2009/12/22

Chacoko Resistenciako Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeak aurtengo bere azken emanaldia egin zuen abenduaren 12an, larunbata, hiriburu chacotarreko Don Bosco ikastetxean. "Honela bedi? Eta guztia kaosa zen" izenburupean, euskal etxeari lotutako tailerrean urte osoa antzerkia lantzen ibilitako aktoreek lan ederra ekaini zieten bertaratutakoei. Zorionak guztiei eta orain ongi irabazkitako oporrak baliatzeko aukera da.
Gehiago irakurri...
2009/12/22
Fernando Raul Mandagaranek luzatutako deiari erantzunez, Mar Chiquita partiduko hamabost bat euskaldun bildu ziren pasa den azaroaren 10ean euskal etxe berri bat sortzeko aukerak aztertzeko. Proiektua bideragarria dela erabaki, eta berriro elkartzea adostu zuten, behin-behineko batzordea osatzea deliberatuz. Fernando Mandagaran bera da batzorde berriko lehendakari hautetsia. Bera buru duen taldearen lehenengo zeregina, antolatzea eta euren berri hedatzea. Euren lehenengo jendaurreko ekitaldia, 'Fiesta Nacional del Potrillo' delako jaian izango da, 2010 urte hasieran, stand-a bat ipiniz eta aurreneko ekimen batzuk aurkeztuz.
Gehiago irakurri...
2009/12/22

Estatu Batuetan, Idahoko Boise State University (BSU) delako unibertsitatea euskal gaietan espezialdutako historialari baten bila ari da, bertako Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari izan dadin. Urtebeterako kontratu berriztagarria da eta hautagaiek irakasle zein kudeaketa eta administrazio aldetik eskarmentua beharko dute izan, hobe doktore gradua badute eta ingelesarekin batera euskara, gaztelania edota frantsesa mintzo badute. Irakasle zein kudeatzaile beharko du aritu, harremanetan Unibertsitateko, nazioarteko eta euskal komunitatearen barruko baliapide eta instantziekin.
Gehiago irakurri...
2009/12/21

Txindurri du izena Uruguaiko Euskal Erria Euskal Etxearen baitan sortu den euskal folk bikoteak. Bertako bi euskara ikaslek, Leonel Aguirre eta Martin Zabalzak, osatzen dute. Gitarra bana lagun euskal kantutegi tradizionaleko zein berriko kantuak kantatzen dituzte, tartean 'Xalbadorren heriotzean', 'Loretxo bat' edo 'Azken dantza' bezalakoak. Orain artean euskal etxearen baitan ibili izan dira gehienbat, baina joan den azaroan Montevideoko Musika Zelta Jaialdian aritu ziren gonbidatu, euskal komunitatetik kanpoko lehenengo emanaldia burutuz, arrakastatsu burutu ere.
Gehiago irakurri...
2009/12/21

Euskal Agerkari Ofizialak (EHAA) joan den ostiralean, abenduaren 18an, eman du argitara Marta Marin Sanchez anderearen izendapena Bruselako Euskadiko Ordezkari berri gisa. Zazpi hilabete hartu ditu Lopez Lehendakariaren exekutiboak bere Europarekiko politikan giltzarri den bulego honetako arduraduna izendatzeko, munduko Euskadiko Ordezkaritzetan bitarteko gehien duen eta lanik gehien ateratzen duen bulegoa den honetako arduraduna izendatzeko.
Gehiago irakurri...
2009/12/21

Mende erdi bat joan da La Pampa probintzia argentinarreko Macachin herriko euskaldunak lehendabizikoz bildu zirenetik euskal etxea sortzearren. Argentinako Mus Txapelketa eta lehendabiziko Zuzendaritza Batzordeari eginiko afari omenaldia urteurrena ospatzeko egitarauko parte dira. Abenduaren 13an, 300dik gora jendek hartu zuten parte bazkari erraldoi batean. Hitzorduan, omenaldia egin zitzaion Raul Mujika zenari, erakundeko Kultur Gela-ri bere izena jarriz, bere seme-alaben aurreskuak edertutako ekitaldian. Beste herri batzuetako euskaldunek ere hartu zuten parte, Bahia Blanca, Puerto Madryn, Villa Mercedes, Laprida eta Santa Rosakoak batzuk aipatzearren. Pozik emaitzarekin, 'ez zen jai arrunta izan, Macachin-go euskal etxearen marka izan zuen', azaldu diote EuskalKultura.com-i antolatzaileek.
Gehiago irakurri...
2009/12/18

Oso trinkoa eta emaitza artistiko politez betetako urtea amaituko du datorren igandean Buenos Airesko Denak-Bat Kultur Elkarteak. Amaitu ere, kontzertu batekin amaituko du, Ntra. Sra. de Valle delako Parrokian, duela 70 urte Luis Mallea aitaren eskutik Lagun Onak Abesbatzaren sorreraren lekuko izan zen parrokia; aita Francisco Madina bildu zuena, hortxe emango du Eguberri Kontzertua, Denak-Bat Kamerataren eta Domusaindu Abesbatzaren urtealdiari azkena ipiniz. Rodolfo Arizaga, Arcangelo Corelli eta Antonio Vivaldiren obrak eskainiko dituzte.
Gehiago irakurri...
2009/12/18

Maral talde argentinarrak hamar urte beteko ditu 2010ean eta urtemuga ospatzeko oso proposamen polita atera du jarraitzaileentzat. 'Esaidazu abesti bat… eta CD bat irabazi ahal izango duzu' leloarekin gonbidatu dute publikoa disko berrirako kanta bat, gaztelaniaz nahiz euskaraz, hautatzera. Jendearen erantzuna eskertzeko, hamar cd zozkatuko dituzte parte hartzen duten lagunen artean. Abestien izenak bidaltzeko epea abenduaren 31an bukatuko da, eta datuak Facebook edo e-mailez bidali daitezke. Lan berria otsailaren bukaeran kaleratuko da.
Gehiago irakurri...
2009/12/18

Txileko Nafar Etxeko Dantza Taldeak abenduaren 3a, San Frantzisko Xabier eguna eta Nafarroako Eguna, aukeratu zuen sortu zenetik 5 urte igaro direla ospatzeko. Ospakizuna Santiagoko Estadio Españolean egindako elizkizun batekin hasi zen, José Goyena apaiz tafallarraren eskutik, predikuan San Frantzisko Xabierren urtetako atzerriko lana goraipatuz. Meza bukatzean, Nafar Etxeko Musika eta Dantza taldeek emanaldia eskaini zuten eguna ohoratuz parte hartzen ari zirenentzat.
Gehiago irakurri...
2009/12/18

Villa Mercedesko Euskal Etxeak antolaturik, Gernikako Arbolaren Monumentua deitu izan dutena inauguratuko da datorren igandean hiri puntano honetako San Martin plazan. Egiazki, forjazko burdinez eginiko itxitura artistiko bat inauguratuko da, 2006an Ordiziako Udaleko ordezkariak hemen egon zirenean oparitutako Gernikako Arbolaren kimuaren inguruan ezarri dena, hura zaindu eta babestuagoa egon dadin. Inaugurazio ekitaldean, EEari atxikitako Camerata de la Luna abesbatza arituko da kantari, Ariel Ramirez-en Meza Criolloa kantatuz, besteak beste. Euskal dantzariak ere arituko dira, eta baita perkusio talde bat ere.
Gehiago irakurri...