euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracasen 1939an erbesteratutako belaunaldiari asteburuan eginiko Omenaldiaren argazki kronika

2009/12/02

Asteburu osoa izan da esker oneko besarkatze ekitaldi bat. Irudian, omenduak Eusko Etxean, txistularien eta jendearen presentziaren berotasuna lagun Maitasuna, emozioa, etxekotasuna izan dira joan den asteburuan Caracasen, bertara 1939an errefuxiatu iristen hasi zen belaunalditik bizirik geratzen direnei egin zitzaien omenaldiak bildutako osagaiak. Orduan iritsi eta, gogor lan eginez, leku propioa eraiki zuten bertan komunitate batentzat, euskal komunitatearentzat, eta euren seme-alaba eta ondorengoen aurrerabidea prestatu zuten, Euskadi txiki bat sortuz, eta Eusko Etxearekin batera beste egiturak eta baliabideak sortuz, jende eta lotura mundu bat sortuz, familia handi baten antzera. Denborarekin, askok atzera egingo zuten Euskadira, beste batzuk, garai onenak joanda ere, bertan segitzen dute EEa aitzinarazi nahian. Joan den asteburukoa, ongi merezitako eta esker oneko omenaldia izan da, "kuraia, lana, ausardia eta abertzaletasuna" ezaugarri izan zituen "belaunaldi gehienbat euskaldun fededun" harentzat.

Gehiago irakurri...


Euskadik eta Akitaniak akordioa sinatu dute Bordelen 'euroeskualde' bat sortzeko, 'Nafarroari zabalik'

2009/12/01

Patxi Lopez lehendakaria eta Rousset Aquitaniako presidentea atzo Bordeleko Euskal Etxeko abesbatzako kideez inguratuta, kantuz eta algaraz Alain Rousset Akitaniako presidenteak eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak akordioa sinatu zuten atzo Aquitaniako hiriburuan, Bordelen, poza eta baikortasuna nagusi izan ziren giro batean, aurrerapauso garrantzitsua ematen ari zeneko mezua izan baitzen han-hemenka transmititu nahi izan zuten irudia: 'euroeskualdea ari da sortzen'. Giro baikor horren barnean kokatu zen Bordeleko Eskual Etxeko abesbatzak kantuz egin zuen ekarpena eta baita ere aipatu bi buruzagiek euskal kantu alorrean agertu zuten 'ezagutza', besteak beste Txoriak txori eta Boga-boga bezalako kantuetan bat egin baitzuten abesbatzarekin. Batzuentzat atzokoa ez zen folklorekeria baizik, beste batzuentzat, urrats handia eman zen.

Gehiago irakurri...


Posadas-ko 'Euskal Jatorri' Euskal Etxeak, Misiones-en, haurrentzako futbol txapelketa antolatu du

2009/12/01

Euskal Jatorri Euskal Etxeak bideratutako futbol txapelketako partidetako baten irudia Haurrentzako futbol txapelketa bat egin da joan den asteko asteazken eta ostegunean --azaroaren 25 eta 26an-- Misiones probintzia argentinarreko Posadas-en, mutilen artekoa, eta eskola horretako 783 eta 835 zenbakidun eskoletako ikasleen artean. Azterketak medio, 675 zenbakidun eskolakoek ez zuten parte hartu ahal izan. Norgehiagoka bertako Euskal Jatorri Euskal Etxeak-en babespean antolatu zen, euskal elkarte honen helburuen artean kirol mota guztiak sustatzea baitago, euskal etxekoek esanik. Pilotak eta garaikurrak Euskal Etxearen doaitza izan ziren.

Gehiago irakurri...


Erromako argitaletxe batek italianoz idatzitako ¡Viva Zumalakarregui! kaleratu du, I. Karlistadan girotua

2009/11/30

Isidore Magues margolari frantsesaren erretratua: 'Don Carlos et ses défenseurs' erretratu bildumatik hartua Italian argitaratu den '¡Viva Zumalakarregui!' eleberriak Euskal Herriak bizi izandako Lehen Gerra Karlistan kokatzen du nobelaren protagonista, Isidore Magues margolari frantsesa. Bertan izandako bizipenek ardazten dute Valentino Pugliese idazleak aurkeztutako istorioa. Idazte prozesuan Zumalakarregi Museotik bildu zuen besteak beste Pugliesek nobela egokiro girotzeko informazioa. Idazlanak sari batzuk jaso ditu dagoeneko, argitaletxearen webguneak azaldu eta Sustatu.com albistegiak islatzen duenez.

Gehiago irakurri...


Venezuelako euskal komunitateak 1939ko belaunaldiko euskaldunak ohoratu ditu asteburuan

2009/11/30

Laurentzi Odriozola Echegaray, errekonozimendua jaso zutenetako bat, atzoko ekitaldian. Haurra zela iritsi zen gaur egun Notitarde egunkariko zuzendari dena, gurasoekin, La Guairara.

Gehiago irakurri...


Villa Mariako Euskal Etxeak, Argentinan, bere 53. Euskal Kultur Asteari ekin dio: gaur, kultura tailerra

2009/11/30

Villa Mariako Euzko Etxea, Cordoba probintzia argentinarrean Hasi berria da Villa Marian, Cordona probintzia argentinarrean, bertako euskal elkarteak antolatzen duen 53. Euskal Kultur Astea. Atzo ekin zitzaion ekimenari, izan ere, hildako bazkide eta lagunei eskainitako ekitaldiekin, tartean lore-sorta Gernika Plazatxoan eta meza, Denak Bat bertako euskal abesbatzak edertua. Gaur, euskal kultura eta identitate tailer bat egingo da, Marta Vijande Esnaola zuzendari. Datozen egunetan, berriz, haurrentzako ekitaldiak, dantzak, mus eta truko partidak, interes orokorreko hitzaldi bat eta pare bat afari eta festa elkarretaratze iragarri dira. Programa larunbatean bukatuko da, afari eta festa herrikoi batez Euzko Etxea-ko Euskal Herria Aretoan. Sarrerak salgai euskal egoitzan bertan, Lisandro de la Torre 33 helbidean.

Gehiago irakurri...


Abenduaren 10era arte luzatu da EuskalKultura.com-ek deitutako argazki lehiaketara aurkezteko apea

2009/11/30

Lehiaketaren afixa. Epea abenduaren 10era arte luzatu da. EuskalKultura.com-ek abenduaren 10era arte luzatuko du --10 egunez beraz-- euskal gaiaz deitua duen argazki lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Jakina denez, lehiaketa honetara Diasporarekin eta euskal gaiekin zerikusia daukaten argazki originalak aurkez daitezke, Euskal Herrian zein Diasporan atereak. Hiru sari banatuko dira, bakoitzari Xamar-en 'Euskara Jendea' (Pamiela argitaletxea)liburuaren ale banatuko zaiola. Gainerako partaideen artean, liburu beraren beste hiru ale zozketatuko dira. Animatu eta parte har ezazu!

Gehiago irakurri...


AEBetako prentsak artikulua eman du argitara Ysursa bi euskal anaiez, bata demokrata, errepublikanoa bestea

2009/11/30

Ben Ysursa, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) 'Idaho Statesman' eta AEBetako beste zenbait egunkarik Associated Press agentziako artikulu bat eman zuten argitara joan den ostiralean, John Miller-ek sinatua, bi anaiari buruz, Ben eta Bernard Ysursa, Boiseko (Idaho) euskal familia batean jaioak eta, nahiz eta bat, Ben, errepublikanoa eta Idahoko Estatu idazkaria izan eta bestea, Bernard, demokrata, Obamaren aldekoa eta abokatu ospetsua Illinoisen, biak beste ezeren gainetik lagunak izaten segitzen duten, euren arteko anaiarteko harreman onari eutsiz. Euskaratu egin dugu bi anaia haiei buruzko artikulua, Idahoko euskal komunitatean euskaldun ezaguna den Ramon Ysursaren seme baitira, eta baita ere Boiseko hoteletan lan egin eta bertan semeak segituko zuen euskal ostatu baten jane izan zen Benito Ysursa iurretatarraren eta haren emazte Asuncion-en bilobak. John Ysursa NABOko sustatzaile eta euskaltzale ezagunaren anaiak ere badira Ben eta Bernard Ysursa.

Gehiago irakurri...


Euskal eta argentinar laburmetraia sorta bat emango du Buenos Airesen Laurak Bat-ek bihartik hasita

2009/11/27

Pablo Malo zuzendariaren 'Jardines Deshabitados' laburraren fotograma bat Euskal Herrian eta Argentinan filmatu eta ekoiztutako hainbat laburmetraien proiekzioa antolatu du Laurak Bat Euskal Etxeak Buenos Airesen larunbat honetarako eta hurrengorako. Zinemagintza independentea bermatzea eta zabaltzea helburu duen egitasmo honetan, Kimuak saileko zenbait laburmetraia eta Argentinako zinemagile gazte eta berriztatzaileen lanez gozatzeko aukera izango da. Hitzordua, bihar eta datorren asteko larunbatean, Laurak Bat-eko Sebastian Amorrortu Aretoan, sarrera libre eta doainik.

Gehiago irakurri...


Venezuelako euskal kolektibitateak omenaldi berezia egingo die 1939ko belaunaldiko erbesteratuei

2009/11/27

1939. urtean erbesteratutako euskaldunen omenaldiaren kartel iragarlea Datorren asteburu hau zinez hunkigarri eta gogoangarria iragartzen da Caracasen. Bihar, larunbata, Eusko Etxean, eta igandean, Chacaon, 1939an frankismotik ihesean Venezuelako erbestera iristen hasi zen belaunaldiak omenaldi sentikor eta ongi irabazia hartuko du, gizon-emakume adoretsu haietatik bizirik gelditzen direnak jendaurrera ekarriz eta esker oneko txalo eta besarkada beroa emanez. Laguntzaile berezi izango dira Iruñetik propio etorritako Ortzadar taldeko dantzari gazteak. Izan ere, Eusko Etxea euskal kolektibitateko ordezkari izango da bertan; Ortzadar taldea, beti bihotzean atxikitako Euskal Herriaren ordezkari; eta Chacaoko alkatetza --antolatzaile baita-- gizarte venezuelarraren ordezkari.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia