2010/03/10

Joan den larunbat eta igandez bildu da Argentinako Buenos Aires probintziako Laprida herrian, bertako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeak babesturik euskal kultura, politika eta oro har euskal izaera eta ekarpenak ikertu, ezagutu eta sustatzeko helburuz lanean ari den 'Arturo Campion' Euskal Abertzaletasuna eta Kultura Ikertzeko Gunea. Bilkura egitearekin batera, euskaltzale nafarraren izena daraman elkarteko kideek urtero argitara ematen duten 'Guregandik' urtekaria aurkeztu zuten, Lapridako Euskal Etxeak deituriko euskal galdera ekimeneko irabazleen izen eta sariak ematearekin batera.
Gehiago irakurri...
2010/03/10

Aurten ere arrakastatsuak izan dira Argentinan, bertako Udako Euskal Unibertsitateko klaseak. Ikastaroa joan den otsailaren 9an bukatu zen, Mikel Ezkerrok Diasporari buruzko emandako hitzaldiaren osteko diploma emate-ekitaldiarekin. Orain, Udako Unibertsitateko arduradunak ikastaroa gainditzeko beharrezkoak ziren idazlanak biltzen ari dira liburu batera bildu eta 2010eko Liburu Azokan aurkezteari begira. Horretaz gain, datorren urteko egitaraua jadanik prest dago eta hurrengoa, 2012. urtekoa alegia, hasi dira lantzen antolatzaileak. Ekimeneko arduradunek adierazi dutenez, 'Udako Euskal Unibertsitateak lortu du dagoeneko bere lekua du hemengo euskaldunen eta euskal erakundeen agendan'.
Gehiago irakurri...
2010/03/10

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echeniquek eta Euskadiren Txileko Ordezkari berria den Ana Urchueguiak bisita egingo dute Txilera datorren astelehenetik aurrera, Jaurlaritza lurrikarrak eragin dituen kaltetuekin gauzatzen ari den elkartasun neurrien baitan. Echeniquek EuskalKultura.com-i telefonoz adierazi dionez, lurrikara gertatu eta ia behehala lortu zuen Jaurlaritzak Txileko euskal gizataldearekin kontaktatzea, batetik, eta bertako agintariekin, bestetik, bigarren kasu honetan euskaldunen laguntza eskaintza egiteko. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, hogei mila euroko laguntza onartu zuen joan den astelehenean, larrialdiko laguntza gisa, Txileko Nafar Etxea bideratzaile.
Gehiago irakurri...
2010/03/09

Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Ordezkariak, Elvira Kortajarenak, gaur astearte goizez ekingo dio datorren larunbatera arte luzatuko den astebeteko bisitaldi berri bati, tarte honetan bederatzi herri edo euskal etxe bisitatuko dituela, aipatutako Suipacha, Chivilcoy eta General Acha, gehi Carlos Casares, Pehuajó, Trenque Lauquen, Salliqueló, Santa Rosa eta Macachin. Hauetarik sei Buenos Aires probintzian daude eta hiru (Santa Rosa, Macachin eta General Acha) La Pampakoan. Izan ere, bidaia larunbatean General Achan bukatuko du, parte hartuz egun horretan bertako Euzko Txokoa-Rincón Vasco Euskal Etxeak bere 45. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldietan.
Gehiago irakurri...
2010/03/09

Bigarren mendeurrenaren urtean, Argentinako Liburutegi Nazionala izango da aurten Kolektibitateen Liburutegien Topaketaren egoitza, hitzorduaren bosgarren edizioan. Topaketa ekainaren 26an, goizeko 8:30etatik arratsaldeko 5etara egingo da, antolatzaile La Platako Euzko Etxea-ko Matxin Burdin liburutegia, Buenos Airesko Liburutegi Galegoa-Biblioteca Galega de Bos Aires, eta Fundación Centro de Estudos Brasileiros-"Guimarães Rosa" Liburutegia eta Argentinako Liburutegi Nazionala bera. Topaketa liburuzainei, ikertzaileei, liburutegi arduranei, kolektibitateetako erreferenteei eta publiko orokorrari zuzenduta dago. Jardunaldian bere lana aurkeztu nahi duenak laburpena bidali beharko du apirilaren 26aren aurretik. Onartzekotan, maiatzaren 26aren aurretik lan osoa eskatuko da. Euskal Etxeetako liburutegi arduradun eta laguntzaileak euren esperientzia eta proposamenak partekatzera animatzen ditugu, bilkuran parte hartuz.
Gehiago irakurri...
2010/03/09

Klaseak hasteko astea da hau Buenos Airesko 'Euskaltzaleak' euskaltegian, atzo astelehenetik hasita eta pixkanaka astean zehar 1944ean Buenos Airesen sortutako Euskara Akademia honek 2010. urteko bere ikastaro eta eskola guztiak abiatuko baititu. Gaur esaterako, lehenengo urratseko taldeetako bat hasiko da, iluntzeko zazpietan, Irene Lopez de Vicuña irakasle; baita hirugarren mailako beste talde bat ere, Marina Aranguren irakasle. Bide berean asteko gainerako egunetan, euskara eta euskal kultura eskola eta ikastaro aukera polita baitaukate egunero gure hizkuntza eta kultura ikasi nahi dutenek, zerotik hasita, maila aurreratuetaraino. Buenos Airesen bizi bazara, profitatu eta baliatu Euskaltzaleak-ek eskaintzen dizun aukera, klaseak oso giro gazte, dinamiko eta onean ematen baitira.
Gehiago irakurri...
2010/03/08

Michel Iriart, Buenos Airesen jaioa, izen bereko kazetari donibanegaraztarraren seme, instituzio oso bat da hiriburu argentinarreko 'Iparraldeko Euskal Etxe' edo 'Centro Vasco Frances' deitzen duten euskal elkartean baitan. Bertako historikoetakoa da, eta egin berriak ditu otsailaren 25ean 90 urte, guztiak edo asko behintzat Buenos Airesen Iparraldeko jendea bildu izan duen euskal etxeari lotua. Urtebetetzearen karietara bazkide eta lagun askoren zorionak jaso ditu. Horiek guztiak laburbilduz, egun euskal elkarte horretako idazkari den Norma Rios-ek idatzitako hitzak ekarri ditugu hona, Normal berak igorrita, jatorri baxenabartarreko gizon honen nondik norakoak azalduz.
Gehiago irakurri...
2010/03/08

Joan den larunbatean egin zuen Caracasko Eusko Etxeak, Venezuelan, elkartearen Biltzar Nagusi Ezohikoa, izan ere Zuzendaritza Batzorde berria hautatzea bilerako mintzagai bakartzat harturik. Oraingoan izan zen ke zuririk eta Carlos Otaño izango da aurrerantzean Eusko Etxeko lehendakari berria, orain arteko Pedro Javier Arriagari lekukoa harturik. Otaño bezala aho batez hautatu zituzten elkarteko gainerako buruzagi karguak: Victor Manuel Ballatori Arteaga, lehendakariorde; Maria Teresa Ballotori Arteaga, diruzain; Itziar Rodriguez, idazkari; eta Ekaitz Lacasa, batzordekide.
Gehiago irakurri...
2010/03/08

Bete berriak ditu 45 urte La Pampako General Acha herri argentinarreko 'Euzko Txokoa-Rincon Vasco' Euskal Etxeak, eta horixe ospatzeko lagunarteko elkarretaratze batetara deitu du elkarteko Kultura Azpibatzordeak, datorren larunbaterako hain zuzen, herrian azken aldian apalxe dabilen baina suspertu eta areagotzeko gogoz ari diren ekitaldien eta giroaren pizgarri eta bultzagarri izan dadin. Hitzordura, herriko eta inguru zabal bateko lagunak oro daude gonbidatuta eta, egitarauko parte, ondoko Macachingo dantzariak eta baita Santa Rosako kideak ere etorriko dira, eta espero dira baita ere Buenos Aires probintziatik. Senidearteko afariarekin batera, euskal dantzak, bideoak, omenaldia fundatzaileei eta antzeko tarteak iragarri dira, guztia berbena edo dantzaldi herrikoi batekin bukatzeko.
Gehiago irakurri...
2010/03/05

Aspalditik hartzen dute parte Mar Chiquita partiduko euskaldunek Moxalaren Jaian edo Fiesta Nacional del Potrillo delakoan. Aurten ere aurkeztu dira, baina beste era batera; izan ere, euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak biltzen dituen euskal etxe bat sortu zen iaz Mar Chiquitakn, bertako euskal komunitatearen ordezkari. Oraingoan Euskal Herriaren izenean, eta horrekin batera euskal etxearen izenean ere altxatu ziren ikurrina eta Argentinako bandera. Horretaz gain, bildutako jendeak euskal dantzak ikusi eta informazioa eskuratu ahal izan zuen jaiaren baitan ezarritako stand-ean. Mar Chiquitako euskaldunak oso pozik daude jaso zuten harrerarekin: herritarrek nahiz turistek erakutsi duten interesaz gain, Jimena Rivadavia Azurmendi, euskal komunitateko ordezkaria, Jaiaren erregina hautatua izan zen.
Gehiago irakurri...