2009/03/02
Juan Jose Ibarretxe hautagaiak (EAJ) irabazi zituen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Legebiltzarra berritzeko egin ziren hauteskundeak, bozka gehien bildu zituen zerrendaburu izan zen heinean 30 eserleku lortu baitzituen orotara 75 eserleku dituen ganbera legegilean. Gainerako alderdietan, PSE-EEk 24 eserleku bereganatu zituen, PPk 13, Aralarrek 4, EAk 2 eta bana Ezker Batuak eta UPyDk. Emaitza hauekin ezin daiteke segurta zein izango den datorren lehendakariaren izena, atzoko behin-betiko emaitzak ezagutu ondoren, Ibarretxek zein Patxi Lopezek esan baitzuten euretako bakoitzari dagokiola Parlamentuaren aurrean ardura hori hartzea. Bakoitzak lot ditzakeen akordioen arabera beharko du izan. Ez da ahaztu behar, ordea, atzoko hauteskundeetan, lehenengoz, indar estatalistek erabateko gehiengoa eskuratu dutela, 38 eserleku, zenbaki hori ateratzen baita PSE, PP eta UPyDren indarrak batuz.
Gehiago irakurri...
2009/03/02

Iragan urtean, Elgarrekin euskal abesbatzak 1983an egin zuen grabaketa 'historikoaren' 25 urteak bete zirela, San Frantziskoko Euskal Etxeak (SFBC) hamaika euskal kanturen bilduma den lan honen edizio berri bat egin eta plazaratu egin zuen. SFBCeko 'Basque Club Aldizkaria'k bere azkeneko alean oroitarazten duenez, grabaketa originalaren masterrak 2007an topatu ziren Basque Cultural Center-en eta hortik abiatuz Robert Iriartbordek digitalizatu eta birmasterreratu egin zituen. Emaitza haren CD bertsio berria eskuratu nahi baduzu, online egin dezakezu orain, edo bestela, ohi bezala, San Frantziskoko Euskal Etxearekin kontaktatuz.
Gehiago irakurri...
2009/03/02

Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak, FEVAk, Pilota Berria programaren arduradun duen Agustin Asensioren bidez, deialdia luzatu die bere baitango euskal etxe guztiei pilotan ari diren neska eta emakumeak aurtengo lehenengo pilota bilkurara bil daitezen datorren asteburuan, martxoaren 7 eta 8an, Villa Mariako Eusko Etxera, Cordoba probintzian. [(*) 2009-03-04KO OHARRA: HITZORDUA BERTAN BEHERA UTZIA, ORAINGOZ DATA BERRIRIK GABE]
Gehiago irakurri...
2009/03/02

Hamaika Bide Elkarteak hurrengo Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegiaren datak jakinarazi ditu: urriaren 5etik 8ra Bilbon eta Donostian. Deustuko Unibertsitatearekin batera antolatzen duten mintegi honek hamargarren edizioa izango du aurten eta gai nagusia 'Erbestea norberaren ikuspuntutik' izango da. Mintegiak bat egingo du 36ko guda osteko erbestearen hasierako 70 urteak direla eta antolatu diren beste ekitaldi batzuekin.
Gehiago irakurri...
2009/02/27

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian, eta azkenaldian hil diren bere bost kideren hilberri-txostenak irakurri ditu, beste hainbeste euskaltzainen ahotik. Omenaldia, Milagros Bidegain, Jose Ignacio Telletxea Idigoras, Jacques Etxeberri, Henrike Knörr, Xabier Diharce 'Iratzeder' eta Karmelo Nagusia egin zaie. Txosten irakurtzaileak, hurrenez hurren, berriz, honakoak izan dira: Maria Pilar Lasarte, Joseba Intxausti, Piarres Xarriton, Jose Luis Lizundia, Jean Haritschelhar eta Adolfo Arejita. Hona omendu bakoitzari buruzko aipua.
Gehiago irakurri...
2009/02/27

Londresko Euskal Etxea, London Basque Society elkartea, une latzak ari da bizitzen arlo ekonomikoan eta bazkideek ezohiko bilera deitu dute arazoari aurre egin eta irtenbideak bilatzeko. Arrazoi ezberdinak direla medio elkarteak Eusko Jaurlaritzarengandik jasotzen zuen dirulaguntza --euskal etxeentzako dirulaguntzen deialdiaren barruan-- azken urteetan nabarmen gutxitzen ikusi du. Orain elkartea finantziazio falta horri aurre egiteko bide bila ari da, euskal etxearen bulegoa mantendu ahal izateko eta bazkideei zerbitzu hobea emateko. Bitartean, jarduerek aurrera segitzen dute eta, esaterako, datozen hilabeteetan, Euskal Etxea medio, Korrika 16 Londresera helduko da.
Gehiago irakurri...
2009/02/27

Datorren martxoaren 3an Buenos Aireseko Laurak Bat elkartean emango du kontzertua Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Koruak. Abesbatz hau 60 bat abokatuk osatzen dute eta denetariko musika kantatzen dute: musika sakratua, klasikoa eta herrikoia. Kontzertuan talde gonbidatu gisa Lagun Onak koralak ere kantatuko du. Emanaldi honetarako bizkaitarrek errepertorio euskaldun zabala prestatu dute: euskal kanta oso ezagunetik hasi --Maite, Txoria Txori, Erribera, Xalbadorren Heriotza-- eta Santa Agedako koplekin bukatuz.
Gehiago irakurri...
2009/02/26

NABO, Ipar Amerikako euskal etxeen federazioa, euskara ikasteko Boga online plataforma gidatuko duten hamar irakasleren beharrean da. Hamar pertsona hauek ikastaro berezi bat jarraituko dute, HABEk zuzendua, plataformaren erabilpenean trebatzeko. Gero beraiek izango dira AEBetan Bogarekin internet bidez euskara ikasten ari diren euskal-amerikarren irakasleak. Lana hein handian borondatezkoa izango da, baina irakasleek 500 dolarretako ordainsari bat jasoko dute urtean.
Gehiago irakurri...
2009/02/26

Anna Bruning estatubatuarra Euskal Herrian izan da grabatzen eta bere lehenengo dokumentalaren estreinaldia egingo du datorren larunbatean, otsailak 28, New Hampshire-ko Unibertsitatean. Lanak “Omendu Basques: Beyond the Bombs” (Omenaldia euskaldunei, bonbetatik haratago) izena du. Ez omen da euskal politikaz edota indarkeriaz. Bere hitzetan, "filma terrorismoarekin zerikusirik ez duen jende batez da. Euren kulturari buruz, hizkuntza ardatz nagusitzat harturik, euren kulturako zatirik esanguratsuenetako baita. Egun euren burua nola identifikatzen duten aipatuz. Iraganean, euskal nortasuna heredentziarekin lotua zen, baina egun, nortasunak zerikusi askoz handiagoa du euskaldun izateko borondatearekin". Artikulua aste honetan zabaldu du New Hampshire Unibertsitateko prentsa zerbitzuak.
Gehiago irakurri...
2009/02/26

Argentinako Udako Euskal Unibertsitatearen lehen edizioa otsailaren 9tik 20ra egin zen Buenos Aireseko Euskal Echea Institutuan eta giro bikainarekin bukatu zen, ikastaroan zehar lan bat aurkeztu zuten ikasleei agiriak banatuz. Ikasleek azken egunean egin zuten euren lanen aurkezpena, eta hogeitazazpi izan ziren guztira lana aurkeztu zutenak. Arratsaldean, Euskal Echeako kaperan egin zen ekitaldian, ikasketa agiriak jaso zituzten ikasleek. Jarraian azken egunetako argazki erreportaia eskaintzen dugu.
Gehiago irakurri...