2010/03/05

Egia esan, Venezuela deitzen duten herrialde tropikal eder honen historia eta geografian zehar paseatzeko aukera sortzen den aldi oro, behin eta berriro biltzen zaizkio bisitariari euskaltasunarekiko erreferentziak, izan ohitura, leku edo euskal deitura daukaten pertsonaiak direla-eta, edota immigranteek berek edo heien ondorengoek utzitako marka dela-eta. Hortxe koka dezakegu Don Guillermo Zarrasqueta Urribarriren kasua, XVIII. mendean Bilbon jaioa Francisco Zarrasqueta eta Teresa Urribarriren seme, eta Venezuelara etorria eta bertan kokatua. Venezuelan eta bereziki San Sebastian de los Reyes izeneko lautadako herrian nabarmendu zen Zarrasqueta, bere kultura jasoa, argitasuna eta ezaugarri pertsonal aipagarriengatik. Horiek ekarri zioten denboran zehar ohorezko hainbat proposamen ontzat hartu eta hiriko ordezkari nagusietako bat izatera. Pedro Javier Arriaga Aguirrek, Caracasko Eusko Etxeko lehendakariak sinatzen ditu lerrook.
Gehiago irakurri...
2010/03/04

Oso urte berezia izango da aurten euskara eta Argentinako euskaltzaleentzat. Izan ere 'Argentinan Euskaraz' programak 20 urte betetzen ditu eta urtean zehar garatuko diren mota askotako ospakizunak prestatzen ari dira arlo honetan aritzen diren lagunak. Zerrenda luze horren lehenengo aktibitatea urtemugaren ekitaldiak bultzatu eta hedatzeko irudia diseinatzea da. Horretarako 'Argentinan Euskaraz-en 20. urteurrenako' logotipo txapelketa jarri du martxan aste honetan FEVAk. Argentinako euskal etxeetako bazkideak, euskara ikasleak eta irakasleak daude gonbidatua parte hartzera. Saria ere egongo da irabazlearentzat: 250 euro berarentzat eta 250 euroko bonoa bere euskal etxearentzat. Lanak bidaltzeko epea apirilaren 19an bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2010/03/04

Atzo arratsaldez hil zen Mexiko Hirian Juantxo Viguria musikari eta baztandar ezaguna. Albistea Jaione Arrietak saretatu zuen VascosMexico zerrendaren bidez eta ondotik bata bestearen atzetik etorri ziren hainbat lagunen dolumin mezuak, Eva haren emazteari eta familiakoei, eta oro har baztandar familia osoari besarkada emanez, horietarik lehenetakoa Mexikoko Euskal Etxeko lehendakari den Miguel Larreguiren eskutik, Juantxo Euskal Etxearekin harreman sakona zeukan pertsona baitzen. Euskal Etxetik baita ere, Maricarmen Arrecheak idatzi du, hunkiturik, "Izar berri baten dizdira sartu de(la) zeruan, baina erraz identifika daiteke, Juantxok barnean daraman musikaren erritmoen pean egin baitu". Bere aldeko elizkizunak gaur osteguna egingo dira arratsaldeko seietan, Polancoko Liolako San Ignazio elizan, Mexiko Hirian.
Gehiago irakurri...
2010/03/03

Segitzen du Txilen --eta luze hartuko du-- joan den larunbatean herrialdeko zati handi bat eraso zuen lurrikarak eragindako kalteen eta hildakoen zenbaketak. Bosgarren Erregiotik Zortzigarreneraino doan zerrenda da kaltetuena, baina Santiagon, Valparaison eta beste leku batzuetan komunikazioak, ura, argindarra eta oinarrizko beste zerbitzu batzuk atzera etortzen ari diren bitartean, egoera oso bestelakoa da Hegoaldean kaltetuen gertatu diren lekuetan. Euskal komunitateko lagunekin hizketan, hildakorik ez omen da ezagutzen. Santiagoko Euzko Etxeak ez du kalte esanguratsurik jaso, eta Nafarroako Euskal Etxekoek ere ez dute hildakorik adierazi. Aldiz, Viña-Valparaisoko Eusko Etxeari dagokionez, euren egoitzak kalte ugari jasan omen ditu, egitura aldetik, eta bertako lehendakari Archivaldo Uriartek esan digunez, galdutzat jo behar da, hormak arraildu eta mugituta, eta batere segurtasunik eskaintzen ez duela.
Gehiago irakurri...
2010/03/03

160 bat lagunek hartu zuten parte otsailaren 27an Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean, dantzariei, antzinako eta gaurkoen omenez, egindako jaian. Izan ere, Itxarkundia-k, etxeko lehenengo dantza taldeak, 65 urte bete zituen iaz eta Ugarritzak-ek, aurrekoari segitu zion taldeak, hogei. Hamaika dantzari pasatu dira bi taldeetatik. Batzuk ez daude jadanik gurekin baina hormetan jarritako argazkietatik izan ziren festaren lekuko. Beste batzuk, kasu batzuetan kanpotik etorriak, bertan ziren eta nahiz eta bat baino gehiago 'sasoian' ez egon animatu ziren pistara atera eta dantzatzera. Alaitasuna gailendu zen gau osoan, baina oroitzapenerako momenturik ere egon zen. Hunkigarria izan zen, esaterako, jendearen bihotzetan bizi diren Celestino Etxaniz, Lucio Etxaniz Iturria, Tiburcio Bilbao eta Potxolo Loyolaren izen historikoak aipatu ziren unea.
Gehiago irakurri...
2010/03/02
Atzo zen azken epea FEVArako hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko. Jakina zenez eta buletin honek aurreratu bezala, zerrenda ofizialistarekin batera --jarraikorra Federazioaren orain arteko kudeatzaileekin-- bigarren zerrenda bat muntatua zen, 'Renovación Vasca' izenpean, duela bi urteko bozketan zerrenda alternatiboko lehendakigai aurkeztutako Alejo Martin buru. Lanean zebiltzan, beraz, bi zerrendak, jarraikorra eta berritzailea, atzo bigarren honek lehiatik erretiratzea erabaki zuen arte. Hori iragartzen duen agirian, ordea, presioa, txantajea, mehatxuak eta Inkisizioa bezalako hitzak aipatzen ditu erretiratutako hautagaitzak (edo hobe esan, ez aurkeztutakoak). Agiri hori ekarri dugu hona.
Gehiago irakurri...
2010/03/02
Atzo hautagaitzak aurkezteko azken eguna zelarik, bi kontaktu genituen egiteko, bana zerrenda bakoitzeko, zerrenda bakoitzak biltzen zituen hautagai guztien izenak jakiteko. Zerrenda alternatiboa erretiratu delarik, hautagaitza bakarrari galdetu dizkiogu bere zerrendakideen izenak eta zein karguetara aurkezten diren. Aukera baliatu dugu Ricardo Basterrari lehiakidea erretiratzeari buruz galdetzeko, horri buruzko komentariorik egiteko ba al duen galdegiteko. Artikulu honetan, beraz, iruzkin horiek eta lehian geratu den zerrenda bakarra osatzen duten hautagaien izen eta postuak.
Gehiago irakurri...
2010/03/02

Sustu soila baina gehiago izan zitekeen, baina aurten ez zen tokatzen. Andeen magalean, Txileko Coquimbo erregioa mugakide, Argentinako San Juan hiriak bere Eguzkiaren Festa Nazionala ospatzen ari zen joan den larunbatean, lurra goizaldeko 3:34etan dardarka hasi zenean. Lurrikaretara ohituta, oraingoan epizentroak ez zirudien bertan: Txilen Richter eskalan 8:8ra igo bazen ere, San Juanen 5 'besterik ez', Mercalliren eskala aldatuan. "Lurra lekuz aldatuko balitz bezala izan zen... oholtzako argiak kulunka hasi ziren... minutu batzuk ikuskizuna geldituta egon zen... gobernadorea mintzatu zen, segurtasun neurriak hartuta zeudela esanez... eta minutu batzuren ostean, show-ak segitu zuen", dio EuskalKultura.com-i Eusko Etxeko kide den Carina Oyolak. Hori, larunbat goizaldean. Ordu batzuk lehenago, ostiral iluntzean, San Juango euskaldunek aurrera pauso polita eman zuten Eguzkiaren Festa Nazionalean partaide jalgiz, euskal-argentinar bategitea ohoratuz Bigarren Mendeurrenaren urtean.
Gehiago irakurri...
2010/03/01

Aitzeki edo arrazoi estra bat izan daiteke laguntzak areagotzeko, baina Txile Richter eskalako 8.8 neurriz erasotu duen lurrikarak Constitucion izeneko kostaldeko herri txikia jipoitu du gehien, fundazio izenez Nueva Bilbao de Gardoqui izan zuen herria, Santiago Oñederra Alvizu kapitainak 1794an fundatua, orain olatu erraldoi batzuek jota 350 hildako eragin eta herrigunea txikituta eta deseginda geratu den herria. Ahizpa nagusia duen Euskadiko Bilborekin armarri beretsua ere partekatzen duen herri honek 1828ra arte eutsi zion bere euskal izenari, urte horretan Valparaison Txileko Konstituzioa onartu zenez, euskal jatorriko Jose Francisco Gana kongresalak izen berria proposatu zuen arte. Behin-behineko zenbakien arabera, lurrikara eta honek eragindako olatu erraldoiak bereziki astindu dute Constitucion, Bachellet presidenteak goizaldean aipatu dituen 711 hildakoen artean ia erdia bertan izan direlarik. Euskal Etxe argentinar batzuk, hala nola Villa Mercedesko Euskal Etxeak neurriak hartzen eta proposamenak egiten hasi dira kaltetuak laguntzeko. Baita Eusko Jaurlaritzatik ere.
Gehiago irakurri...
2010/03/01

Martxoaren 29tik hasita, Bernardo Atxagak euskal kultura ikastaro bi emango ditu Estatu Batuetako Stanford Unibertsitate ospetsuan, "Visiting Professor of Basque Culture" gisa, Eusko Ikaskuntzak unibertsitate kaliforniar horrekin karia horretara, euskal kultura landu eta hedatzeko sinatutako hitzarmeneko lehenengo irakaslea izango delarik. Hauek izango dira euskal idazleak emango dituen ikastaroen izenburuak: 'The Hedgedog's Awakening: Euskal Kulturaren itzulera' eta 'Kultura eta Politika aldaketa Euskal Herrian'.
Gehiago irakurri...