euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako Gobernuak akordioa sinatu du Peru-ko Piura-koarekin, elkarren arteko loturak sendotzeko

2009/06/03

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea Cesar Trelles Piura eskualde perutrarreko presidentearekin joan den astelehenean, hitzarmena sinatzeko ekitaldian Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek eta Peru-ko Piura Eskualde Gobernuko Cesar Trelles-ek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute joan den astelehenean Iruñean, bi alde sinatzaileen intereseko diren jarduerak batera garatzeko eta, era horretan, dauzkaten lotura historiko, kultural eta ekonomikoak sendotzeko, Nafarroako Gobernuak ohar batean kaleratu duenez. Sinaketa, Piurako ordezkaritza batek, gobernuburua tarteko, Nafarroara egin duen bisitaldiaren barnean gauzatu da.

Gehiago irakurri...


'Frontball' modalitateak EHko eta beste 7 naziotako pilotariak bilduko ditu larunbatean New Yorken

2009/06/03

Txapelketako kartel koloretsua Larunbatean Frontball txapelketa izango da egun osoan New Yorkeko Central Parken. Lehian izango dira Estatu Batuak, Kuba, Costa Rica, Dominikar Errepublika, El Salvador, Frantzia eta Euskal Herriko pilotariak. Joko honek euskal pilota eta pilota irlandarra uztartzen ditu eta horma bakarrean jolasten da fronteniseko pilotarekin. Partidak 10 tantora dira eta 15 minutuko iraupena izan ohi dute. Euskal Herriko ordezkariak Iker Etxabarri eta Aitor Arauzkin bizkaitarrak izango dira. Hainbaten esanetan, ordea, Waltary kubatarrak dauzka txapela bereganatzeko aukerarik gehien.

Gehiago irakurri...


Patagonian egingo du Guascor enpresak munduko parke eolikorik handiena

2009/06/03

Egun Pico Truncadoko parkea (argazkia ElGlobo) Guascor enpresa arabarrak bart sinatu zuen Argentinako presidentea den Cristina Fernández de Kirchner-ekin Patagonian, Pico Truncadon munduko parke eoliko handiena eraikitzeko akordioa. Instalazioak 400 aerosorgailu izango ditu eta orduro 600-900 megawat inguru sortzeko gaitasuna izango du. Guascor enpresaren esanetan proiektuak 1.700 milioi euroko kostua izango du.

Gehiago irakurri...


Oharra plazaratu dute Euskal Amerikar Diasporaren Eztabaida Guneko kideak, helburuak berretsiz

2009/06/03

Euskal Nazio Eztabaidagunea joan den urrian Argentinako Jose C. Paz herrian egindako bilkuran Euskal Amerikar Diasporaren Eztabaidagunea sustatzen duten kideak oharra plazaratu dute euren ekimenak orain arte egin duen bidearen balantzea aditzera emanez: 'Betegarri' baina 'inola ere nahikoa' izatea iritzi diote euren lanari. Cesar Arrondo, Gloria Zuazu, Jose Domingo Ormaetxea, Mariana Fernandez Castelli eta Santiago Bereciartuak argiro adierazi dute 'gogoeta gune berriak sortzeko' euren xedea, 'talde abertzale soberanista gisa proposatutako tailerren bidez'.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-ek Arantzazu Amezagaren 'La txalupa de Radio Euzkadi' liburua zozketatuko du

2009/06/02

EuskalKultura.com-ek Arantzazu Amezagaren 'La txalupa de Radio Euzkadi' liburuaren ale sinatu eta eskainia zozketatuko du bere irakurleen artean (argazkia EuskalKultura.com) EuskalKultura.com-ek Arantzazu Amezagaren 'La txalupa de Radio Euzkadi' liburua zozketatuko du bere irakurleen artean. Liburuak, frankismo garaian Venezuelatik Euzkadi Irratiak egiten zituen emanaldien historia egiten du, idazlea beraren eta bere senar izan zen Pello Irujoren ekimenarekiko ekarria errepasatuz. Zozketan parte hartu nahi dutenek, aski dute e-mail bat bidaltzea euren izena eta helbidea ipinita. Bestalde, aldaketa baten berri harpidedunentzat: gaurtik hasita, buletinaren bidalketa goizeko 6etara aurreratu da, Euskal Herriko ordua. Erabakia hartzerakoan, irakurleen iritzi eta iradokizunak hartu dira gehienbat kontuan.

Gehiago irakurri...


Ana eta Idoia Uribarri ahizpek emanaldia eskainiko dute etzi New Yorkeko Carnegie Hall aretoan

2009/06/02

Ana eta Idoia Uribarri ahizpak, bibolinjolea bata eta pianojolea beste New Yorkeko Carnagie Hall aretoak, hiri iparamerikarreko auditorio ezagunenetariko batek, ateak irekiko ditu ostegunean bi euskal artistentzako, Ana eta Idoia Uribarri ahizpentzako. Ana bibolinjolea da eta Idoia aldiz pianojolea, eta elkarrekin ganbera musikako bikote esperientziaduna osatzen dute. New Yorken eskainiko duten egitaraua Joaquin Turina, Igor Stravinsky, Manuel de Falla eta Maurice Ravel maixuen lanek osatuko dute. Emanaldia 20:00tan hasiko da, Carnegie Hall-eko Weill Recital Hall aretoan.

Gehiago irakurri...


Hiru Erreka Euskal Etxeak hamarkada bat bete du euskal kultura sustatzen Tres Arroyosen, Argentinan

2009/06/02

Bazkarian parte hartu zuten euskal etxeko bazkide gazte batzuk (argazkia LaVozdelPueblo) Hamar urte egin ditu Argentinako Tres Arroyos hiriko Hiru Erreka Euskal Etxeak, hamarkada oso bat paraje hauetara heldu ziren euskal emigranteen ondarea zabaldu eta euren ondorengoei Euskal Herriarekin lotura mantentzen laguntzeko engaiamenduarekin. Joan den maiatzaren 17an elkarteak urteurrena ospatzeko lagunarteko bazkari jendetsua egin zuen elkartearen egoitzan. Bazkideak harro agertu ziren eginiko bidearekin eta beste horrenbeste egiteko asmoa agertu zuten.

Gehiago irakurri...


Urteko Ohiko Batzar Orokorra egin ondoren, Felipe Muguerza berretsia Necocheako EEko lehendakari

2009/06/01

Felipe Muguerza, Necocheako Euzko Etxea-ko lehendakaritzan berretsi berria du elkarteko Ohiko Batzar Nagusiak (argazkia EuskalKultura.com) Urteko Ohiko Batzar Orokorra egin du Necocheako Euzko Etxea-k eta, espero zitekeenez, bildutakoek euskal elkarteko buruzagitzan urte asko daraman Felipe Muguerza hautatu dute berriz lehendakari. FEVAko presidente ere izana den Mugerzarekin batera honako hauek arituko dira agintealdi berrian Zuzendaritza Batzordekide: Jose Antonio Alustiza, lehendakariorde; Ricardo Esnaola, idazkari; Mirta Garrido, idazkariorde; Horacio Yacomini, diruzain; eta Jose Luis Picardi diruzainorde, besteak beste.

Gehiago irakurri...


'Euskaldunaren hitza' irratsaioak zazpi urte bete ditu Rosarion bertako Zazpirak Bat EEaren eskutik

2009/06/01

'Euskaldun Hitza' saioa egiten dutenetako batzuk, Santa Feko Rosarion Zazpigarren urtea bete du Argentinako Rosarion, bertako Zazpirak Bat Euskal Etxeak sustatu eta gauzatuta bertako uhinetara astero jalgitzen den 'Euskaldunaren Hitza' irratsioak. Emankizuna Zazpirak Bat-en iritzi eta pentsamoldeen adierazle da eta asteazkenero entzun daiteke eguerdiko ordu batetik ordu biak arte LRA5 Radio Nacional Rosario irratiaren bidez AM 1300 eta FM 104,5 maiztasunetan, zuzenean, baina baita ondotik ere errepikatua astebetez Zazpirak Bat-en webgunean.

Gehiago irakurri...


170 bat partaide bildu ditu Maipú, Argentinan, Alza-Elosegitarren ondorengoen III. famili bilkurak

2009/05/29

Argazkian den Augusto La Rosa Zanuzzi tipia, bere urtebete eta bost hilabetekin, izan zen Alza Elosegi familiakoen bilerako gazteena Maipúko hirugarren elkarretaratze honetan 1875ean Euskal Herria utzi eta Argentinara emigratu zuen Alza-Elosegi familiako lehenengo kideak, Pedrok, ez zuen batere pentsatuko 134 urte geroago bere eta bere senideen ondoko argentinarrek familia izpirituari eutsi eta urtero biltzeari ekingo ziotenik. Joan den maiatzaren 10ean, Irungo baserri batean jatorria duen familia honetako adar argentinarrak bere III. bilkura egin zuen, 170 bat pertsona bilduz. Guztiak, Pedro, Juan Mari, Francisco, Gabriela Josefa eta Manuel Alza Elosegiren ondokoak ziren, hiru lehenak Ameriketara etorriak, eta bi azkenak Irunen gelditua, nahiz eta euren seme-alabetako batzuk geroago Argentinara etorriko ziren.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia