxeko lagunek.

Gehiago irakurri...


Saretik jaitsi daiteke 'Euskal Herria ezagutzea', etorkinentzako zein euskal Diasporakoentzako kultura gida

2009/02/17

Euskal kultura ezagutzeko gonbitea egiten du liburuak Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren bitartez, 'Euskal Herria ezagutzea' liburua argitaratu du, Diasporako euskaldunei eta Euskal Herrian bizi diren etorkinei euskal kulturara leiho bat emateko asmoz. Liburua zazpi hizkuntzetara itzulia izan da (euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa, txinera, arabiera eta errumaniarra) eta kultura, hizkuntza, ohiturak, gizartea, erakundeak, ekonomia, sistema politikoa eta gobernua bezalako gaiak jorratzen ditu. Hasteko 12.000 ale argitaratu dira, eta gainera, besteak beste Diasporako euskaldunengana errazago heltzeko, liburu osoa internetetik deskargatu daiteke.

Gehiago irakurri...


Rocío Luces, bertsolari uruguaiarra: 'bertsoak eta euskarak mundu berrietara lehioak ireki dizkidate'

2009/02/17

Rocio Luces bertsolari uruguaiarra (argazkia Conny Beyreuther) Bertsolari aldizkariaren azken aleak atzerritik heldu eta Euskal Herrian bertsolaritzaren zirrara deskubritu duten gazteen esperientzia dakarkigu. Dzenana Usanovich bosniarra, Elyem eta Nemma Chej saharauiarrak eta Rocío Luces euskal-uruguaiarra dira horietako batzuk. Jarraian Rociori eginiko elkarrizketa laburtzen dugu, bere esperientzia Diasporako gazte askorentzat ezaguna edo interesgarria delakoan.

Gehiago irakurri...


'Ander' filme euskaldunak Berlingo Zinemaldiko Arte eta Entsegu saria eskuratu du

2009/02/16

Roberto Caston zuzendaria Panorama ataleko zuzendariarekin (ezkerrean) eta Josean Bengoetxea aktorearekin (eskubian) Berlinen Berlingo Nazioarteko Zine Jaialdian ikusgai izan den euskarazko lehen filmea izan da, eta harrera bikaina izateaz gain (sarrera guztiak agortuta lehen emanaldia baino lehen) saria ere eskuratu du: CICAE-k (Confederación Internacional de Cines de Arte y Ensayo) ematen duen Arte eta Entsegu saria. Roberto Castón zuzendariaren filmeak heldutasunean eta bere baserrian lanean hasten den inmigrante baten lagun egitean homosexualitatea deskubritzen duen gizon baten istorioa kontatzen du.

Gehiago irakurri...


Arrakastaz egin du FIVUk Uruguain Udaleku, bere urteroko haur udalekua (argazki erreportajea)

2009/02/16

FIVUren 2009ko Udalekua, otsail honetan amaitu berria Artigas Kanpamentuan, Uruguaiko Colonia departamenduan (argazkiak FIVUk utziak) Jai eta opor giroan eta eguraldi aparta lagun, berrogeita hamar bat haur eta gaztek hartu dute parte otsail honen hasieran urtero bezala FIVUk (Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak) bere euskal etxeetako bazkideentzat antolatu duen Udaleku (sic) izeneko kanpamentu edo udalekuan. Ideia euskal etxeetako gaztetxoek elkar ezagutu eta laguntxo berriak egitea izanik, euskal giroko kanpaldia egiten duten bitartean, aurtengoan ere parte hartzaileek besteak beste honakoak egin ahal izan dituzte: dantza tailerra, kultura solasaldiak, igeri eta kirolaldiak, jolasak hondartzan, kantuak eta jardunaldiak su baten inguruan... Ongi pasa, lagunak egin eta kultura jakingarriak eskuratu, guztia natura erdian eta uda giroan.

Gehiago irakurri...


Txinako Euskal Etxeak bere Urrezko Abakoarekin sarituko du bihar Shanghain Juanito Sarasola bazkidea

2009/02/14

Juanito Sarasola eta Shanghaiko Euskal Etxearen logoa Shanghaiko Euskal Etxeak bere 'Urrezko Abakoa' saria emango dio bihar igandea, otsailak 15, Juanito Sarasola bazkideari, besteak beste Txinako Errepublikako euskal etxe bakarra den honetako fundatzaileetakoa izateagatik eta, ororen buru, azken urteotan Euskal Herria eta euskal kultura Txinan ezagutarazten eta sustatzen egin duen eta egiten ari den lanagatik. Sarasola ohoratzeko erabakia joan den abenduan eginiko batzarrean hartu zuen elkarte euskal-txinatarrak. Sari emate ekitaldia bihar goizean egingo da Shanghain, Euskal Etxearen egoitzan, eguerdiko hamabietan.

Gehiago irakurri...


Bartzelonako Euskal Etxeko jatetxeak ateak ireki zituen berriz, hilabete eta erdiz berritze lanetan ibili ostean

2009/02/13

Inaugurazio ekitaldira hurbildu zirenek barrako pintxoak dastatzeko aukera izan zuten (argazkia BartzelonaEE) Joan den igandean, otsailaren 9an, Bartzelonako Euskal Etxeak jai eguna bizi izan zuen, bere jatetxearen inaugurazioa zela eta. Hilabete eta erdiz berritze lanengatik itxita egon ostean, jatetxeak jai batekin egin zien ongi etorria aldaketak ikusi nahi izan zituzten elkarteko bazkide eta jatetxeko lagunei. Ez hori bakarrik, jatetxeko kutixiak dastatzeko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek, trikitixa, txistulari, txalaparta eta aurresku artean.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia