euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacoko Euskal Etxeko Echavarria bikoteak Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxea bisitatu zuen

2010/01/08

Jose Christian Echavarria eta bere emazte Amanda (eskuinean), Chacoko euskaldunak, Sydneyko Euskal Etxean topatutako Lourdes Salinas, Julen Santos, Manuel Marin eta Jagoba Landarekin (Echavarria argazkia) Harrera ona egin zieten eta oroitzapen ona daukate etxetik hain urrutik egonda Euskal Herriko zatiño bat Sydneyn topatu ahal izanaz. Jose Christian Echavarria eta bere emazte Amanda Chacoko (Argentina) Euskal Etxeko kide eta ekile dira, eta gustukoa dute beste lekuetako euskaldunak bisitazea, euskal diasporako eta Euskal Herriko parte kontsideratzen baitute euren burua nonahi daudela. Sydneyra joan direlarik ere, bertako euskal etxea bisitatu zuten eta pozik itzuli dira, argazki hauetan ikus daitekeenez.

Gehiago irakurri...


'Kontaketa harrigarriak' literatur sarien emate-ekitaldia eta Misionesko Eusko Etxearen azken ekimenak

2010/01/08

Lirica Andino idazlea epaimahaiko kidea, irabazle suertatutako Ariel Kusiak 25 urteko gazteari animoak ematen idazletzaren bideari euts diezaion (EE argazkiak) Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christi-ko Eusko Etxeak antolatu dituen azkeneko ekimenen artean 'Kontaketa Harrigarriak' izeneko literatur lehiaketaren sari-emate ekitaldia aipa daiteke. Lehenengo hiru saridun, orden honetan, izan ziren: Carlos Ariel Kusiak, lehenengo saria, Olga Rosa Leiciaga, bigarrena, eta Carolina Belén Gall, hirugarrena; eta aipamen eta diploma berezia eskuratu zuten Gloria Vanessa Toth, Luis Mario Oliveira eta Adrián Isabelino Moreirak. Lortutako partaidetza arrakastaren karietara, EEko 'Atahualpa Yupanqui' Liburutegiak lehiaketa berri baterako deia egin du, epea martxoaren 30ean izango duena (ikus oinarriak).

Gehiago irakurri...


Bogota-ko Euskal Etxekoek San Tomas festa ospatu zuten, egunari dagozkion bazkari eta umore onarekin

2010/01/08

Bogotá-ko Euskal Etxera bildutakoen artean, Zuzendaritza Batzordeko kide eta buruzagiak, Euskal Etxeko bazkide eta lagunak eta Euskal Herriko bisitariak ere bazeuden (EE argazkia) Euskal Herriko bazter batzuetan San Tomas edo Santo Tomas festa egun handia bada ere, baserritarrak hiriratu eta euren produktu eta mozkinak erakutsi eta saltzeko elkarretaratze eta azoka handia, urteko garrantzitsuena seguruenik, Diasporan ez da eskuarki gauza bera pasatzen. Aurtengoan, Kolonbian, Bogotá-ko Euskal Etxekoak, San Tomas egunean, abenduaren 21ean bildu eta ospatu egin zuten, hitz batzuk esanez eta, gehien bat, senidetasun bazkari etga festatxo bat eginez, 'euskal erara' bertakoek esan zutenez.

Gehiago irakurri...


Olentzero bisitari urtero legez Buenos Airesko Iparraldeko EEan, berari buruzko antzezpen batean aritzeko

2010/01/07

Olentzero, antzezpean lagun dituen bi lamiak eta Galtzagorri bera ondoan dauzkala (argazkiak EE) Egiten dioten harrera abegikorrarekin nola ez da bada Olentzero urtero inguratuko Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxera! Aurtengoan, harrera festaz aparte, gauerditik aurrera 'Olentzeroren legenda' izeneko antzezpena ere prestatu zuten euskal etxean, Olentzeroren etorrerari buruzko bertsio libreko kontaketa agertuz. Istorioak lamiak, Galtzagorri eta testuinguru magiko eta mitologikoa bildu zuen, antzezle bolondresek ongi taularatuta, Norma Rios EEko idazkaria narratzaile. Elkarteko Kultura Azpibatzordeak arrakastaz prestatutako ekimen berri bat izan da.

Gehiago irakurri...


12-16 urteko 40 gazte partaide hasi zen astelehenean Chascomusen 'Argentinako lehen euskal Udalekua'

2010/01/06

Udalekun parte hartzen ari diren nesketako batzuk bazkaltzeko eginiko atsedenean (argazkiak EE) Hamabi-hamasei urte arteko berrogei gaztetxo, Buenos Aires probintziako zazpi euskal etxetako partaideak, ari dira joan den astelehenetik Chascomusen, 'Argentinako lehenengo euskal Udalekua' omen den ekitaldi honetan buru-belarri. Hemen uda sasoin betea denean, aurreneko egunean, astelehenean, ezagutza jokoak egin ziren eta Euskal Herritik etorritako boist begiraleek euren buruak aurkeztu zituzten. Euskal Herriari buruz aurkezpen orokor bat egin zen eta hando udalekuak nolakoak diren azaldu zen. Geroago, mus klaseaekin eta joko gehiagorekin segitu zen. Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak antolaturik, Udalekuk Gipuzkoako Fori Aldundiaren babesa dauka eta hiriko bertako Pilota eta Kirol Elkarteen laguntza, baita Udalarena ere.

Gehiago irakurri...


Juan Bautista Avalle-Arce hil da Iruñean, hispanista handia, nafarra, euskaltzalea, bere erroen maitalea

2010/01/06

Juan Bautista Avalle-Arce, 2003an erretiratu aurretik ateratako artxiboko argazki batean Joan den Eguberri egunean hil da Iruñean 82 urte zituela eta luzaz eri egon ondoren Juan Bautista Avalle-Arce irakaslea, Cervantesen espezialdutako hispanista eta 2003an erretiratu aurretiko azken hamarkadan Santa Barbara-Kaliforniako Unibertsitateko (UCSB) Jose Migel Barandiaran Euskal Ikasketa Katedrako titularra izan zena. Buenos Airesen jaioa, nafarren seme zen eta nafar sentimendua zeukan, euskaltzalea eta euskal kulturaren aldekoa. Hispaniar literaturari emana bizi ostean, azkeneko urteetan bere euskal erroetara hurbilagotu eta Kaliforniako Unibertsitatetik erretreta hartu ondoren Nafarroara etorri zen bizitzera, EuskalKultura.com-i 2003ko apirilean UCSBko Espainol eta Portuges Departamentuak eta Barandiaran Katedra utzi zituenean esan ziona eginez.

Gehiago irakurri...


Hazten doa Txilen atxilotu duten Asel Luzarraga euskal idazlearen alkartasuna EHn zein Diasporan

2010/01/05

Atxiloketak oporretan eta urte aldaketa egun berezi horietan harrapatu zuen hainbat jende, baina pixkanaka gero eta informazio gehiago ari da iristen Txileko Temuco eskualdetik Asel Luzarragaren kasuaz eta gero eta ekimen gehiago ari dira sortzen Euskal Herrian zein bere Diasporan idazle euskalduna askatzea eskatuz, bere errugabetasunean oinarrituta eta, onenean, 'gaizki-ulertu bat' edo, bestela, 'muntaia' baten aurrean gaudela salatuz. Horrela esan du, esaterako, Gorka Luzarraga Aselen aitak, ezagutzen duten guztiek badutela "bere ideia bakezaleen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko jarreren" berri. Idazlea, egun Txilen bizi bada ere, aurretik Argentinatik ibilia da eta euskal kultur proiektuan parte hartu zuen bertan, euskal diasporako kideekin. Buenos Airesen, gaur arratsaldeko sei t'erdietarako deitu da alkartasun elkarretaratzea Txileko Enbaxadaren aurrean.

Gehiago irakurri...


Asel Luzarraga idazle eta penkidearen atxiloketaren aurrean Euskal PEN Klubaren agiria askatzea eskatuz

2010/01/05

Txileko poliziak Asel Luzarraga atxilotu zuen momentua, inork bere inguruan sinesten ez duten salaketa eta karguak egotziz Joan den ostegunean, amaitu berria den urteko azken egunean atxilotu zuten Txilen, bizileku duen Padre de las Casas herrian, maputxeen lur historikoa den Temuco aldean, Asel Luzarraga idazle euskalduna. Poliziak eta fiskalak atentatu saiakera batekin lotu nahi dute, eta are gehiago, iaz bera oraindik Txilen ez zegoela gertatutako beste atentatu eta gertaera batzuekin. Bere etxean eginiko miaketan bolbora topatu dutela diote, eta ideia anarkistak dituela eta maputxeen alde dagoela esanez biribiltzen dute euren lehenengo esaldi hori. Luzarraga ezagutzen dutenek ez dute sinesten, horien artean bera kide duen Euskal PEN Klubak. Hona idazle elkarte horrek plazaratu duen agiria.

Gehiago irakurri...


Chascomuseko Euskal Etxeak Iporá auzoko Urte Amaieran parte hartuz itxi zituen 2009ko ekitaldiak

2010/01/05

Chascomuseko Euskal Etxeko dantzariak Iporá Auzoko Sustapen Elkarteak urtea amaitzeko antolatutako ekitaldian (argazkiak EE) Chascomus-ko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea, Buenos Aires probintzia argentinarrean, partaide izan zen herriko Iporá auzoan urteari amaiera emateko antolatutako festan, bertako Sustapen Elkarteak eginiko gonbidapenari jarraiki. Euskal Etxeko bazkide, zuzendariak eta dantzariak bertaratu ziren, euskaldunen presentzia egitaraura emendatuz, dantzariek euren dantza programako pieza selekzio bat eskainiz hartu baitzuten parte oholtza gainean.

Gehiago irakurri...


Abian da Bilboko Otxarkoagan Mugarik Gabeko Haur Ipuinen VIII Lehiaketa: aurkezteko prest?

2010/01/05

Gargantua euskal pertsonaia, Otxarkoagako haur festetan (argazkia Otxarkoaga.com) Haurra bazara, nagusia edo, egia esan, edozein adinekoa, eta munduko edozein lekuan bizi bazara, euskaraz ala gaztelaniaz idatz dezakezu ipuina, zeuk hauta. Testuak gutxienez orrialde bat eta gehienez lau izan beharko ditu eta originalak otsailaren 10era arte bidal daitezke emailez. Gaia, libre, baina epaimahaiak balio berezia emango dien haurrentzako ipuinei, eta bakea, tolerantzia, genero berdintasuna, giza eskubideak eta natura zaintzea sustatu edo baloretzat jotzen dutenei. Lan saridunak liburu batera bilduko dira, txuri-beltzezko irudiak onartuko direlarik. Iazko edizioan lehiaketak 392 obra jaso zituen, horietarik 54 euskaraz; 58 Argentinatik iritsi ziren, 23 Mexikotik, 14 Kolonbiatik, beste 14 Kubatik, 9 Txiletik... Idaztea gustukoa baduzu, zergatik ez zeu animatu?

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia