2009/03/16

Beste behin ere Korrikak, AEKko euskaltegiek euskararen alde antolatzen duten lasterketak, oihartzuna izan du Diasporan eta euskal etxe askok bat egin dute ideiarekin, bakoitzak bere herrian lasterketa txikiak antolatuz. Ekitaldi egitaraua ezagutzera eman duen azkena Madrileko Euskal Etxea izan da: martxoaren 28an elkarteko korrikalariak espainiar hiriburuko kaleetan lasterka aterako dira, 'Korrika Madrilen ere!' lelopean. Eta ez da hori dena: elkarteko talde bat apirilaren 5ean Gasteizera joango da zuzenean Korrikaren bukaera ekitaldian parte hartzeko.
Gehiago irakurri...
2009/03/13

Udalbidek, Euskal Herri osoko hainbat udaletxe euskaltzalek sorturiko elkartasun elkarteak, 'Urbasan bagara' udalekuen hirugarren edizioa jarri du abian. Udaleku hauetan zazpi herrialdeetako haurrek --zortzi, Diaspora barne-- parte hartu dezakete, astebetez naturaz gozatu eta lagun berriak eginez Urbasa mendilerroan, Nafarroan. 1996 eta 1999 urteen artean jaiotako neska-mutilek parte hartu dezakete, eta egonaldiaren prezioa 100 eurotakoa da (ostatua, janaria, jarduerak, autobusa eta asegurua barne). Izena emateko epea maiatzaren 8an itxiko da.
Gehiago irakurri...
2009/03/13

Bi bat baino hobeto, pentsatuko zuten Rio Cuartoko eta Villa Mercedeseko euskal etxeetako arduradunek eta esan eta egin, joan den martxoaren 6 eta 7an indarrak batu egin zituzten --kasu honetan dantzari, txalapartari eta kantariak-- eta euskal ikuskizun bat eskaini zuten Rio Cuartoko Munduko Herrien Jaian. Dantzari eta kantarien emanaldiak harrera oso ona izan zuen, baina ezbairik gabe jakinmin gehien piztu zuena txalaparta izan zen, Argentinan apenas ezaguna den instrumentua baita.
Gehiago irakurri...
2009/03/12

Buenos Aires probintziako Laprida hiriko Lagunen Etxea euskal elkarteak hogei urte bete zituen joan den abenduaren 3an, baina urteurreneko ekitaldiak asteburu honetan izango dira. Ekitaldiotan parte hartuko du Arturo Campion Euskal Ikasketetarako Zentruak, izan ere elkarte honetako kideak asteburuan Lapridan bertan egingo dute urteroko bilkura. Horrela, bihar lan bilera egingo dute Arturo Campionekoek eta gauean bi elkarteetako kideak bildu eta afaria egingo dute. Igandean ekitaldi gehiago izango dira.
Gehiago irakurri...
2009/03/12

Antioquiako Euskal Ikasketa Zentrua Kolonbiako Medellin hirian dago, Antioquia departamentuan. Elkartearen helburua euskal kultura inguru hauetan zabaltzea da eta horretarako joan den martxoaren 9an, Medellineko Cementerio San Pedro Museoarekin batera, 36ko gudak Euskal Herrian utzi zuen arrastoari buruzko hitzaldia antolatu zuen. Hizlaria Santiago de Pablo Contreras, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna izan zen.
Gehiago irakurri...
2009/03/11

Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxea ezbairik gabe ibilbide luzeena duen Ameriketako euskal elkarteetako bat da eta egun ere sasoi onean jarraitzen du. 1877. urtean sortu zen elkartea eta ostiral honetan bazkideek 132. urteurrena ospatuko dute, hainbat ekitaldirekin. Eguna, urtero legez, urtean zehar hil diren bazkideen oroimeneko meza batekin hasiko da, Laurak Batetik oso gertu dagoen Nuestra Señora de Montserrat elizan. Ondoren elkartearen egoitzan ohorezko brindis bat egingo da.
Gehiago irakurri...
2009/03/11

Argentinako Tres Arroyos herriko Hiru Erreka Euskal Etxeak bat egin du aurten ere emakumeen egoerari buruzko ekimenekin eta Emakumeen Nazioarteko Eguna pasa eta egun batzuetara Emakumearen Aste bat antolatu du, hiritarrak gai honen inguruan kontzientziatzeko. Asteak egitarau zabala du, eta besteak beste, 'Emakumeak otsoekin korrika' liburuari buruzko lantegiak egingo diuzte, Tres Arroyoseko emakumeek hala eskatuta.
Gehiago irakurri...
2009/03/10

Beti Aurrera Aberri Etxea elkarteak Argentinako bi herrietako euskaldunak biltzen ditu: Rio Negro probintziako Viedma herrikoak eta Buenos Aires probintziako Carmen de Patagonesekoak. Azken honetan izan zen preseski, elkartearen azken elkitaldietako bat, joan den martxoaren 7an herrian egiten de desfilean atera baitziren Beti Aurrerako ordezkariak, ikurrina eta guzti. Desfileak 1827 urtean herrian izan zen bataila gogoratzen du.
Gehiago irakurri...
2009/03/10

Aita Martxel Tillous beka NABOk Renon egin zuen azken bilkuran sortu zen, eta bere helburua euskal kulturaz interesa duen edozein gaztek diru faltagatik programa eta ekimenetatik kanpo ez gelditzea ziurtatzea da. Hasieran beka NABOko diru propioekin finantzatu zen, baina azkenaldian partikular eta euskal etxeetako dohaintza eskuzabal asko jaso ditu. Beka eskatzeko epea martxoaren 20ean bukatuko da, esan nahi baita datorren asteko ostiralean.
Gehiago irakurri...
2009/03/09

Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxeak zabaldu berria du elkarteak, argentinar hiriburu federaleko Belgrano hiribideko 1144ko bere lokaletan ematen dituen euskara eskoletara izena emateko epea. 2009 ikasturte honetan apirilaren 7an hasiko diren klaseok aurrez-aurrekoak dira, baina baita Boga sistema bidezkoak ere, internetez alegia, online tutore batez, aurrez-aurreko mintzapraktika barne. Klaseok kitorik izango dira bazkideei dagokienez.
Gehiago irakurri...