euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren astelehenean hasiko da Buenos Airesko Euskal Echea-n 2010eko Udako Euskal Unibertsitatea

2010/01/26

Argentinako Udako Euskal Unibertsitatea datorren astelehenean, otsailaren 1ean hasiko da Buenos Airesko Sarandi kaleko Euskal Echea Ikastetxean (argazkia EuskalKultura.com) Datorren astelehenean, otsailaren 1ean, hasiko da Buenos Airesko Sarandi kaleko Euskal Echea Ikastetxean Argentinako Euskal Unibertsitateko 2010eko edizioa. Joan den urtean eginiko lehenengo esperientziaren ondotik, antolatzaileak bigarren edizioari eutsi diote, orain artekoa sendotu eta ildo honi jarraituz bide luzea gelditzen dela pentsatzen baitute, Enrique Aramburu koordinatzaileak EuskalKultura.com-i adierazi dionez. Izena emateko epea bulatutakoan ziento erdi bat ikasle bilduko dela pentsatzen da, Argentinako zenbait lekutatik etorriak, Buenos Aires hiriburutik eta ingurutik gehienbat, baina nazioko beste probintzia batzuetatik ere, orain arteko datuak argitzen dutenez. Ikasleek "Euskaldunen ibilbidea eta kultura" ikastaroa segitu ahal izango dute bi astez, edo astebeteko beste ikastaro batzuk, hala nola euskal etnologia, geografia, musika, dantzaz eta abar. Irakasleak, gai bakoitzean adituak dira, baitetsi du Aramburuk.

Gehiago irakurri...


Txileko Santiagoko Euzko Etxeak baikor iritzi dio 2009ari, urtarrileko udako oporretan sartu aurretik

2010/01/26

Los Huasos Hidalgos taldea joan den abenduan Santiagoko Euzko Etxean kantari. Bere kideen artean euskal jatorrizkoak eta Euzko Etxea-ko kideak baditu Txileko folklorea kantatu ohi duen taldeak (argazkia Berriketari) Urtero bezala, Txileko Santiagoko Euzko Etxeak urte osoko balantzea eginez bukatu du abenduan urtea, eta udako opor aurreko azken ekitaldiak eginez, tartean elkarteko Bazkideen Biltzar Nagusia. Vicuña Mackennako euskal egoitzatik, bertako 'Berriketari' buletinak urteko bere azkeneko kronika bidaltzen zuen, 2009ko abenduko alearen barnean, bi hilabeteko bakantzak hartu eta martxoan, indarberriturik, berriz agertzeko. Hona Maria Angelica Carrasco eta Ignacio Bastarrica senar-emazteek argitara ematen duten buletin hortarik atera dugun testua.

Gehiago irakurri...


Migrazioa eta Teknologia Berriak, AEMIren Urteroko Bilkurak Bilbon irailean aztertuko duen gaia

2010/01/25

Bilboko Euskalduna Jauregia izango da AEMIko Bilkuraren egoitza. Dokumentazioak dioenez, eraikinak Bilboko portutik Ameriketara-edo joateko itsasoratzeko momentuan dagoen ontzi bat irudikatzen du Euskadik hartu du bere gain AEMIk --migrazioa ikergai edo langai daukaten elkarte eta erakunde europarren batasunak-- datorren irailean egingo duen Urteroko Bilkura antolatzeko ardura. Aipatu elkarte edo erakunde hauek gehienetan nazio edo gizatalde bakoitzeko museoak edo ikerketa etxeak badira ere, euskal kasuan Eusko Jaurlaritzako 'Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza' eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia dira euskal ordezkariak. "Migrazio Azterketak eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT)" da Bilkurak mintzagai hautatu duena irailaren 29tik urriaren 2-3ra luzatuko diren saioetan. Halaxe azaltzen du ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz dagoeneko banatu den Bilkurako lehenengo oharrak.

Gehiago irakurri...


Iñake Perugorria soziologo euskal argentinarra tesia ari da egiten Bilboko Aste Nagusiaz AEBetan (audioa)

2010/01/25

Bilboko Aste Nagusiari hasiera ematen dion Txupinazoa: festa lehertu da. Iñake Perugorria soziologo argentinarra tesia ari da prestatzen Bilboko Aste Nagusiaz, AEBetako Rutgers New Jerseyko Estatu Unibertsitatean aurkezteko. Nafarroako Beratik Sarara pasa eta handik Uruguai eta Argentinarra emigratu zuten euskaldunen ondorengo den 33 urteko emakume hau UBAn (Universidad de Buenos Aires) lizentziatu zen Soziologian eta 15 urte zituela bisitatu zuen lehenengoz 'in situ' bere familian --bere izen tipiari besterik ez zaio erreparatu behar-- hain presente egon den Euskal Herria eta euskal kultura. 2008an, Rutgers Unibertsitatean doktorego ikasketak egiten ari zela, Algortako lagun bat bisitatu eta Bilboko Aste Nagusia ezagutu zuen. Festaren 'izaera irekiak' harritu zuen eta orain gai horixe hautatu du bere tesirako, 2012an AEBetan aurkezteko.

Gehiago irakurri...


NYen euskal jatetxe edo 'euskal etxe berezi bat' bideratzeko lanetan ari da Bizkaiko Foru Aldundia

2010/01/25

Aurretik ekitaldi solteak antolatu izan dira New Yorken eta Miamin, esaterako, Bilboko eta Bizkaiko gastronomia azpimarratzearren. Argazkian 2006an New Yorkeko Nazio Batuetan antolatutako saio gastronomikoa Bizkaiko Foru Aldundia lanean legoke New Yorken Bizkaiko sukaldaritzaren eta oro har Bizkaiko aberastasun turistiko, gastronomiko eta naturalen erakusgarri izan daitekeen euskal jatetxe edo zentro bat zabaltzeko asmoaren inguruan. Halaxe zioen atzokoan Deia egunkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo departamentuko iturriak aipatuz, AEBetako tour-operadore, sukaldari eta gastronomi kritikari talde batekin hil honen 16tik eta gaur arte Bizkaian zehar egiten aritu diren bidaiaren amaieran. Kalitatezko euskal jatetxe bat, sinergiak baliatzearren nolabaiteko loturarekin Euskal Etxearekin, New Yorkeko euskal komunitatean aspalditik elikatu izan den ametsa da. Artikuluak ez du Eusko Etxea aipatzen, baina bai euskal jatetxe hori irekitzeko orain zabaltzen ari den posibilitatea.

Gehiago irakurri...


AEBetako euskal etxeetako euskara irakasleak Boisen bildu dira joan den asteburuan urteroko tailerrean

2010/01/22

Partaide taldea, ezker-eskuin: Henar Chico, Goisalde Jausoro, Gloria Lejardi, Aitzol Azurtza, Anita Anacabe, Mikel Oteiza, Itxaso Kaiero, Bernadette Leonis, Izaskun Kortazar eta Ibon Izurieta. Estatu Batuetako euskal etxeetan euskara ematen ari diren irakasleak, horretarako NABOk (euskal elkarteen federazio iparramerikarra), HABEk (helduei euskara irakasteko erakundea, Eusko Jaurlaritzaren baitangoa), euskal etxeek eta irakasleek berek egindako akordioa medio, urtero egiten duten tailerra burutu dute joan den asteburuan Boise Idahoko hiriburuan, irakasle gisa daramaten lanaren sostengu eta lagungarri. Eskerrak ematen dizkiegu Izaskun Kortazar eta Ibon Izurietari, artikulu hau osatu eta argitaratzeko eman diguten lankidetzagatik.

Gehiago irakurri...


Martxoaren 15era arte dago zabalik euskal kataluniar alderatze azterketak egiteko laguntzetara aurkezteko epea

2010/01/22

Dirulaguntzotarako deialdia Eusko Ikaskuntzaren webgunean Urtero deitzen dituzte dirulaguntzok Institut d'Estudis Catalans erakunde katalanak eta Eusko Ikaskuntzak, bi kulturak uztartuz edo bi kulturei dagozkien gai edo alderdiak alderatuz edo ikertuz eginiko lanei sostengua emateko. 4.680 euroko diru kopuruz hornitua, hiru hilabeteko epea daukate lanok gauzatuak izan daitezen eta hautagaiek Eusko Ikaskuntzako kide beharko dute izan, edo kide izateko eskaera egina izan beharko dute. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren martxoaren 15ean bukatuko da.

Gehiago irakurri...


Begoña Garcia Migura filologo euskalduna, Vietnamgo Cervantes Institutuko koordinatzaile Hanoi-n

2010/01/21

Ezkerretik eskuinera, Labayrun, zutik: Akaitze Kamiruaga eta Nagore Etxebarria. Eserita: Segundo Oar-Arteta, Begoña García Migura eta Ander Manterola (argazkia Labayru) Labayru Ikastegiko buletina irakurriz jakin dugu bisita egin berria duela euskal erakunde bizkaitar horrek Derion duen egoitzara Begoña Garcia Migura Labayruko langile ohiak, egun Viernamgo Cervantes Institutuko koordinatzaile denak Hanoi-n. Labayruk ere aditzera eman du Santiago Onaindia Beka Miren Ibarluzeari egokitu zaiola aurten. Quebec-eko Diasporarekin lotura handia izandako mungiarra da Miren, itzultzaile, interpretari eta bertsolari ezaguna, izan ere Montrealen egoitza duen 'Quebec-eko Euskaldunak' taldeko partaide aktiboa izan baitzen Itzultzailetza ikasketak bertan egin zituenean.

Gehiago irakurri...


San Sebastian eguna da gaur (ikus ezazu Diasporako danborradez egin dugun bideo selekzioa)

2010/01/20

San Sebastian afari eta danborrada New Yorkeko Euskal Etxean (argazkia EE) Urtarrilaren 20a da gaur, San Sebastian eguna eta Donostian 24 orduz modu trinkoan, danborradaz danborrada, eta Sarriegiren doinuak protagonista bizitzen den eguna. EuskalKultura.com-en bulegoa Donostian dagoenez, geu ere, buletin eta webgune hau egiten dugunok San Sebastian Martxaren hitzek dioten "penak zokora, festara! dantzara!" hitzei kasu egin eta danborjole bihurtuko gara. Baina zeu ere zauden lekuan zaudela partaide izan zaitezen, bideo selekzio bat egin dugu, danborrada Donostian eta Diasporan nola bizi den irudi bidez agertuz. On egin!

Gehiago irakurri...


Mundu osoko hainbat euskal etxek bat egingo dute gaur Donostiarekin danborrada jo eta ospatzen

2010/01/19

Mexiko hiriburuan bertako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen danborrada (argazkia EuskalKultura.com) San Sebastian eta danborrada munduko euskal etxeetan oihartzuna duen festa da. Egunotan, Shanghai, New York, Mexiko, Necochea, Caracas, Madril, Bartzelona, Valladolid, Murtzia... eta beste hainbat herri, danborradak antolatu eta Sarriegiren doinuak plazara aterako dituzten lekuak izango dira, tokian tokiko euskal etxeak medio. Are gehiago izango dira etxe partikularretan, jatetxetan eta lagunarteko elkarretaratzetan Donostia eta San Sebastian jaia ohoratuko duten jendeak. Askok, zuzenean segituko dute gaur gauean Euskal Telebistaz (ETB-1, ETB-2, ETB-Sat eta Canal Vascoz) Donostiako Parte Zaharreko Konstituzio Plazatik eskainiko den ikurrinaren eta Donostiako banderaren igotzea.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia