2009/05/08

Mari Carmen Egurrola Totorica Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen apenas bost urteko neskatila zenean, eta orain, bizileku duen Boiseko bere etxetik, sarraski hartako 1.600 hildakoei ahotsa jarri die, Democracy Now! telebista eta irrati saioak bonbardaketaren 72. urteurrena dela eta egindako erreportaian. Programa hau Estatu Batuetako 750 irrati eta telebista estaziotan emititzen da. Egurrolarekin batera Patty Miller, Boiseko Basque Museum & Cultural Center-eko zuzendaria ere hizlari izan zen, estatubatuarrei bertan gertatu zena eta bertatik atera beharreko ikasgaiak aipatuz [elkarrizketaren bideoa ingelesez].
Gehiago irakurri...
2009/05/07

Hogei egun naturaleko epea daukate bihartik aurrera Etxepare Euskal Institutuak bederatzi langile hautatzeko zabaldu duen prozesuan parte hartu nahi dutenek. Euskal Herriko Agintari Aldizkariak gaur, maiatzak 7, eman du argitara Etxepare Euskal Institutuaren langileak hautatzeko lehiaketa oposizioaren deialdi publikoa. Deialdia zabalik da Administrazioko zein kanpoko pertsonentzat. Eskaerak eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren lurralde bakoitzeko egoitzetan jaso ahal izango diren inprimakia beteta.
Gehiago irakurri...
2009/05/07

Argentinako Euskadiko Ordezkaritzatik ohar gogoangarria plazaratu dute, oroitaraziz Gaztemundu Diasporako gazteentzako trebakuntza programarako eskabideak aurkezteko epeko ñabardura bat, Argentinari dagokiona. Aurtengo deialdian maiatzaren 25a ezarri zen eskabideak aurkezteko azken eguna bezala, baina Argentinan --soilik eskabide hori Euskal Ordezkaritzan aurkeztu nahi izanez gero-- maiatzaren 25a jai nazionala denez, epea aurreratu egiten da beste egun eta tenore honetara ekarriz: maiatzaren 22ko 13:00ak. Legeak baimendutako gainerako tokietan edo postaz igorri nahi dituztenentzat, 25ak balio du epe mugatzat.
Gehiago irakurri...
2009/05/07

Eusko Jaurlaritzak hogeitabat euskal hiztegi espezialdu argitaratu ditu, euskal hiztunei arlo desberdinetako termino zehatzak bilatu eta erabiltzeko aukera erraztu asmoz. Hiztegi bakoitzak arlo bat jorratzen du, adibidez garraioa, eraikuntza, informatika, arrantza, kirola, aisia... Hiztegiek hitz bakoitzaren gaztelera, ingeles eta frantsesko itzulpena ere ematen dute. Hiztegi hauek internet bidez kontsultatu daitezke Euskalterm Terminologia Banku Publikoaren webgunearen bitartez. Euskalbar izena duen plug-in baten bidez, gainera, ordenagailuko nabigazio-barran Euskalterm eta beste hamaika hiztegi jarri daitezke.
Gehiago irakurri...
2009/05/06

Datorren maiatzaren 20ean Madrileko Auditorio Nazionalean Emakumeak Musikan Elkarteak antolatu duen kontzertu berezia egingo da. Ekitaldian Maria Luisa Ozaita barakaldotar musikagileari omenaldia egingo zaio, bere 70. urtebetetzea dela eta. Ozaita elkartearen sortzailea eta 20 urtetan lehendakaria izan da. Kontzertuan Ozaitak bereziki gau honetarako egin duen lan bat estreinatuko da, IX. mendean Abderraman II-aren gortean bizi den emakume euskaldun baten istorioan oinarritua. Horrez gain Barrokoko emakume musikarien lanak izango dira entzungai (Ozaita lan hauen berreskurapenean aitzindari izan da). Musikagilea RSBAP (Euskalerriko Adiskideen Elkartea) eta Madrileko Euskal Etxeko bazkidea da eta bi elkarteek bat egingo dute omenaldiarekin.
Gehiago irakurri...
2009/05/06

AEBetan bizi bazara, hamasei urte edo gehiago baldin badituzu eta euskara ikasi eta euskal etxeetan irakasle izateko gogoa baldin baduzu, NABOk esku-eskura jartzen dizu aukera. AEBetako Euskal Etxeen elkarteak hiru urtez internet bidezko sistema batekin ikasteko aukera emango dizu --doan eta astean hiru ordu bakarrik ikasiz-- eta zure euskal etxeko euskara irakasle bihurtu ahal izango zara. NABO ekimen honetan parte hartu nahi duten 12 lagunen bila dabil, lehen edizioa abian jartzeko. Parte hartu nahi dutenek Izaskun Kortazar NABOko Euskara Koordinatzailearekin harremanetan jarri behar dute.
Gehiago irakurri...
2009/05/06

Segitzen dute aita Martxel Tillous apez xuberotarra, azken 14 urteotan Estatu Batuetako euskal komunitateetako kapelau edo omonierra eta aurretik lau urtez Pariseko Eskual Etxekoa izan zenaren aldeko agerpenek. Estatu Batuetan, guztiek ezagutzen zuten, hasteko euskal piknik guztietako, edo ahantxu guztietako, eguna hasteko meza-emaile baitzen. Ez horregatik bakarrik, ordea. Hori guztia oroitarazten digu Mattin Etxamendi ezterenzubitarrak, Estatu Batuetatik igorririk, Herria astekariak aste honetan argitaratzen duen gutunak islatzen duenez.
Gehiago irakurri...
2009/05/06

Argentinako Eusko Alderdi Jeltzaleak bloga estreinatu du. Alderdiari dagozkion informazio eta iruzkinak dira bertako elikagai behinena. Blogaren lehenengo sarrera, EAJ-PNVren mendeurrenaren aldarrikapena da, bigarrenak Sabino Aranaren biografia azaltzen du, hirugarrenak 2009ko Aberri Eguneko agiria biltzen, 'Euskadi gure aberri bakarra' izenpean, laugarrenak alderdiaren historia argentinarra aipatzen du (1911), eta ondokoek Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak, Gernikako bonbardaketaren 72. urteurrena eta, azkenak, Iñaki Aguirre, orain arte Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusia izan denaren despedida. Albo batean, Argentina Buru Batzarreko kide direnen izenak ere jasotzen ditu.
Gehiago irakurri...
2009/05/05

Elizondoko Arizkunenea etxean izango da ikusgai hilaren 15a arte 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' erakusketa. Bertan Cascanten jaio eta Buenos Airesen bizi izan zen margolariaren lana jasotzen da. Erakusketaren komisarioa Crisanto Ayanz izan da, Buenos Aireseko Nafar Etxeko presidentea. Bazo elkarteko kide izan zen eta Ayanzek lan eskerga egin du bere lana gorde eta Nafarroako Museoan jasotzearen alde. Elizondoko egonaldiaren ostean erakusketa Corellan izango da hilaren 16tik 31ra. Bertaratu ezin dutenentzat Nafarroako Gobernuak Adela Bazoren lanari buruzko webgunea sortu du sarean.
Gehiago irakurri...
2009/05/05

Estatu Batuetako Kongresuko kide bakoitza urtean behin minutu batez igo daiteke tribunara eta berak erabakitzen duen ekimena edo gaia haintzakotzat hartuz Ganberaren aurrean azaldu. Dina Titus Nevadako ordezkari demokratak hala egin berri du eta Estatu Batuetatik mundu osora ikasketak zabaltzera ikasleak bidaltzen dituen Renoko USAC Partzuergoaren lana goraipatu du, oroitzapen berezia eskainiz joan den udan tupustean hil zen Felix Menchacatorreri. 'Gure bihotzean zaude, Felix', esan zuen gaztelaniaz, USACeko Bilboko arduradun zen irakasle getxoztarra modu hunkigarrian gogoratuz. [hitzaldiaren transkripzioa eta bideoa]
Gehiago irakurri...