2009/10/27

Iaz Estatu Batuetan izan ondoren Euskal Diaspora ikertzea xedea duen ikerketa hau Argentinara heldu da Euskal Herriko Unibertsitateko Adrian Odriozola eta Jose Aznar ikerlari gazteen eskutik. Zientzialariek 1000 listu lagin lortzeko asmoa daukate eta horretarako Argentinako hainbat euskal etxe bisitatzen ari dira. Jadanik Buenos Airesen izan dira eta geroztik geldialdi askotako bidaia bat hasiko dute. Gral Rodriguez, Moreno, José C. Paz, Ayacucho, Tandil, Mar del Plata, Necochea, Tres Arroyos, Cnel Dorrego, Bahía Blanca, Cnel. Pringles, Laprida, Azul, Las Flores, Saladillo, Chivilcoy, Chacabuco, Arrecifes, San Nicolas, Rosario, Parana, Concordia, eta Chascomus dira orain arte konfirmatuta dauden hiriak. Gaur Mar del Platan daude. Multzo honetatik kanpo geratzen diren euskal etxeak ere laginak hartzeko aukera izango dute.
Gehiago irakurri...
2009/10/26

Lau hilabete pasexe daramatza karguan Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkari nagusiak. Denbora honetan, NABOren Biltzar Nagusian partaide izan eta Estatu Batuetako euskal etxeak bisitatu ditu, eta Lopez Lehendakaria ere lagundu izan du Bruselara egindako bidaian. Urriaren 14an, Echeniquek bere ardurapeko sailaren lerro nagusiak aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean, eginkizun dituela, besteak beste, munduan dauden Euskadiren Ordezkaritzak eta munduko euskal etxeak. Echenique EuskalKultura.com-ekin solastu zen joan den asteartean, segidan argitaratu dugun elkarrizketa emanez.
Gehiago irakurri...
2009/10/26

Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak lehia pribaturako deialdia egin du, etxeko (Belgrano 1144) buffet eta jangela zerbitzua urtarriletik aurrera eskaini nahi dutenek aurkez daitezen. Xehetasun eta jakingarri gehiago elkarteko Idazkaritzara deituz edo e-maila bidaliz.
Gehiago irakurri...
2009/10/26

“Hitzak, hitzak, hitzak… besterik ez”, William Shakespeare-ren aipu
famatua eta enigmatikoa erabili du International Pen Club-ak bere 75.
Kongresuan, Austriako Linz hirian --Europako Kultura Hiriburua aurten-- urriaren
19tik 25era bitartean. Nazioarteko mailako idazle erakunde handienaren
ardatzak ez dira hitzetara besterik mugatuko, hitzak profitatuko diren arren:
adierazpen askatasunaren alde erreferentzia bihurtu da mundu mailan PEN
Club 1926 urtean sortu zenez geroztik; jazarpena eta kartzela jasaten dutenen
idazleekiko elkartasuna adierazi du behin eta berriz azken 50 urteotan hitz eta
ekintzen bitartez ('Writters in Prision' Batzordeak 50. urteurrena betetzen du
Manolis Glezios Greziako idazle atxilotuari babesa emateko sortu zenetik).
Gehiago irakurri...
2009/10/26

Berrehun lagunetik gora partaide ospatu zituen Rio Cuartoko 'Gure Ametza' (sic) Euskal Etxeak, Cordobako probintzia argentinarrean, elkartearen lehenengo 15 urteak. Euskal Etxearen egoitzako areto nagusira bildutakoek afari goxoa dastatu ahal izan zuten, euskal etxearen 15 urteko ibilbidea azaltzen zuen dokumental bat ikustearekin batera. Gauak ondoko Villa Mariako dantzarien emanaldia ere ekarri zuen. Giroa, egokia suertatu zen 'Gure Ametza'ren webgunea aurkezteko, Iñaki Bilbaok egina.
Gehiago irakurri...
2009/10/23

Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako diputatua, Argentinara abiatuko da datorren asteartean, asteburuan Bahia Blancan egingo den Euskal Astean parte hartzeko. Bahia Blancan, Foru Aldundiaren eta bertako Union Vasca Euskal Etxearen arteko lankidetza akordioa sinatuko du, 'Semana Vasca'ko erakunde laguntzaile denez gero. Galdosek zenbait kontaktu garatuko ditu Argentinan eta besteak beste, Chascomús bisitatuko du, herri horretan datorren urtarrilean, Zingirako Euskaldunak EEak antolaturik egingo den euskal udalekuko babesle baita.
Gehiago irakurri...
2009/10/23

La Platako Euzko Etxea ezaugarri hauetan ezohikoa den ekitaldi baten egoitza izan da hilabete honetan, izan ere Idiazabal gazta dastaketa bat antolatu baitzuen, probestuz hirian zela bisitari Victor Manuel Rodriguez Rivera, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapeneko Dastaketa Batzordeko kidea. Ekitaldiak euskal gazta honi buruzko jendaurreratzea eta azalpen guztiez eta ilustrazio ugariz hornitutako aurkezpena bildu zuen, azpimota desberdinak azalduz eta, bistan da, hori guztia gazta dastatuz, oso era didaktiko, erakargarri eta ulerterrezean.
Gehiago irakurri...
2009/10/23

Argentinan bizi izan den negu gogorrak ekintza bat baino gehiago bertan behera uztera behartu izan du hainbat kasutan. Udaberriaren hasierarekin batera, ordea, euskal etxeak aire zabaleko ekintzak antolatzera animatzen hasi dira. Karia hortara, hiri askotako plaza eta kaleetan jaiak eta azokak gauzatzen ari dira azken asteotan. Tres Arroyosen, esaterako, Hiru Errekako lagunek Janari Azoka antolatu zuten herriko erdigunean urriaren 10ean. Ondoren, urriko asteburu luzean, Claromecoko Gizataldeen Azokan lagundu zuten, euskal kulturari buruz informazioa eskaintzen. Baina Tres Arroyosen, ororen buru, euskaldunak oso kontent dabiltza, euskal etxearen egoitza eraikitzeko lursaila erostea lortu baitute duela bi hilabete. Zorionak!
Gehiago irakurri...
2009/10/22

Euskaltzaindiaren izenean mintzatuko diren Jose Luis Lizundia eta Mikel Gorrotxategiren solasekin, Diasporan hain interes bizia pizten duen deituren gaiari buruz gainera --esanahiak, aldaerak eta aldaketak Ameriketako bidean-- hasiko da gaur goizean Arrasaten Diasporari buruzko 2009ko 'Euskal Herrria Mugaz Gaindi' Mintegiko hirugarren eta azken eguna. Topaketa asteartean inauguratu zen, bertako zein Ameriketako ikerlariak partaide eta egun horretan berean jaso zuen Julian Celaya Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko zuzendariaren bisita. Hiru egunotan, partaidetza fisikoez gain bideokonferentzia bidezkoak ere bildu dituen elkarretaratze honek amaiera ekitaldia gaur arratsaldeko bost t'erdietan izango du, Arrasateko Kultur Etxean.
Gehiago irakurri...
2009/10/22

Eusko Jaurlaritzak 'Lagun Onari' Saria emango dio datorren igandean Mexikoko Errepublikari, euskaldunak abegikor errezibitzeagatik eta urte askotan, bereziki frankismo garaian, ateak zabalik edukitzeagatik Euskal Herritik ihesean edo bestela zihoazenei. Emate-ekitaldia Ajuria-Enean izango da, Gernikako Autonomi Estatuak egun horretan 30 urte betetzen dituela-eta Lopez Lehendakariak antolatutako hitzorduaren baitan.
Gehiago irakurri...