euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zirrara eragin du Caracasen eta Venezuelako Euskal Komunitatean Andoni Goitiaren erailketak

2009/06/12

Berriz ere bortizkeria ekintza batek goibeldu du Caracaseko Eusko Etxea eta Venezuelako euskal familia. Argazkian hiriburu venezuelarreko Eusko Etxearen egoitza Kolpe berria jasan du Caracas eta Venezuelako euskal komunitateak azken orduotan gertatutako Andoni Goitia Badiolaren erailketarekin. Eusko Etxeko bazkide eta euskal-venezuelar familia ezagun bateko kide, 57 urte zeuzkan Andoni Goitia hiriburu venezuelarreko El Marques barrutian erasotu zuten bere auzoko baten etxera sartzen ari ziren ezezagun batzuk, ustezko lapurrak, lehenengo informazio oraindik erabat baieztatugabeak diotenez. Andoni Goitia ezkondua zegoen, Kattalin Leizaolarekin, eta 23 urteko Anderren eta 19 urteko Araiaren aita zen. Gisa honetako bigarren gertaera da euskal komunitatean azkeneko sei-zazpi hilabeteetan, joan den azaro hondarrean Iñaki Amenabar euskalduna ere lapur batzuk hil baitzuten bere autoa ebatsi nahi zutela. Gauzak nola, Iñaki Amenabarren lehengusu politikoa zen Andoni Goitia.

Gehiago irakurri...


Esain-Indatarrek lehenengo familia bilkura batera deitu dute Navarron, Argentinan, abuztuaren 16rako

2009/06/12

2009ko 'Esainada' topaketara gonbidapena Buenos Aires probintziako Navarro herria izango da datorren abuztuaren 16ean jatorri nafarra eta lapurtarra duen Esain-Inda familiaren ondorengoen bilgunea. Familia euskal-argentinar honen sortzaileak --XIX. mende hondarrean-- Juan Esteban Esain eta Maria Inda izan ziren, 15 seme-alaben gurasoak eurak. Antolatzaileek familiaren zuhaitz genealogikoan zentsatuta dituzten gaur egungo 577 ondorengoei parte hartzeko gonbitea egiten diete. Topaketaren sustatzaile den Ana María Esainek gonbite berezia luzatu nahi die Nafarroan gelditu ziren Esaindarrei, bilkurara etorri edo Argentinako 'lehengusuekin' harremanetan jar daitezen.

Gehiago irakurri...


Aiton-amonak atera ziren tokira etorri eta Etxarri Aranaztik dihardu orain Txileko 'La otra compañia' taldeak

2009/06/12

Mario Nilo bere txotxongilo batekin 1933an Euskal Herritik Txilerainoko bidaia egin zuten Mario Niloren aiton-amonek, bere ama tipia zela. Hamarkada batzuk eta gero, bidaia bera alderantziz egin dute euren bilobek. Mario Nilok eta Paola Ferrarik ‘La otra compañia’ antzerki taldea osatzen dute. Txotxongiloekin batetik bestera ibili dira, Txilen, eta goitik behera zeharkatu dute dagoeneko Latinoamerika. Orain dela gutxi Mario, ama eta aiton-amonen jaioterrira itzuli da, Euskal Herrira. Etxarri Aranatzen bizi da eta bere lana Euskal Herriko plazetan erakustea da bere nahia. Euskara ikasten ere hasi dira Mario eta Paola, eta aurki txotxongiloetara pasa dezakete. Izaskun Razkin Beltzak Sakanako Guaixe aldizkarian argitara emandako artikuluan oinarrituko gara honako lerroak osatzeko.

Gehiago irakurri...


Labayruk Kaliforniako misioetan ibili zen aita Bizente Sarriaren euskarazko sermoiak argitaratu ditu

2009/06/12

Bizente Sarria apaizaren sinadura Non eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitate ospetsuko Bancroft Liburutegian zeuden gordeta --ahaztuta eta euskaldunentzako ia galduta-- Bizente Sarria apaizaren euskarazko sermoiak. Izkribuak lokalizatu ostean, eta originalak transkribitu, taxutu eta testuinguratu ondoren, Labayru Ikastegiko argitaletxeak 'Bizente Sarria (1767-1835). Sermoitegia' izeneko lanean bildu ditu, besteak beste Sarriaren bizkaiera zaharraren lekukotasunagatik, galdutako hainbat esamoldeen eredu ederra direlakoan. Ameriketan gordetako euskal hizkuntzaren ondare honen istorio bitxiaz mintzatu gara liburua prestatu duen Nagore Etxebarriarekin.

Gehiago irakurri...


'Joanes, the Basque Whaler' komiki euskal-amerikarra uztailean salgai Renoko Nabo Convention bilkuran

2009/06/11

Guillermo Zubiaga marrazkilaria New Yorkeko estudioan 'Joanes, the Basque Whaler' AEBetako euskal komunitatean sortu den lehen komikia da. Bere egilea Guillermo Zubiaga da, New Yorken bizi eta Marvel Comics enpresarentzako lana egiten duen marrazkilari bizkaitarra. Berak izan zuen Ameriketako euskal baleazaleen abenturak marrazki bihurtzeko ideia, Joanes pertsonaiaren bitartez. Orain, Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies erakundearen laguntzarekin, 1.000 aleko lehen tirada bat jarriko du salgai --ingelesezko bertsioan-- AEBetako euskal etxeek Renon egingo duten NABO Convention bilkuran, uztailaren 25ean.

Gehiago irakurri...


Miren Karmele Atxurra, Venezuelako El Hatillo-koa, garaile 'La txalupa de Radio Euzkadi'ren zozketan

2009/06/11

Venezuelako bidea hartuko duen liburua. Miren Karmele de Atxurra EuskalKultura.com-eko harpideduna eta Venezuelako Miranda estatuko El Hatillo udalean bizi dena izan da gure buletinak Arantzazu Amezagaren 'La txalupa de Radio Euzkadi' liburua banatzeko antolatu duen zozketako irabaztuna. Lerro hauek baliatzen ditugu garaileari zorionak emateko eta adierazteko liburua bere etxean jasoko duela posta zertifikatuz datozen asteetan.

Gehiago irakurri...


Santiagoko EEko 'Berriketari'ren ale berriak Txileko 2009 Pilota Txapelketaren emaitzak dakartza

2009/06/11

M. Ramírez eta R. Santesteban Ohorezko mailan txapeldunak (argazkiak Berriketari) Txileko Euzko Etxearen baitan antolatzen diren ekintza ugarien berri ematen du hilabetero bertako 'Berriketari' aldizkariak. Ignacio Bastarrica zuzendari eta Maria Angelica Carrasco editore daukan hilabetekariko azken zenbakiak Santiagoko Euskal Etxean jokatutako Txileko Pilota Txapelketaren berri ematen du, besteak beste ohorezko mailan garaile izan ziren M. Ramírez eta R. Santesteban-ek eginikoen berri emanez. Horrekin batera, musika, ikastaroak, bilkurak eta ospakizunak arloetan gertatutakoak hurbilarazten dizkie bere bazkide eta lagunei oraingoarekin bere 9. zenbakira iritsi den aldizkariak.

Gehiago irakurri...


Puerto Madryngo euskal komunitateak bere dantzarien jarduna txalotu du ikuskizun jendetsu batean

2009/06/11

María Julia Ercoreca dantzariekin (foto Puerto Madryn-eko Euskal Kolektibitatea) Duela hiru urte Puerto Madryngo euskaldunek amets bat egia bihurtzea hartu zuten helburu: bertako euskal komunitatea biziberritzea. Maria Julia Ercorecaren eskutik, lanari ekin zioten eta denbora gutxitan dantza taldeak sortu eta bi afari jendetsu egitea lortu zuten. Azken afaria joan den maiatzaren 16an izan da, ‘Sum’ izeneko eskolan, eta berrehun eta hogei lagun bildu ziren. Euskal dantzak ez ezik, euskal menua eta oroigarriak erosteko ‘boutique’ bat ere eskaini zizkieten antolatzaileek bertaratu zirenei. “Gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan izanda, esan dezakegu jendearen erantzuna oso ona izan dela” adierazi du Ercorecak, pozez beteta. “Gau hunkigarri eta gogoangarria izan da. Parranda ere ez zen faltatu, goizeko bostak arte geratu ginen dantza egiten”.

Gehiago irakurri...


Hasi dira jadanik ateratzen Renotik, munduko euskal liburutegietara bideratutako liburu-sortak

2009/06/10

Ezkerrean Marimar Ubeda, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiko liburuzainburua, eta eskuinean Kate Camino, Euskal Ikasketa Zentruko bulegoko koordinatzailea; biak aritu dira liburuen operazioan (argazkia EuskalKultura.com) Arrakastatsua izan da joan den astean EuskalKultura.com medio Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) Euskal Liburutegiak egin zuen deia. Mundu osoko hogeitik gora euskal liburutegi eta euskal etxek erantzun diote eskaintzari eta zientoka liburu ari dira aste honetan ateratzen Renotik, gehienbat Estatu Batuetara eta Argentinara, baina baita ere Alemania, Kolonbia, Espainia eta Mexikora, itsasoz, kasu gehienetan. Honek guztiak eragindako gastuak Renoko 'Center for Basque Studies' (CBS) ari da hartzen bere gain. Bidalketa lana koordinatzen, berriz, Marimar Ubeda, Euskal Liburutegiko liburuzainburua ibili da. Mila esker berari, Euskal Mintegiari eta Liburutegiari, euskal liburuok eskuragarri ipintzeagatik.

Gehiago irakurri...


Bideak-ek Diasporako familia ezagutzeko bidaia egiteko gonbitea egiten die euskaldunei; eta alderantziz

2009/06/10

Jasone Gezuraga, Bideak-ekoa (argazkia EuskalKultura.com) Egoitza Durangon duen 'Bideak' bidaia agentziak, Basque-Eusk'09 programaren bitartez, Euskal Herria eta Diasporaren artean zubiak eraikitzeko aukera berriak eskaini nahi ditu. Alde batetik, agentziak, Euskal Herria eta euren sustraiak ezagutu nahi dituzten Diasporako euskaldunentzako ibilbideak antolatzen ditu. Bestetik, prozesua alderantziz egiteko aukera ere eskaintzen du, Euskal Herriko euskaldunei AEBetan, Argentinan, Txilen... dauzkaten senitartekoak ezagutzeko bidaiak antolatuz. Aurten bidaiatu ahal izateko izen-emate epea ekainaren 30ean bukatuko da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia