2009/07/28

Tokiko informazioa euskaraz zabaltzeko webgune berri bat jarri du martxan euskarazko tokiko telebisten elkarteak Tokiko.tv helbidean. Euskal Herrian dauden tokiko euskarazko telebistei euren lana zabaltzeko leiho berri bat ematekotan hasia da webgunea eta, besteak beste, munduko euskaldunei ere Euskal Herrian sortzen diren herri mailako albisteetarako sarbidea ematen die, kilometrotan urrun egonda ere. Honako kanaleek daukate presentzia webgunean: Tolosaldeko (Gipuzkoa) 28 Kanalak; Urola bailarako (Gipuzkoa) Erlo Telebistak; Goierri Telebistak (Gipuzkoa); Deba Garaiko (Gipuzkoa) Goiena Telebistak; Bizkaiko Busturia eta Lea Artibaiko Oizmendi Telebistak; Topagunea Telebistak; Nafarroako ipar-mendebaldeko Ttipi-ttapak (bertan behera egun); eta Baztanaldeko Xaloa Telebistak.
Gehiago irakurri...
2009/07/27

Joan den ostiralean egin zuen NABOk Renon bere urteroko Biltzar Nagusia. AEB eta Kanadako berrogei bat euskal etxe biltzen dituen erakunde honek bere lehendakaritza berritu zuen. Orain arteko lehendakariak, Salt Lake City-ko (Utah) Mary Gaztambidek --esana zuen bezala ez zuen bere burua berriz hautatua izateko aurkeztu--, lekukoa pasatu zion Kaliforniako San Frantziskoko Valerie Etcharren Arrecheari, azken hau aklamazioz hautatua izan ondoren, botorik gabe kontra. Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeko lehendakari Kate Caminok proposatu zuen Arrechea eta idazki bat irakurri zuen haren soslaia emanez. [EuskalKultura.com solasean aritu da lehendakari berriarekin eta bihartik aurrera artikuluak eta bideoak ekarriko ditu aste osoan zehar gai honi buruz zein joan den asteburuan Renon gertatu diren beste zenbait elkarretaratze eta ekimenei buruz]
Gehiago irakurri...
2009/07/27

Argentinako bandera eta ikurriñarekin apaindu zituzten pasa den uztailaren 14an Paraná ibaiaren ertzean dagoen hiriko hainbat balkoi. Era koloredun hau aukeratu zuten Zazpirak Bat euskal etxeko kideek ikurriñaren eguna eta erakundearen urtebetetzea ospatzeko. Hiru urte baino ez zaizkio falta erakunde honi mendeurrenera heltzeko eta hasierako gogo berarekin lan handia egiten dute egunero Euskal Herriko kultura zabaltzeko.
Gehiago irakurri...
2009/07/27

Necochean dira aurtengo 'Hator Hona' programako zazpi partaideak. Euskal Etxean euskal kultura tailerrak ematen ari dira Aitziber Iraola, Gorka Segurola, Jon Basaguren, Andrea Losada, Jone Arriolabengoa, Iratxe Garrido eta Leire Saldias. Uztailaren 18an iritsi ziren Euskal Herriko zazpi gazteak eta bertan izango dira dantza, kirola, musika eta euskara irakasten abuztuaren 9ra arte. Gazteei ongietorria emateko Euskal Etxeko kide eta zuzendaritzakoek jai berezi bat eskaini zieten.
Gehiago irakurri...
2009/07/27

Ibone Belausteguigoitia 1930eko maiatzaren 23an jaio zen, Bilbon. Urtebete zuela, familia Mexikora etorri zen bizitzera eta bertan jarraitzen du. 17 urterekin, tranpolin jauziak egiten hasi eta oraindik horretan lehiatzen jarraitzen du nahiz eta dagoeneko 79 urte beteak izan. Bere ibilbidean 300 domina inguru lortu ditu, ezbairik gabe egungo kirolari askok lortu nahi luketen marka.
Gehiago irakurri...
2009/07/24

NABOren Biltzar Nagusiak abiaraziko du gaur goizean Nevadako Renon, AEBetan, asteburu osoa iraungo duen Euskal Jaia. Renoko aurtengoak urteurren askotxo behar ditu ospatu, hala nola hemen bertan, Reno/Sparks-en, 1959an egin zen lehenengo 'Basque Western Festival'ren 50'. urteurrena; Reno bertako Zazpiak Bat Euskal Etxearen 43. urteurrena; NABO sortu zeneko 36. urteurrena, NABO Renon sortu baitzen; eta horiekin batera, NABOren urteroko Biltzar Nagusi eta Jaiaren 30. urteurrena; Nevada-Renoko Unibertsitatean (UNR) ikasle artean sortu zen 'Zenbat Gara' euskal taldearen 20. urteurrena; Euskal Artzainari eskainitako monumentu nazionala Renon inauguratu zeneko 20. urteurrena; eta UNR barneko Euskal Mintegi edo Ikasketa Zentruaren 42. urteurrena. Azken honi dagokionez, gaurko ekintzetako bat, 'Center for Basque Studies' horren instalazio berrien inauguraketa ofiziala egitea izango da. Benetako euskal asteburua biziko dute Renon.
Gehiago irakurri...
2009/07/24

Juan Zelaiak eta EuskalFundazioak sortua, ekimen honek euskaraz eginiko euskal musika ikerketak nahi ditu sustatu. Zure euskal txean, zure euskal komunitatean, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo ezagutzea merezi duen musika lanik ikertzeke dagoela badakizu, hemen daukazu ikerlan hori egin ahal izateko sostengu ekonomikoa. Aste honetan, Eresbilek Juan Zelaia Letamendi Musika Bekaren laugarren edizioaren deialdia egin du. Euskal Fundazioaren babesarekin, bekak musika eta euskara uztartzen dituen ikerketa lanak ditu helburu eta edozeinek parte har dezake. Iaz, hasteko, Uruguaiko euskal musikari buruzko proiektu batek eskuratu zuen. Juan Zelaia beka 9.000 euroz hornituta dago eta musika alorrean edozein eremutako proiektuak aurkez daitezke bai banaka baita taldeka ere. Proposamenak abuztuaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.
Gehiago irakurri...
2009/07/23

Agustín Alonso, José Noé Fernández, Franco Seghesso, Fernando Zabalza eta Gaspar Jaurena gazte argentinarrak Cordoba probintziakoak dira, musikariak, eta zaletasun bera daukate: euskal musika tradizionala. Beren kabuz hasi ziren ikasten, ikertzen eta Argentinan aurkitzen ez diren euskal musika tresnak egiten. Denboraren poderioz, zaletasun hori areagotuz joan da eta talde bat sortzera ekarri ditu: Baietz taldea. Taldeak oso leku berezia du Gure Txokoa Córdobako Euskal Etxean eta kideak gogor ari dira lanean, euren zaletasuna Diasporako beste hainbat euskal etxe eta herritan ere ezagutarazteko.
Gehiago irakurri...
2009/07/23

2004ko uztailean jaio zen Vascosmexico.com webgunea. Hilabete batzuk lehenago, izen bereko posta taldea zen sortua zen eta harek sustatuta sortu zen ondoren elkargune birtuala. Gaur egun 1.600 erabiltzaile erregistratu izatera iritsi da, zailtasun asko gainditu behar izan dituen ibilbide batean, bere kudeatzaile Jaione Arrietak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Guneak, besteak beste 20.000 bat mila irudiko argazki bilduma aberatsa bildu eta eskaintzen du ikusgai. Orrialdea oro har eta bilduma hori zehatzago, aukera ona dira Mexikoko euskaldunen bizitzara hurreratzeko.
Gehiago irakurri...
2009/07/22

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak webgune berri bat abiarazi du. GureGipuzkoa.net-ek Gipuzkoako 10.000 irudi baino gehiago jasotzen ditu lurraldearen historia grafikoa islatuz. Tresna dinamikoa izan nahi du eta horregatik aukera ematen du edozein erabiltzailek bertan bere argazkiak jar ditzan. Foru Aldundi gipuzkoarrak Indalecio Ojanguren eta Sigfrido Kochen argazki bildumak ixuri situ bertara. Sustatzaileek gipuzkoar askok parte hartzea espero dute argazki bilduma ahal bezain aberatsa eta zabala izateko.
Gehiago irakurri...