2010/03/15

Ekitaldia datorren asteko asteartean egingo da eta Laurentzi Odriozola Venezuelako Valencia hiriko Notitarde egunkariko zuzendaria dauka protagonista. Caraboboko Unibertsitateak, "profesionalki zein pertsona gisa" dituen ezaugarri eta tasunak azpimarratuz, Zuzenbideko Honoris Causa Doktoregoa emango dio Laurentzi Odriozola Echegaray-ri, omendua "gizon kuraiadun, objektibo, orekatu eta justu" legez definituz, egungoa bezalako testuinguruan, "Venezuelan, zailtasun, gatazka eta egoerak larriak bizi ditugunean, non zoritxarrez, ados ez gauden gauzak salatu eta esateko oso kuraiatsua behar den izan", adierazi du eskola nagusi horretako buruak. Laurentzi Odriozola 1939an Euskal Herritik Venezuelara erbesteratua iritsi zen belaunaldiko gazteenetakoa da, hilabeteak zituela heldu baitzen, gurasoekin, gerora bere egin duen herrialdera.
Gehiago irakurri...
2010/03/15

Gaur arratsaldean ekingo zaie 2010 ikasturte berriko euskara eskolei hiriburu paraguaitarrean. Abenduan bukatu zen ikasturteari amaiera polit eta ondorio positiboduna eman ondoren, Asunciongo Jasone Euskal Etxea irrikaz ari da eskola berriak noiz hasiko zain, euskara ikasten hasi den taldea gehienbat oinarrizkoa bada ere, gogo handiz eta iaz emandako urratsak berritu, areagotu eta sakontzeko asmo biziz baitator, euskal elkarteak buletin honi jakin arazi dionez. Eskolak Asunciongo leku berean gauzatuko dira, esan nahi baita Euskal Etxearen egoitzan, lehenengo hitzordua gaur iluntzeko zazpi t'erdietan izango delarik. Euskara eta euskal kultura ezagutzak eskuratu edo hobetu nahi dituzten jendeak oro daude gonbidatuta.
Gehiago irakurri...
2010/03/12

Buenos Aires argentinar hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxeak urtebetetze eguna dauka bihar, biharko egunez, baina 1877ko martxoaren 13an sortu baitzuen gaur egun lanean segitzen duen munduko euskal etxerik zaharrena den hau 13 gazte euskaltzalek osatutako talde batek. Hilabete batzuk lehenago, Montevideon, izen bereko elkarte bat sortua zuten Uruguaiko euskaldunek, baina euskal etxe harek ez zuen iraungo eta Buenos Aireskoak segitzen du indarrean, 1904tik hona gaur egungo orube berean eta 1939tik egungo eraikin berean. Aro modernoko euskal etxerik zaharrenaren 133 urteak ospatuko dituzte Laurak Bateko kideek, bihar arratsaldez gauzatuko den egitarau bati segituz.
Gehiago irakurri...
2010/03/12

Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzak eta Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanen alorrean daraman jokabidea aztergai izan dira aste honetan Legebiltzarrean, batetik, eta prentsan, bestetik. Joan den asteartean, Facebook-en eta interneteko beste foro batzuetan oihartzuna izan duen artikulu bat plazaratu zuen Deia egunkari jeltzaleak, Jaurlaritzaren Argentinako ordezkariak FEVA hauteskundeetan eragin nahi izan duela salatuz. Bestalde, gaur bertan, galdera luzatu dio Legebiltzarrean Andoni Ortuzar-ek Patxi Lopezi Kanpo Harremanen alorrari buruz baita ere. Bi artikuluak ekarri ditugu orri honetara.
Gehiago irakurri...
2010/03/12

Euskal Herriko bertso txapeldunak, Maialen Lujanbiok, eta txapeldun ohiak, Andoni Egañak, San Frantziskon kantatuko dute bihar, hiri iparramerikar horretako Euskal Etxearen 50. urteurrena ospatzeko. Europatik propio ekarritako bi bertsolariokin batera, bertako lau bertsolari ere taularatuko dira: Johnny Kurutxet eta Gratien Alfaro (San Frantziskokoak), Martin Goikoetxea (Rock Springs, Wyoming) eta Jesus Goñi (Reno, Nevada). Ikusmin handia piztu du bertso saio honek eta alimaleko giroa espero da bihar San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en. Antolatzaileek ahalegin berezi bat egin dute, eta parte hartzaileetako asko euskaradunak izango badira ere, 'ingeleseratze' zerbitzu bat ere saiatu dira ipintzen. Lan horretan lau pertsona arituko dira, txandakatuz, aitzindaria izango den esperientzia batean.
Gehiago irakurri...
2010/03/12

Aiara Dantza Taldea 1984ean jaio zen Amurrion, Amurrio eta Aiara bailara osoko kideek sortuta. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak egiten dituzte jarduera handiko dantzari hauek, kasu gehienetan haiek euren ikuskizunak sortuz. Joan den urtean, taldea Aiarako 24 herrietan aurkeztu zen konpainiaren 25. urtemuga ospatzeko. Aurten, berriz, urrunagora joatea erabaki dute eta datorren martxoaren 27an lurreratuko dira Argentinan. Hemen Aberri Eguneko hainbat ekitaldietan arituko dira, baita Llavallolgo Euskal Echea Institutuan, Euskaltzaleak-Eusketxe-Ekin erakundeen egoitzan eta Iparraldeko Euskal Etxean ere. Euskal Echea Institutukoa izan ezik, beste aurkezpen guztiak Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldearekin batera egingo dituzte gazte arabarrek.
Gehiago irakurri...
2010/03/12

Buruzagitza berritu du Uruguain, 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxeak, izen bereko herrian. Maria Cristina Juanena Beraza da elkarteko lehendakari berria eta berarekin batzordekide dauzka Maria Angela Juanena Beraza, lehendakariorde; Gabriela Erburo, idazkari; eta Margarita Barreda, diruzain, beste zenbait karguren artean. Bestetik, aipatu beharrekoa da joan den asteazkenean, martxoaren 10ean, EEko lehendakariorde eta artista plastikoa den Angela Juanena --sormen eskolak Euskal Etxearen egoitzan ematen ditu-- ohoratu dutela Salto Departamentuko agintariek, nafar jatorriko sortzailearen ibilbidea azpimarratuz. Zorionak Saltoko euskal batzorde berriari, eta Angelari jaso berri duen ezagutzagatik.
Gehiago irakurri...
2010/03/11

Urtebete pasa da joan den urteko martxoan Euskal Herrian jende multzo batek Diasporaren aldeko elkarte bat sortu nahi zuela esan eta lehenengo dei publikoa Hernaniko Biteri Eskoletan finkatu eta ondoren bazkari herrikoia Hernani bertako sagardotegi batean egin behar zuela iragarri genuenetik. Urtebete pasa, eta lehenengo urtebetetzea ospatu behar du orain, leku berean, Biteri Eskoletan, ordu berean, eguerdiko hamabietan, bildu eta elkarrekin solastu eta ideia batzuk partekatu ondoren, ordu biak aldean bazkaltzera joateko, oraingoan Itxas-buru sagardotegira. Martxoaren 27an, larunbata izango da. Nahi duenak, elkartearen webgunean topa ditzake xehetasunak eta izena emateko bidea.
Gehiago irakurri...
2010/03/11

Martxoaren 15ean hasiko dira kirol ekitaldiak La Plata hiri argentinarreko Euzko Etxea Euskal Etxean. Futbolean, Athtletic-eko Eskolaren ekimena, euskal jatorriko gazteei ezezik La Platako gazte guztiei irekia da, eta futbolaz gain Hockey eta Pilota klaseak ere eskaintzen ditu. Futbolean, 6 urtetik gorako haurren entrenamenduak datorren astelehenean hasiko dira. Hockey klaseak, berriz, asteartean, 6 urtetik gorako neskei zuzenduta. Pilota paletako eskolak, berriz, lehenago, datorren larunbatean. Klaseetan neska-mutil guztiek har dezakete parte. Praktika guztiak euskal etxearen egoitzan izango dira, hiriko 58 eta 14 kaleetan.
Gehiago irakurri...
2010/03/11

Ematen du Eusko Jaurlaritza berria, euskal etxe eta gizataldeekiko, eta oro har Hegoameriketako herrialdeekiko harremanetan gogor eta indartsu ari dela, edo hala dirudi behintzat ikusiz bere ordezkari eta kargudunetako batzuk zenbat ekimen eta bisita ari diren garatzen bereziki azken asteotan, hala nola atzo aipatzen genuen Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren bisita Txile, Argentina eta Brasilera, Ana Urchuegia Txileko euskal ordezkari barriarena Txilera, edo Elvira Kortajarenaren bisitak, kasu honetan aste bakar batean, bederatzi euskal etxe argentinar bisitatu behar baititu. Hori, ahaztu gabe Lopez lehendakaria bera, bi aste barruko Brasilerako ostera, euskal ordezkaritza gehienbat ekonomiko zabal bateko buru.
Gehiago irakurri...