2010/02/23

Lasarten azkeneko ia 25 urtetan alkate izan den Ana Urchueguia izendatuko du gaur seguruenik Eusko Jaurlaritzak Euskadiren Txileko Ordezkaria, Txile bera eta Peru lan-esparru. Azken orduko atzerapenik sortzen ez bada, izendapena gaur egin, eta aste honen hondarrean buletin ofizialak (EHAA) argitaraturik, prest legoke, Lasarteko alkatetzan eman beharreko pausoak eman ondoren, Txileko Santiagon lanean hasteko. Honela, munduko Euskadiren Ordezkaritzen egituran, Estatu Batuetakoa geratzen da une honetan bakarra betetzeke, nahiz eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak duela bi aste segurtatu zion New Yorken EuskalKultura.com-i, Estatu Batuetako ordezkariaren izendapena bizpahiru asteko kontua zela, pertsona hautatua dagoeneko, baina orain arteko lanak uzteko bidean.
Gehiago irakurri...
2010/02/23

Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko zuzendari eta euskal langile eta euskaltzale nekaezina den Patty Miller-ek Idahoko Humanitateen Kontseiluaren merezimendu sari berezia jaso zuen ostegunean Idahoko hiriburuan, bertako Euskal Etxearen areto nagusian egindako ekitaldi abegikor batean, txalo artean, eta lagunez, gizarte ordezkariez eta euskal komunitateko kidez inguratuta. Berez 'Humanitateen Ezohiko Lorpena' (Outstanding Achievement in the Humanities) izena duen sari hau Idahoko Humanitate Kontseiluak ematen duen garrantzitsuena da eta aparteko ohoretzat har daiteke pertsona batek berrogeita hamar urte ez dituela jasotzea. Idaho eta AEBetako euskal ondarea bildu, zaindu eta gizarteratzea helburu duen Boiseko Euskal Museoko zuzendari eta aldi berean lehenengo langile da Miller, etorri berria gainera New Yorketik, euskaldunei eta euskal immigrazioari buruzko erakusketa bat ekoiztu eta Etxeorratzen hirian estreinatzetik.
Gehiago irakurri...
2010/02/22

Euskal literatura Argentinan ezagutaraztea dauka helburu. 2008. urtean hasi ziren biltzen Euskalduna elkarteko kideak Irakurle Klubaren oinarriak ezartzeko. Gogorra izan zen lana baina 2009ko martxoan Argentinan argitaratutako lehenengo liburua, Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' kaleratu zuten gaztelaniaz. Horren ondoren Jose Miguel de Barandiaranen 'Mitología Vasca', Xabier Peñalverren 'Orígenes', eta Arantxa Urretabizkaiaren 'Cuaderno Rojo' helarazi zizkieten klubaren kideei. Orain, euskal kulturaren alde lan egiten ari den elkarte honek webgunea estreinatu du. Orri honetan informazio eskura daiteke klubaz, bere liburuez eta euskal idazleez. Liburuei buruz eztabaida gune bat ere badago. Webgunea abian da jadanik eta bi astetan 2.300 bisita izan dituztela adierazi dute Euskalduna-koek.
Gehiago irakurri...
2010/02/22

Argentinako Corpus Christi-tik, Misiones probintzian, oroitarazten dute zabalik dagoela bertako Eusko Etxeak eta haren barneko Atahualpa Yupanqui Liburutegiak antolatutako 'Kontaketa Harrigarriak' literatur lehiaketaren bigarren edizioa, 15 urtetik goragokoentzat. Lanak posta elektronikoz, posta arruntez edo eskuz-esku aurkez daitezke, azken kasun honetan Corpusen bertan, Posadasen edo San Ignacion, beti ere martxoaren 30aren aurretik. Gaiak norberari edo ingurukoei gertatu edo entzundako gai harrigarri edo bitxiren bat beharko du izan, edo herri edo inguru guztietan dauden pertsona bitxi, pasadizotsu edo berezi bat. Gehienez hiru orrialdekoak izan dira. Sariak: bi gai hauetako bakoitzeko lehen eta bigarren saria eta diploma, eta aipamen berezi bat gai bakoitzeko.
Gehiago irakurri...
2010/02/19

San Frantziskoko Euskal Etxeak, bertako euskal komunitatearen barnean euskal kulturaren edo euskaldunen lagungarri izan direnak saritzeko sortu zuen 'Bizi Emankorra' saria banatu zuen joan den asteburuan. Aurtengoan, bizitza osoko lan jarraitua aitortu eta agurtzen duen ohorezko aipamen hau Alphonse Acheritogaray eta Roger Minhondori egokitu zaie, bertako euskal komunitatean aurkezpenik behar ez duten bi baxenabartar. Bestetik, eta sarien arloan, NABOk joan den larunbatean San Frantziskon egin zuen bilkuran onartu zuen aurtengo bere 'Bizi Emankorra' sariak Josephine Arriet (Fresno, Kalifornia), Franxoa Bidaurreta (San Frantzisko) eta Emilia Doyagari (New York) ematea.
Gehiago irakurri...
2010/02/19

Nahiz eta hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 28ra arte ez den itxiko, eta beraz ordura arte gauzak alda badaitezke ere, badirudi azkenean bi hautagaitza lehiatuko direla aurten ere FEVAko lehendakaria eta beste zenbait kargu hautatzeko tenorean, federazioak datorren martxoaren 20an Buenos Airesen egingo duen Ohiko Bitzar Orokorraren baitan. Santa Rosako Euskal Etxeko lehendakari den Ricardo Basterra, zerrenda ofizialistaren izenean, eta Cordobako Euskal Etxeko lehendakari Alejo Martín dira egun Felipe Eiheragibel rosariotarrak betetzen duen kargua lortzeko lehiatuko direnak.
Gehiago irakurri...
2010/02/19

Argentinako hamasei euskal etxek idazki bat sinatu eta helarazi dute geure erredakziora publikoki agertuz bere babesa Alejo Martin-ek datorren martxoaren 20ean FEVArako lehendakaritzarako izango diren hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagaitzari. Oharrak inplizitoki aipatu bozketa horretarako hauteskunde kanpainaren hasiera ez-ofiziala adierazi nahi du. Dirudienez, bi talde lehiatuko dira egun Felipe Eiheragibelek betetzen duen FEVAko lehendakari kargua eskuratzearren: jarraikorra, egun Eiheragibelekin FEVAko diruzain den Ricardo Basterra buru duena eta Alejo Martinena, orain arteko kudeaketarekin kritikoa eta aldaketa proposatzen duena. Duen interesagatik, azken hauek plazaratutako oharra ekarri dugu hona, EuskalKultura.com-en orriak ahots guztiei zabalik daudela adierazten dugularik.
Gehiago irakurri...
2010/02/18

Gauza gutxirekin heltzen ziren XIX. mendeko etorkinak Argentinako portuetara. Baina bakoitzak, herri guztietako immigranteek, beren altxor preziatuena zekarten: ama hizkuntza. Euskaldunek euskara ekarri zuten Hegoameriketara eta familia barruan zein orduan sortzen hasi ziren euskal etxeetan ere mintzatzen zuten. Hasieran, belaunaldi berriei irakatsi zieten. Denborarekin, kate horri eustea ez zen erraza eta euskal etxeko kideak konturatu ziren gero eta euskara gutxiago entzuten zela euren artean. Hiztunek klaseak ematen hasi ziren orduan; euskal etxe batzuetan, ordea, ez zegoen irakatsi ahal zuenik. Testuinguru horretan Argentinan bertan euskara irakasleak trebatzeko ideia sortu zen. Duela hogei urte jaio zen 'Argentinan Euskaraz' proiektua, euskara Argentinan zehar zabaldu zuen programa.
Gehiago irakurri...
2010/02/18

Aste honetan plazaratu dira Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriaren gaztelaniazko, katalanezko eta galizierazko itzulpenak, Seix Barral, Edicions 62 eta Xerais argitaletxeen eskutik, hurrenez hurren. Idazle ondarroarraren lehenengo eleberria den hau 2008ko neguan argitaratu zuen Elkar argitaletxeak, eta lan honekin Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen iaz Uribek. Liburuak 200 bat orrialde dauzka eta 19 bat eurotan eros daiteke liburutegietan ala, Diasporatik, internetez.
Gehiago irakurri...
2010/02/17

Aurten, Argentinako independentziaren bigarren mendeurrenarekin batera, Victoria hiriak ere 200 urte beteko ditu. Garrantzi handiko hitzordua izango da maiatza Victoriako euskaldunentzat, Salvador Joaquín de Ezpeleta euskalduna izan baitzen 1810. urtean hiria sortu zuena. Argi dago hori ez zela kointzidentzia izan. Izan ere, XVIII. mendean euskal jatorrizko etorkin askok aukeratu zuten Argentinako eskualde hau euren bizitza berria hasteko. Testuinguru honetan, duela bi urte jaio zen Victoriako Euskal Etxeak hiriaren berrehungarren urtemugaren antolakuntza bere gain hartu zuen. Horretarako, etxeko kide, arbaso euskaldunak dituzten eta Euskal Herriaren lagunei jardueretan parte hartzeko gonbitea luzatu diete. Prozesu horretako parte, iradokizunak eta ideiak emateko bilera bat egingo da datorren otsailaren 25ean, gaueko 9etan Consejo Profesional de Ciencias Económicas-eko aretoan.
Gehiago irakurri...