euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haurren Alkartasun Txokolatealdiko argazkiak, Chacoko Euskal Etxearen asteburuko ekitaldian ateratakoak

2009/08/21

Kantuen momentua, kantuak zuzentzen (horiz) Isabel Esteban serora eta haren gibelean Jose Christian Echavarria Chacoko Euskal Etxeko lehendakaria Chaco probintzia argentinarreko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak urtero Argentinan 'Haurraren Eguna' dela-eta haur gabetuentzat egiten duen alkartasun txokolatealdiak Resistencia hiriko Nuestra Señora de Itatí zentruko hogeitik gora haur bildu zituen joan den asteburuan. Euskal elkarteko bolondres talde batek, txokolatea eta fakturak zerbitzatu zizkien neska-mutikoei, eta jolas eta kantu batzuk egin zituzten elkarrekin. (Ikus argazkiak)

Gehiago irakurri...


Buenos Airesko Unibertsitateak bere Euskara eta Euskal Kultura ikastaroa hasiko du datorren asteartean

2009/08/21

Artxiboko irudian, UBAko Euskara eta Euskal Kultura eskoletako ikasleak ikas saioetako batean (argazkia EuskalKultura.com) Datorren asteartean, abuztuaren 25ean, hasiko da Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA) Euskara eta Euskal Kultura ikastaro berria, bertako Hizkuntza Laboratorioan. Ekimenak laugarren urtea izango du aurtengoa. Eskolak hastapen mailakoak izango dira eta izena emateko ez da gradu akademikorik eskatzen. FEVAk eta Unibertsitateak berak antolatutako kurtso hau gainditzen dutenek UBAren agiri bat lortuko dute. Hiru aurreko urteetan bezala, Teresa de Zavaleta euskaldun argentinarra izango da eskola emaile.

Gehiago irakurri...


Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

2009/08/20

Zenbat Gararen 20. urteurrena ospatzeko emanaldira bildutako jendearen gaineko ikuspegia, Renoko 'Mckinley Arts and Culture Center' delakoan (argazkia EuskalKultura.com) Bere hogeigarren urtebetetzea ari da ospatzen aurten Renoko (Nevada, AEB) Zenbat Gara Euskal Dantzari Taldea. Nevada-Renoko Unibertsitatearen baitan 1989an euskal kultura eta dantzari talde gisa sortua, Lisa eta Enrike Corcostegui senar-emazteek gidatzen duten talde honek Renon egin berria den NABO Biltzar eta Jaia hautatu zuen bere lagun eta jarraitzaileak bildu eta urteurrena festa giroan ospatzeko. Lagunen artean, propio bertaratu ziren Euskal Herritik euskal dantza eremuan arras ezagunak diren Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Mikel Urbeltz, Ane Albisu eta Fernando Aristizabal, beste hamaika euskaltzalerekin batera Zenbat Garakoekin bat egin eta hogei urtez egin duten lan ederra errekonozitu eta eskertzeko. (Ikus bideoa)

Gehiago irakurri...


2008ko Gurrutxaga Txakolina, 'Wine of the week' aukeratu du AEBetako Los Angeles Times egunkari ospetsuak

2009/08/20

Gurrutxaga Txakolin botila bat, Estatu Batuetan merkaturatzen den itxura eta etiketarekin (argazkia Jay L. Clendenin/Los Angeles Times) Ez daukagu geuk txakolinarekin obsesiorik, baina egiari zor, nazioartean --eta Estatu Batuetan bereziki-- gero eta oihartzun handiagoa eta trataera hobea ematen ari zaizkie txakolinei, eta halaxe gertatua da aste honetan ere, Los Angeles Times egunkariak --AEBetako hiru garrantzitsuenetakoa berau-- 'Wine of the Week' (Asteko Ardoa) gisa hautatua baitu, kasu honetan 2008ko Gurrutxaga txakolin xuria, Bizkaiko Txakolina jatorri izendapenari atxikia. Beraz, lehenengo eta behin zorionak Gurrutxagakoei, eta ondotik txakolingileei eta oro har euskal ardogintzari ere, euskal produktuak euren kalitateagatik, eta gero eta hobe egiten ari den merkaturatze eta zabalkundeari esker ere apreziatuak eta estimatuak baitira Estatu Batuetakoa bezain merkatu lehiakor eta zorrotza den batean.

Gehiago irakurri...


Euskal Kulturak bere standa eta ordezkaritza izan zituen Bogotako Nazioarteko Kultur Ikuskizun Azokan

2009/08/19

'Munduko Umeak' da Kolonbiako Euskal Etxearen gerizpean euskal kantuak eta dantzaren bat lantzen duen bertako haurrez osatutako taldea. Irudian, Azokako irekiera ekitaldietan partaide Kolonbiako Euskal Etxeak parte hartu du --Euskal Kulturaren ordezkari-- herrialde kolonbiarreko hiriburuan gauzatu den 'Feria Cultural Bogotá Internacional Espectacular' (Bogota Nazioarteko Kultur Ikuskizun Azoka) delakoan, Bogotá-ko Alkatetza Behineneko Idazkaritza Orokorreko Nazioarteko Harremanetarako Zuzendaritzak antolaturik "orain artean antolatua izan den kultura, arte agerpen eta gastronomia arloko bertako erakustaldirik handienean", beti ere "Bogotá eta gainerako kontinenteen arteko erlazioak eta loturak areagotzea helburu". Euskal Etxeak erakusgai eskaini zituen ekimenen artean, Euskal Herriari buruzko Argazki Erakusketa Handi bat eta, bertakoa baita ere, 'Munduko Umeak' abesbatza euskal kolonbiarra, azken honek euskarazko bost kantu eta Euskal Herriko dantza bat oholeratu zituela.

Gehiago irakurri...


Lapridako euskal erregina koroatu dute Martina Larraza gaztea, bertako Euskal Etxearen 20. urteurrenean

2009/08/19

Martina Larraza gaztea, Lapridako euskaldunen erregin berria Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeak erregin berria hautatu du joan den asteburuan. Koroatua Martina Larraza izan da, euskal etxe lapridatarra bere 20. urteurrena ospatzen ari den urte honetan. Izendapena egiterakoan, EEko Zuzendaritza Batzordekoek dantzari gaztearen tasunak utzi dituzte agerian eta azpimarratu dute euskal dantzei eskaintzen dien denbora eta maitasuna. Joan den larunbatean hautatua izan bada ere, aurkezpen ofiziala Lapridako gizartearen aurrean irailaren 16an izango da, Lapridako partido/barrutiak bere 120. urteurreneko kabalkada egingo duenean. Lerro hauetatik zorionak erregin berriari eta baita berriz ere EEkoei, bi hamarkada hauetako ibilbideagatik.

Gehiago irakurri...


Raul Alcain hil da Argentinan, Paraná-ko 'Presencia Vasca' saioko sortzaile eta familia euskaltzale bateko buru

2009/08/18

Raul Alcain 'Presencia Vasca'n parte hartu zuen azkeneko aldian, irratsaioak 18 urte bete zituenean (argazkia Presencia Vasca) Igandetik astelehenerako gauean hil da Argentinako Paraná hirian Raul Alcain, 96 urteko euskal argentinarra, familia zabal bateko aitona eta birraitona, bere ondoko guztiak euskal erroekiko zaletasunean eta errespetuan hezi zituena, pertsonalki engaiamenduzko etsenplua emanez euskal kultura, identitate eta sentimentuarekiko. Bere gorpua gaur asteartea abuztuak 18 erraustuko da, goizeko 11etan, Paranako Udal Hilerrian. Lerro hauek baliatu nahi ditugu bere familia eta lagunei besarkada bero bat bidaltzeko, baita Presencia Vascako lankideei ere. Goian Bego.

Gehiago irakurri...


Aste honetan ospatuko ditu St. Pierre eta Miquelonek bere euskal festak; Trois-Pistolen, arrakastaz bukatu dira

2009/08/18

PABAko pilotalekuan jokatutako pala partidak, kasu honetan gaztetxoen kategorian; esku huska ere aritu ziren Arrakastaz ospatu berri ditu Quebec-eko Trois-Pistoles herriko 'Parc de l'Aventure Basque' (PABA) delakoak bere euskal jaiak, euskal musika, janaria, kirolak eta oro har euskal giroak bi mila bat jende ekarri dituela, antolatzaileen esanetan. Azkeneko urteotan egin gabe, aurtengo arrakastak indarrak biziberrituko ditu. Musikaz aparte --euskal txaranga batek, besteak beste, girotu zuen festa-- herri kirolak izan dira deialdiko protagonista nagusia, horien artean pilota txapelketa eta erakustaldiak, Parc-eko kantxa gertaleku. Baina euskal festak ez dira batere ahitu Amerika Iparraldeko eremuan, aste honetan bertan hasiko baitira St. Pierre et Miquelon-goak, hemen ere pilota, herri kirolak, musika, janaria, dantzak eta kantuak protagonista. Igandera arte luzatuko dira euskal tradizio handiko atlantiar uharteotan.

Gehiago irakurri...


Negelua familia juntatu da Jutsiko Negelua sortetxean, etxea familiatik kanpoko eskuetara pasatu delarik

2009/08/17

Negelua aita-alaba Estatu Batuetan kantuz, Gardnervilleko Euskal Kantari Egunean, Kaliforniako familia bisitatzera joan zirelarik (argazkia EuskalKultura.com) Negeluatarrak familia ezagutua dira Jutsin eta Baxenabarren, eta baita Europatik kanpo ere, Ipar eta Hego Ameriketako Euskal Herrietan, hasteko Argentinan eta Estatu Batuetan. Euskaldun familia atxikia izanik, euskara biziarazten dute eta euskara ederrean mintzo dira, hala nola Kalifornian sortu eta euskal etxeetan heien lan ona emaiten dutenak. Iragan hilabetean, familia elgarretaratzea ukan dute Jutsin, Negelua sortetxean, etxea familiakoen eskuetan gehiago ez bada ere, atxiki nahi baitute biltzeko izpiritu eta gogoa, beti euskaldun omore eta giro onean. Uztailaren 12an egin zuten bilkuraren aipu hau Herria astekaritik ekarria da.

Gehiago irakurri...


Kontzertua Laurak Bat Euskal Etxean, Norberto Broggini, Juan Pedro Esnaolaren 'Pianorako Obra I'ren jole

2009/08/17

Norberto Broggini pianojole buenosairestarra (argazkia Beepworld.de) Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak, Maiatzeko Iraultzako Bigarren Mendeurrenerako bidean antolatutako ekitaldien artean, piano kontzertu bat iragarri du datorren ostiralerako, abuztuak 21, bere egoitzan, "Juan Pedro Esnaola-Pianorako Obra I : XIX. mendeko euskal erromantizismoa Rio de la Platan" izenburupean. Norberto Broggini pianojolearen eskutik, euskal gurasoak zeuzkan Juan Pedro Esnaolari (1808-1878) --'argentinar musikaren aita' gisa ezaguna-- eskainiko zaio emanaldia, sarrera kitorik, Euskal Etxeko Pedro Basaldua Aretoan iluntzeko zortzietan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia